Xabier Diharce, 'Iratzeder' euskaltzain osoa hil da
2008-10-13 14:42 Euskerea berbagaiXabier Diharce, 'Iratzeder' euskaltzain oso emeritua gaur hil da, Beloken, 88 urte zituala. Haren aldeko hileta-elizkizuna urriaren 15ean, eguaztena, izango da Beloken, Urt/Ahurti herrian, Beneditarren komentuko eleizan, goizeko 10:30ean.
Xabier Diharce, 'Iratzeder' euskaltzain oso emeritua gaur hil da, Beloken, 88 urte zituala. Haren aldeko hileta-elizkizuna urriaren 15ean, eguaztena, izango da Beloken, Urt/Ahurti herrian, Beneditarren komentuko eleizan, goizeko 10:30ean.
Xabier Diharce, 'Iratzeder' ezizenez ezagutzen dogun idazle eta euskaltzaina, Donibane Lohizunen jaio zan, 1920ko urtarrilaren 4an. Uztaritzeko eta Baionako Seminarioetan egin zituan apaiz ikasketak. Hogeita bat urte zituala, Belokeko beneditarren komentura joan zan. Lau urte geroago, 1945ean, bertan abadetu zan. 1948tik 1968 arte beneditar nobizioen maisu izan zan; gero priore eta 1972an abade izentau eben. Hamabost urtez izan zan Belokeko abade. Gero, 67 urte zituala, 1987an, Afrikara joan zan, Dahomey estaduko Zagnanado komentura, baina hamazazpi hilabete geroago barriro Belokera bueltau zan eta hor bizi izan da azken arnasa hartu arte.
Hamabi urte zituala hasi zan Iratzeder lehenengo letrak euskeraz idazten. Berak behin baino gehiagotan kontau izan dauenez, adin horregaz aitarengana jo eban eta abadea izan gura ebala esan eutson. Aitak, barriz, horretarako euskera nahikoa ez ekiela erantzun eutson. Eta egun haretan hasi zan Iratzeder bere euskerea hobetzen. Ahal zituan euskal kanta guztiak ikasteari ekin eutson orduan, 250 kanta inguru ikasi zituan. Eta, ikasi ahala, olerkiak egiteko gogoa biztu jakon.
Uztaritzeko seminarioan sartu zanean, 13 urteko mutikoa zala, Lafittek hartu eban meza-laguntzaile eta berak irakatsi eutson bertsoak egiten. Handik urte batzutara, 1938an, hainbat idazlek Aintzina aldizkariaren bigarren aldiari emon eutsen hasierea, horreen artean Mark Legassek eta Piarres Xarritonek, baita Iratzederrek berak be. Bertan publikau zituan poema batzuk, baita 'Le Courrier de Bayonne' eta 'El Día' Hego Euskal Herriko egunkarian.
1937an, Gernika bonbardeau ebenean, poesia bat idatzi eban eta Euzko Deya-ra bialdu: ezizen baten beharra ikusi eban eta Iratzeder aukeratu eban. Ordutik hona ez dau inoiz itxi.
Iratzederren poesian bi konstante agertzen dira: Euskal Herria eta Jainkoa. 'Jainkoaren amodioz maite dot Euskal Herria. Amodio bi horreek bat eginik dagoz nire baitan', esan eban askotan. Belokeko komentuan 'Ezkila' argitaletxea sortu eban, baita 'Otoizlari' euskerazko aldizkaria be. Aldizkari hori urte askoz plazaratu eban, Corde Magnoîrekin batera. 'Salmoak' obra nagusiaren egokitzaile be izan zan Iratzeder.
1953ko urtarrilaren 1ean euskaltzain urgazle izentau eben eta 1962ko garagarrilaren 27an euskaltzain oso, J. Elissalderen partez. 1963an, Beloken, sarrera berbaldia egin eban, 'Belokeko euskal bidea' gaiaren ganekoa. Piarres Lafittek erantzun eutson. Urte bete geroago, bere Salmoak argitaratu zituan. Adituen esanetan, Salmoen euskal itzulpenik onena da. Kanta askoren letrak preparau ditu, Gabriel Lertxundi beneditarragaz batera lehenengo eta berak bakarrik gero. Urteaga, Garbizu, Olaizola eta Bengoa musikalariek musika jarri deutsie kanta horreei. Aita Donostiak musikautakoak be baditu.
Sariak
-Eskualtzaleen Biltzarrak 'Zakalar' poemeagaitik lehenengo saria emon eutson.
-Eskualtzaleen Biltzarrak 'Pindar eta Lano' poesia bildumeagaitik olerki saria emon eutson.
-EIZIEk 'Itzultzaile ohorezko' izentau eban 1991n.
-Sarako Idazleen Biltzarrak omenaldia egin eutson 1994an.
-Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria emon eutson 1994an.
Argitaratutako lan nagusiak
-Azkalar (1939)
-Itsasora (1940)
-Pindar eta Lano 1938-1941 bitarteko poemak
-Tontoteiko hiru semeak (1947)
-Jarraik niri (1947)
-Eguerri (1941)
-Mortutik oihu (1947)
-Piztu saiku, Maria eta Kurutzea (1951)
-Ezkila eta Xirola (1951)
-Herri mina (1952)
-Meza sainduko kantikak (1953)
-Pasionea (1954)
-Harrapallu (1955)
-Eguerri (1956)
-Argiz argi (1957) 1947-1957 bitarteko poemak
-Zeru-Menditik (1957)
-Salmoak (1963)
-Nire etxean hiru sorgin (1966)
-Sauveur Candau (1966)
-Eskual Herria eta Jainkoaren gizaldea (1968)
-Uhaineri nagusi 1959-1971 bitarteko poemak
-Himno Berri (1972)
-Nor da hor (1975)
-Fededunen arbasoa (1977)
-Beteleko aldarea
-Dabid, artzain eta iheslari (1982)
-Jaunaren hegala (1983)
-Biziaren olerkia (1983)
-Oroitzapen purruxkak (1983)
-Berri ona salmo-kantutan (1984)
-Amen besta (1984)
-Dabid eta Abzalo (1986)
-Otoitz eta gudu (1988)
-Lur Sainduan hamar egunez beilari (1990)
-Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991)
-Beloke-ko Abatetxearen historia (1993)
-Biziaren gudaldia (1997)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!