Simulacro taldeagaz hasiko dira eguenean Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldiak
2008-10-07 18:37 Kulturea'Con el bulto en la espalda' kale ikuskizuna da, antzezten dan herri bakotxeko uri-paisajean inplikau eta kultura arteko alkarrizketea ahalbidetzen dauena. Zuzeneko musikea, testuaren poesia eta gorputz lana dira gaur egun pil-pilean dagoan mezua transmitiduteko erabilten dituan elementuak.
Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldiak eguen honetan, urriaren 9an hasiko dira Simulacro talde getxoztarragaz. Taldeak bere azken ikuskizuna aurkeztuko dau: 'Con el bulto en la espalda'. Ikuskizuna Algortako Geltokia plazan izango da, 19:00etan. Jardunaldiak urriaren 19ra arte luzatuko dira eta, horreetan, genero guztien eta publiko guztietarako 14 antzezlan eskainiko dira.
Antolatzaileek azaldu dabenez, 'Con el bulto en la espalda' kale ikuskizuna da, antzezten dan herri bakotxeko uri-paisajean inplikau eta kultura arteko alkarrizketea ahalbidetzen dauena. Zuzeneko musikea, testuaren poesia eta gorputz lana dira gaur egun pil-pilean dagoan mezua transmitiduteko erabilten dituan elementuak. Antzezlanak errefuxiatu eta etorkinen arazoei heldu deutse eta, aldi berean, egoera hori gure artean zelan bizi dan eta etorkinei zelako harrerea emoten jaken aztertzen dau.
Horrezaz gan, ikuskizunak ezagutu eta maite izan dauen guztia atzean itxi behar dauenaren lekuan jarteko iradokitzen dau. Bertoko zein kanpoko gazteei zuzenduta dago, gai horri buruz hausnartu eta aurreretxiz eta klixez betetako eguneroko errealidade hori, egunerokoa izan arren ezezaguna dana, bere orainaldia eta etorkizuna, beste ikuspuntu batetik azter daien.
Azkenik, guztiei, bertakoei, kanpotarrei zein ikusleei, bizi-esperientzia bat konpartiduteko eta, beraz, euren buruak hobeto ezagutzeko aukerea, beharbada euren barruan zeozer barria topetako aukerea emon nahi deutse.
Proiektuak, Caixa Catalunya Fundazinoak finantzautakoak, 'Encantado de conocerte' tailerra be badakar eta Getxoko Julio Caro Baroja Institutuko ikasleek (bertakoek zein kanpokoek) egingo dabe. Era berean, Getxoko biztanleek ikusi ahal izango dituen ikuskizunen artean egongo da; horrek, zeozelan, alkar ezagutzeko bideak bilatzen dituan jarrera barri bat sustatu nahi dau, bakotxak bere aldetik jarrai daian atxakiak sortzen dituan betiko jarrereari kontrajarrita.
Ikusleakazko egiazko komunikazinoa bilatzea asmo dauen taldea da Simulacro, euskal antzerkigintza indartsu eta interesgarria lortzeko ahaleginak egiten dituana. Bere partaideen ustez, taldea ideologia bat daben eta ikerketa komun bat egiteko alkartzen diran gizon eta emakumeek osotzen dabe. Simulacro konpainiaren abiapuntua egile garaikideen testuak dira, lan fisikoan oinarritutako interpretazino organiko eta egiazko baten bitartez landutakoak.
Fitxa tenikoa eta artistikoa:
* Gidoia eta zuzendaritzea: Arantxa Iurre eta Aintza Uriarte.
* Parte-hartzaileak proiektuan: Simulacro Teatro, Olga Ruiz (artista plastikoa), Katu Buru (perkusino taldea), bigarren mailako ikasleak.
* Antzezleak: Aitor Pérez, Ingrid Frande, Javier Liñera, Arantxa Iurre, Aintza Uriarte.
* Musikariak: Urtzi Nieva, Carlos Baiges, Jon Joseba Sarasua, Xabier Beldarrain.
* Argiak eta soinua: Patxi Pascual.
* Eszenografia: Olga Ruiz.
* Musikea: Urtzi Nieva.
* Produkzinoa: Simulacro Teatro.
* Laguntzinoa: Fundació Caixa Catalunya.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!