Vicky Cristina Barcelona

Bizkaie! 2008-10-16 15:47   Zinema kritikak

Film honek maitasunean zoriontasuna topetako ezintasunaren ganean egiten deusku berba. Iparramerikar gazte bi, Vicky (Rebecca Hall) eta Cristina (Scarlett Johansson), Bartzelonara ailegau dira, udako oporrak pasetako. Bartzelonan bape konbentzionalak ez diran maitasun gorabehera batzuk biziko ditue, nortasun handiko Juan Antonio pintorearen eskutik.

- Zuzendari eta gidolaria: Woody Allen.
- Herrialdeak: AEB, Espainia eta Katalunia.
- Irupena: 96 minutu.
- Antzezleak: Javier Bardem (Juan Antonio), Patricia Clarkson (Judy Nash), Penélope Cruz (María Elena), Kevin Dunn (Mark Nash), Rebecca Hall (Vicky), Scarlett Johansson (Cristina), Chris Messina (Doug), Zak Orth, Carrie Preston, Pablo Schreiber.
- Argazkia: Javier Agirresarobe.
- Muntaia: Alisa Lepselter.
- Diseinua: Alain Bainée.
- Jantziak: Sonia Grande.

Iparramerikar gazte bi, Vicky (Rebecca Hall) eta Cristina (Scarlett Johansson), Bartzelonara ailegau dira, udako oporrak pasetako. Vicky andrazko zentzuduna da eta senargaia dauka. Cristina, ostera, abenturazalea da emozinoen nahiz sexuaren esparruan. Bartzelonan bape konbentzionalak ez diran maitasun gorabehera batzuk biziko ditue, nortasun handiko Juan Antonio pintorearen eskutik.

Film honek maitasunean zoriontasuna topetako ezintasunaren ganean egiten deusku berba. Juan Antonioren, haren neskalagun ohiaren eta turista biren arteko maitasun hirukiari esker, Woody Allenek betiko gaiak jorratzen ditu: pasinoa, zalantza moralak, existentzialismoa eta burgestutako gizarte baten ustezko intelektualismo zuria. Hori guztia umore zipriztinez horniduta dago, ondo baino hobeto. Alde horretatik Woodyren ohiko unibersoa, fabulak eta personaiak daukaguz… Eta urtean behin halango pelikula bat ikustea gogoko dogunontzat edo zuzendari honen zale garenontzat, kontakizuna ez da bape txarra, ez horixe!

Baina, onartu beharra dago istorioaren bilgarria guztiz bitxia egiten jakula. Euskaldunok lar ondo ezagutzen doguz Espainia eta Katalunia, eta ezin dogu sinistu, ezin dogu geure egin klixe eta topikoz betetako giroa. Gehiago gustetan jaku etxe orratzen uriko neurotiko eta intelektualen ganean emoten dauen irudia, beharbada guretzat ezezaguna dalako, beharbada leku ezezagun batera eroaten gaitualako… Oraingoan, zoritxarrez, Woodyren adikunea ez da gure errealidadeaz, gure imaginarioagaz buztartzen eta horretan egiten dau huts.

Kontuak kontu, nik gurago dot lehenengo zatiagaz geratu, gurago dot betiko personaia obsesiboakaz gozau, gurago dot Bartzelonan barik New Yorken jarraitzen dodala pentsau. Halan ikusita, pelikula ona begitanduko jatzue, betiko Woody Allen zoragarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu