Durango 1936 Kultur Alkartea abian

Durango 1936 2008-10-16 15:52

Durango 1936 Kultur Alkarteak urriaren 24an egingo dan 1936-1939 bitartean askatasunaren alde burrukatu ziranen aldeko omenaldia aurkeztu dau gaur. Alkarteak urtebete inguru daroa lanean, igazko urte amaieran jaio zan-eta.

Durango 1936 Kultur Alkarteak urriaren 24an egingo dan 1936-1939 bitartean askatasunaren alde burrukatu ziranen aldeko omenaldia aurkeztu dau gaur. Alkarteak urtebete inguru daroa lanean, igazko urte amaieran jaio zan-eta.

Kontuak kontu, 70 urte baino gehiago pasau dira frankismoak gure herriak bizi izandako itxaropen aldia suntsitu ebanetik, eta gaur egun oraindino ez dakigu gauza handirik Errepublikaren eta Euskadiko Gobernuagaz batera askatasuna, justizia eta Euskal Herriaren nazino-eskubideak defendidutearren euren bizia eskaini ebenei buruz. Han eta hemen egin dira datu-batze txikiak eta ikerketa interesgarriak, baina Durangon eta Durangaldean oso gitxi egin da, Durangoko bonbardaketeari buruz egindakoa edo Otxandion eta Berrizen egindakoak kenduta. Hildakoen zerrendea bera be, esaterako, egin barik dago. Kontu honetaz ez da arduratu ez erakunderik, ez alkarterik. Errepresinoaren ikerketea be egiteko dago, eta historia bera zelan gertatu zan be bai.

Horrezaz gan, euren bizitza emon ebenei askatasunaren, justiziaren eta nazino-eskubideen alde, egundo be ez jake jentaurreko omenaldirik egin Durangon. Eta laurogeitaka badira behintzat. Munduko zein herrik ez deutse omenaldirik egin laurogeitaka biktimei? Zein herritako agintariek ez deutse gorazarrerik egin askatasunaren aldeko gudariei?

Era berean, 70 urte pasau dira inpunidadean holako krimenak, gaiztakeriak eta lapurretak egin zituenentzat. Horregaitik jaio zan Durango 1936 Kultur Alkartea, Durangon eta Durangaldean jazotakoa ikertzeko, sasoi haretako agiriak topetako eta batzeko, eta orduan faxismoaren biktimak izan ziranak ezagutzeko, omentzeko eta aldarrikatzeko.


Urriaren 24ko ekitaldia

Durangoko Ordena Publikoko kide Juan Eskubi (ELA-STV) 1938ko urriaren 24an Larrinagako (Bilbo) kartzelatik atara eta Derioko kanposantuan fusilau eben eguna da. Eskubik bonbardeautako Durangoko eguneroko bizimodua antolatzeko ardurea hartu zuen. Halan da be, 70 urtean ez jako omenaldirik egin. Egun hori aprobetxauta, ha bezela, askatasunaren alde burrukatzearren hildako, fusilau eta desagertutakoei egindako ahalegina eskertu nahi deutsegu.

Kontuak kontu, urriaren 24an, Plateruena Kafe Antzokia, arratsaldeko 20:00etatik aurrera:

1. Durango 1936 Kultur Alkartearen aurkezpena, euskeraz eta gazteleraz, alkarteko kide bik egingo dabena.
2. Hildakoen izen-abizenak irakurri. Alkarteko lau kidek egingo dabe.
3. Izen-abizenak irakurten diran bitartean txalapartea joko dabe.
4. Aurreskua dantzatuko dabe euren omenez.
5. Bertsolariak (oso labur): Unai Iturriagak eta Juan Mari Areitiok.
6.Okasinorako sortutako abestia danon artean abestuko da: 'Agurrik gabeak'. Doinua, Ander Ertzillarena da eta berbak, Unai Iturriagarenak.
7. Amaitzeko lore-eskaintza Tximinian.
8. Bide Ertzean-en kantaldia.

Era berean, urriaren 24tik 31ra bitartean 'Esklabutza frankismopean' erakusketea egongo da ikusgai San Agustin kulturgunean:


'Agurrik gabeak' kantua

Hogetamaseiko
sasoi ez hain urrinean,
luze joko eban aro
baltz baten ernamuinean
Hor dago Durango
gerra gordin-gordinean
Gaur balitza legez
askoren bihotzminean
Baziren, bagara,
Memoria da lotura
Ezin dogu ahaztu
Ta ez doguz ahaztu gura
Nork bere bandera
eta nork bere ideak,
burrukarantza joiazan
jente askoren bideak
Gertuko lagunak,
seme-alabak, senideak…
Zertaz harro egon
eukeen pertsona libreak
Baziren, bagara,
Memoria da lotura
Ezin dogu ahaztu
Ta ez doguz ahaztu gura
Askatasunaren
burruka beti da gatxa,
inguruotan laster zan
faxisten gerizpe baltza
Erruki sermoirik
ez zan entzun gero, antza
Haizeak ekarren
Herioren makil-dantza
Baziren, bagara,
Memoria da lotura
Ezin dogu ahaztu
Ta ez doguz ahaztu gura
Frentean jausiak
makinatxo bat durangar;
eroan eta sekula
agertu ez zirenak lar.
Gure memorian
egiten dabe deiadar,
Gaur ez ahazteko
ta gogoratzeko bihar
Baziren, bagara,
Memoria da lotura
Ezin dogu ahaztu
Ta ez doguz ahaztu gura
Zergatik ez dira
entzun euren aldarriak?
Zeinek mututu ete dauz
senideen eztarriak?
Historia ez dira
bakar-bakarrik harriak
Kabi hutsak dira
memoria bako herriak
Baziren, bagara,
Memoria da lotura
Ezin dogu ahaztu
Ta ez doguz ahaztu gura
Sarri historia
beteta dago guzurrez,
batzuen minez ta penez
ez dau esaten ezer bez
Gaur kantetan dogu
orrialde zaharrak errez
Bizia eskaini
zenduenon gorazarrez
Baziren, bagara,
Memoria da lotura
Ezin dogu ahaztu
Ta ez doguz ahaztu gura

(Doinua: Ander Ertzilla,
Berbak: Unai Iturriaga)

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu