Legeak agintzen dauena bete eta euskerea sustatzeko laguntzak banatu daizala exijidu deutsie hedabideek Nafarroako Gobernuari
2008-10-09 14:40 Euskerea berbagaiEuskerearen Legea indarrean sartu zanetik hogeita bi urte beteko diranean, eta Nafarroako Gobernuak Euskarabidea sortu dauen urte berean, foru administrazinoak ezelako laguntzarik barik itxiko ditu euren ohiko jardunean euskerea erabilten daben Nafarroako hedabideak.
Euskerearen Legea indarrean sartu zanetik hogeita bi urte beteko diranean, eta Nafarroako Gobernuak Euskarabidea sortu dauen urte berean, foru administrazinoak ezelako laguntzarik barik itxiko ditu euren ohiko jardunean euskerea erabilten daben Nafarroako hedabideak. Holan salatu dabe gaur Iruñean Nafarroako hedabideen ordezkariek eta euretako asko batzen dituan Nafarroako Topaguneak.
Azken urteotako ohiko prozedurea apurtuz, eta aurrekontu murrizketea atxakitzat hartuta, gobernuak argitaratu be ez dau egin euskerea darabilen hedabideei diruz laguntzeko deialdia, hedabide horreen bideragarritasun ekonomikoa egoera larrian jarriz.
Erabagia aurrekaririk bakoa izateaz ganera, Euskerearen Legea bera be urratzen dau, izan be, lege horrek bere 3. tituluan dino, Administrazino Publikoen zeregina dala 'hedabideetan euskerearen presentzia sustatzea', eta horretarako, 'laguntza ekonomiko eta materiala' bideratuko dauela hedabideek euskerea erabili daien ohiko jardunean. Berba horreetan era inplizituan onartzen danez, hedabideek ekarpen garrantzitsua egiten deutsie Nafarroako gizarteari: euskerearen normalizazino prozesuan funtsezko lana egiteaz ganera, gizartea trinkotzeko eta auzoak benetako komunidade bihurtzeko tresna ezin hobea dira hedabideok.
Kontuan hartu behar da 2008ko aurrekontuetan Euskarabideak, Euskerearen Nafar Institutuak, 310.000 euroko diru kopurua dauela aurreikusia helburu horretarako, baina, itxura guztien arabera, azkenean gauzatu barik geldituko dala. Jokabide horrek ezbehar larriak ekarriko deutsez hedabide guztiei, eta beren beregi euskera hutsezkoei. Hedabideok adierazo dabenez, diru sarrera hori aurreikusita eukien urteko aurrekontua bardindu ahal izateko eta 'hartu barik gelditu ezkero, begibistan dagoan defizita ekarteaz aparte, euskerazko hedabide askoren etorkizuna kolokan jarten dau'.
Hedabideentzat % 100eko murrizketea
Nafarroako hedabideen ordezkariek azaldu dabenez, ulertzen dabe egoera ekonomikoa ez dala ona, eta horri aurre egiteko ahalegina egin behar dala. Halan da be, gogor salatu dabe foru aurrekontu osoaren murrizketea % 4koa izan dan bitartean, euskerearena % 17koa eta hedabideena % 100ekoa izatea.
Era berean, gogora ekarri dabe saileko diru kopuruaren bilakaerea Aurrekontu Orokorraren batez bestekoarena baino nabarmen txikiagoa izan dala azken urteotan. Gauzak holan dirala, kopuru hori aurten 'golpe batez osorik kendu izana erabat onartezina dala azpimarratu dabe: 'diru partida hori geurea da berez, eta ez dogu onartuko egun batetik bestera kentzea'.
Amaitzeko, Nafarroako tokiko hedabideek eskaera zehatza egin deutsie gobernuari: legeak agintzen dauena bete eta lehenbailehen egin daiala hedabideetan euskerearen erabilerea sustatzeko diru-laguntza deialdia, eta banatu daiala berez hedabideei jagoken 310.000 euroko diru-poltsa hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!