Haritz Rodriguez: 'erronka nagusiak web semantikoaren bidetik etorriko dira'

Koldo Isusi Zuazo 2008-10-13 14:03   Barriketan
Euskaltubeko administratzailea

Euskaltube Youtube arrakastatsua oinarri hartuta diseinautako webgunea da, bideoak konpartiduteko euskera hutsezko lehenengo webgunea, 2007ko irailean Interneteko euskal bideosormenaren erreferente nagusi bilakatzeko asmoagaz jaio zana.

Interneteko erabiltzaileei euren bideoak bialdu eta ikusteko aukerea eskaintzen deutse eta euskal gizarteak Web 2.0 tresna propioak erabili ahal izateko dauen beharretik sortu zan proiektua.

Euskaltube edozein hizkuntzako erabiltzaileentzako sortu arren, sistemea euskera hutsean dago, sarean hizkuntza honen erabilerea sustatzeko helburuagaz.

Kontuak kontu, urtebete honetako gorabehera, datu, burukomin, bihar-etzirako erronka eta enparauez hona hemen Haritz Rodriguezek kontau deuskuzanak:


1.- Urtebetean 550.000 bisita, webean ia bi mila bideo jarri eta ia 1500 erabiltzaile erregistrau jatzuez. Espero zenduzan holako datuak orain urtebete?

Orain urtebete webgunea martxan jarri nebanean, ez nekian zein izango zan zehatz jentearen erantzuna. Nik baneukan harrera ona izango ebanaren itxaropena. Eta, webgunearen izaereagaitik beragaitik, albisteak berak oihartzun dezente izan eikealakoan nengoan. Baina hori inoiz ezin da jakin. Denporeak erakutsi dau Euskaltube bideragarria dala, eta oso pozik nago jenteak emon dauen erantzunagaz.


2.- Euskal gizarteak Web 2.0 tresna propioak erabili ahal izateko dauen beharretik sortu zan proiektua baina lehendik egoan plataforma indartsuan oinarrituta. Youtube, Google Video eta holakoen aurrean, horrenbesteko beharra egoan? Danantzako lekua dago Sarean?

Jakina danontzako lekua dagoela sarean. Euskaltube ez zan jaio Youtuberi konpetentzia egiteko, ezta gitxiago be. Eta hasieratik esan genduan hori. Beharra baino gehiago, nire nahia zan bideoak partekatzeko webgune euskaldun bat sortzea. Ez dakit, batzutan iruditzen jat gehiegi filosofatzen dogula beharren eta egokitasunaren inguruan. Interneten, miloeka gauza sortzen dira egunero. Bideoak partekatzeko milaka webgune desbardin dagoz, tematikoak, lokalak, komunidade jakin bateko kideak batzen dituenak… Euskaldunok zergaitik ez genduan ba geurea izan behar? Ez gara hain desbardinak, guk jasoten doguz sareko joeren eraginak, eta horren erakusle da webgune hau. Euskaltube proiektu personala da, nik holan gura izan nebalako. Internetek askatasun hori emoten deusku. Sarritan, baliabide gitxigaz, gauzak egiteko aukerea. Gero, denporeak esaten dau baliogarria dan ala ez. Hasieran nire buruari jarritako helmugea bete dauela esango nuke.


3.- Sano globalizatua dagoan Sarean eta gizartean, Euskaltubek izaera lokalari eusten deutso baina Euskaltubera igotako bideoek ez dabe zertan euskeraz eginak egon beharko, Euskal Herriagaz lotutako edozein bideo igon daiteke...

Euskaltubera edozein bideo igon daiteke, ez bakarrik Euskal Herriagaz zerikusia dabenak. Erabiltzaileak berak erabagiten dau zer igon gura dauen. Eta, zentzuzko mugen barruan, erabiltzaileek askatasun osoa dabe nahi dituen bideoak sareratzeko, hizkuntzaz edo kokapen geografikoaz harantzago. Esan behar dot, gainera, oso pozik nagoala erabiltzaileek egin daben erabilera egokiaz. Danetariko bideoak dagoz.


4.- Lehenengo urtebetetzeagaz batera, barrikuntza ugari dakarz euskaltubek, logotipoa ez eze baita gunearen diseinu osoa be. Zergaitik? Zeintzuk dira helburuak?

Helburua Euskaltube.com webgunea bizirik eta etenbako garapenean mantentzea da. Interneten proiektu batek aurrera egin gura badau, etenbarik barritu behar da, hobekuntzak gaineratu behar jakoz. Gainera, hasierako diseinua eta sistemea apur bat mugatuak ziran, eta erabiltzaileakazko zor hori genduala uste neban. Horregaitik barritu dogu Euskaltube eta, egun, askoz be itxura eta sistema osotuagoa dauka.


