Lan arloan euskerea sustatzeko Eralan ikerketa-proiektua aurkeztu dabe
2008-10-15 15:39 Euskerea berbagaiUrte bi eta erdiko lana jasoten dauen Eralan ikerketa-proiektuan oinarritutako liburua argitaratu dabe. Lan arloan euskerearen erabilerea aztertzen da bertan. Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Soziolinguistika Klusterra dagoz proiektuaren atzean.
Urte bi eta erdiko lana jasoten dauen Eralan ikerketa-proiektuan oinarritutako liburua argitaratu dabe. Lan arloan euskerearen erabilerea aztertzen da bertan. Aurkezpenean, Bizkaiko Kultura diputadu Josune Ariztondo, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari lanetan Josean Amundarain eta EHUko irakasle eta proiektuaren zuzendari Jose Inazio Marko izan dira.
'Euskera planak martxan dagozan enpresetan erabilerearen egoerea aztertu da proiektuan, azaldu dau Markok. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzinoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta Soziolinguistika Klusterraren erabateko lankidetzea izan dabe. Ganera, hainbat erakundek parte hartu dabe proiektuan, 'arlo desbardinetakoak, Fagor-Arrasate, Emun edota LAB sindikatua, besteak beste'.
Ikerketa-lanaren lau oinarriak honako honeek dira: ezagutzea, barrikuntzea, kolaborazinoa eta parte hartzea. 'Erronkei erantzuna emon ahal izateko, ezinbestekoa da ezagutzea; barrikuntzea da helburua, beti aurrera begira gagoz; estamentu desbardinen arteko proiektua izan da; eta, azkenik, proiektuan hainbat langilek parte hartu dabe'.
Emoitzak
Lau emoitza edo produktu aitagarri nabarmendu ditu Markok: 'corpus teorikoa, aldagaien matriza, ikerketa interbentzionak eta metodologia'. Azken emoitza horretan sakondu gura izan dau zuzendariak: 'EPEsA izeneko metodologia garatu dogu, lan arloko hizkuntza erabileran eragiten daben aldagaietan oinarritutako Euskera Planetan Esku-hartze Analitikorako metodologia; horren bitartez, ekintza eta analisia buztartzen eta bultzatzen dira'.
Jardunaldiak
Ariztondo diputaduak aurreratu dauen legez, zemendiaren 13an, Zamudioko Teknologia Parkean, Eralan ikerketa-proiektuan oinarritutako jardunaldiak izango dira, 'batez be euskera teknikariei baina baita interesa dauen edozeini zuzenduta'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!