5.- Bideo streaming-a, bideoak kargatzeko abiadurea, azken baten, erabiltzaileak kalidadea esijiduten dau. Horretan, zelan dabil euskaltube?

Abiadurea hobetzea izan da geure lehentasunen artean nagusietakoa. Eta, aldaketa desbardinak eginez, hori be asko hobetzea lortu dogula esango neuke. Baina, abiaduraz gan, jenteak asko eskatzen dauena bideoen kalidadea hobetzea da. Kalidadea jaitsita abiadurea azkartu daiteke. Baina oreka bilatzean dago gakoa.


6.- Barrikuntzakaz jarraituz, bideoak ez eze, audioak be sareratzeko aukerea zabaldu dozue. Audioarenak plataforma berezia mereziduko leuke?

Ez dakit audioak plataforma berezirik beharko leuken ala ez. Euskaltuberen kasuan, uste dot audioa eta bideoak buztartzea formula egokia dala. Are gehiago kontuan hartzen badogu ez dagoela audioak partekatzeko webgune jakin bat. Uste dot gehigarri polita dala audioarena, eta dagoeneko hainbat dira igon diran irratsaioak eta bestelako entzuteko materialak.


7.- Sarera daitekezan ikus-entzunezko fitxategietan be aurrera pausu handia emon dozue. Eskuko telefonoek darabilten 3gp muetako fitxategiak be onartzen dozuez. Ez dago atxakirik, beraz, edozeinek edozertaz eta edonondik bideoak bialtzeko baina zeozelako muga edo aukeraketarik egiten dozue jasotako bideoen artean? Bideorik baztertzen dozue?

Euskaltubera bialtzen diran bideo guztiak modu automatikoan argitaratzen dira. Horrek esan nahi dau ez dagoela aldez aurreko zentsurarik. Mugei dagokienean, momentuz 200 megako bideoak igon daitekez gehienez. Baina laster 300 megakoak be onartuko doguz. Egia da, administrazinoak bideoak ezabatzeko aukerea eta ahalmena dauela. Baina momentuz, lehen esan bezela, oso erabilera egokia egin dabe erabiltzaileek. Ez da bideo iraingarririk edo bestelako eduki mingarririk sareratu eta oso pozik nago horregaitik.


8.- Bideo zerrendak osotzeko aukerea eta RSS jarioen sistemea be eguneratu egin dozuez...

Bai, holan da. Aurrerapauso handia da hori. Bideo zerrenden bitartez, erabiltzaileek aldez aurretik aukera leikiez ikusi gura dituen bideoak, gura beste, eta gero bata bestearen atzetik ikusi, barriro zure bideoak aukeratzen ibili barik. RSSari jagokonez, lehen jario bakarrera harpidetzeko aukerea egoan. Orain, barriz, iturri nagusiaz gan, sistemeak kategoria, kanal, talde eta erabiltzaile bakotxeko RSS iturri berezia sortzen dau, hau da, gura dauenak erabiltzaile, kanal edo kategoria jakin bateko bideoetara harpidetu ahal izango dau.


9.- Euskaltuberentzat blogarien euskal komunidadeak berebiziko garrantzia dauka eta, berbarako, Euskaltubera igotako bideoak webgune personal eta blogetan txertatzeko aukerea dago. Erregistroa nahitaezkoa al da?

Euskaltubera bideoak bialdu edo bertako hainbat zerbitzu erabilteko (bideo zerrendak, gogoko bideoak gorde, iruzkinak bialdu eta edukiak bozkatu, esate baterako) beharrezkoa da erregistretea. Baina bideoak edozeinek ikus leikez, erregistrorik egin barik be. Blog edo webguneetan Euskaltubeko bideoak edozeinek txerta leikez. Horretarako, nahikoa da nik ‘kode enbotatua’ edo txertatzeko kodea kopiau eta html kodean inketea.


10.- Eguneroko informazinoaren garrantziaz jaubetuta, 'zu zeu kazetari' lemeari eustea izan daiteke bihar-etzirako bideetako bat? Ze erronka nabarmenduko zeunke?

Dagoeneko herri kazetaritza deitu izan jakonak zabalpen handia dauka, baita euskeraz be. Gero eta garrantzia gehiago dabe blogariek egungo informazinoaren gizartean. Hori nabarmena da. Erronkei dagokienean, nik uste dot orain erronka nagusiak web semantikoaren bidetik etorriko dirala, 3.0 sarea deitu izan jakon hori. Euskereak, orain artean bezela informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien onurak aprobetxau gura baditu, ezinbestean heldu beharko deutse erronka horreei, eta teknologia alorrean etorriko jakuzan beste batzuei be.

www.euskaltube.com/bloga

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu