V. Bidaiariaren Txokoak munduan zehar egindako ibilaldi bitxietako protagonistak ekarriko ditu Bilbora

Bizkaie! 2008-10-07 15:56

Lehen personan aurkeztutako hitzaldi eta ikusentzunezkoakaz batera, hitzaldiak, munduko musiken emonaldiak eta euren kontura bidaiatu nahi dabenentzako tailerrak antolatuko dira.

'Bidaiariaren Txokoa' programearen bosgarren edizinoak bidaiari aparten balentriak eta gorabeherak ekarriko ditu barriro be, urrian eta zemendian, Begoñako Udaltegira. Lehen personan aurkeztutako hitzaldi eta ikusentzunezkoakaz batera, hitzaldiak, munduko musiken emonaldiak eta euren kontura bidaiatu nahi dabenentzako tailerrak antolatuko dira Txurdinagako Kiroldegiaren ondoan kokatutako Udaltegian. Hori guztia Justo Ezenarro Kultura zuzendariordeak aurkeztu dau gaur goizean, alboan ziklo honetako lehen hitzaldiko protagonistak zituala: Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe. Bidaiari honeek Bilboko Udaleko Prentsa Aretora ekarri dabe hiru urtez hara eta hona ibilteko erabili daben tandema.

Kontuak kontu, bihar, urriak 8, Eneko Etxebarrieta gasteiztarra eta honen emazte Miyuki Okabe japoniarra arduratuko dira hitzaldi-zikloari hasierea emoteaz. 2005eko zezeiletik aurtengo bagilera bitartean, 15.000 kilometro egin ditue tandemez Hegoamerikan zehar. Ibilaldia Miyukiren haurdunaldiagaitik eten behar izan eben, baina Patagoniatik Venezuelaraino egin eben bide luzean 500 artikulu baino gehiago eta 8.000 argazki inguru batu ditue. Horrexen aukeraketa txiki bat eskainiko dabe 'Tandem batetik mundua hurreratuz' izenburuko hitzaldian, bidaiarako erabili eben 'tandem etzana' —injineru brasildar batek bidaiarako propio diseinautakoa— aldamenean dabela.

Gasteiztik abiatuta, Eneko Etxebarrietak munduari bueltea emon eutson lehenengo aldiz, bakarka, 1999ko zezeilean. Hiru urtez eta 11 hilebetez, 35 herrialde zeharkatu eta 46.000 kilometro inguru egin zituan. Brasilen egindako egonaldian ezagutu eban emaztea. Arabako uriburuan ezkondu ziran, eta horren ondoren, kultura eta alkartasuna buztartzen zituan bira barri bat antolatzeari ekin eutsen. Unicef, Survival International eta beste GKE batzuen proiektuetan parte hartu dabe, Rio de Janeiroko txabolak bisitatuz, Brasilgo Lurrik Bako Nekazarien Mobimentura inguratuz edota yanomaliak, potiguarak eta pemoneak lako herri indigenen errealidadera hurreratuz. Gehiago jakiteko www.acercandoelmundo.com webgunera jo.


Emakumezko mendizaleak

Eneko eta Miyukiren hitzaldiaren ondoren, beste bidaiari batzuen esperientziak entzuteko aukerea be izango da. Hilaren 15ean, Txus Ruiz de Erentxun taularatuko da, Nilo Zurira kayakez egindako espedizino baten zehetasunak azaltzeko asmoz. Urriaren 22an, euskerazko hitzaldia eskainiko dau Marimendi kolektiboak. Taldea 2006an sortu zan, eta 40 urtetik gorako 19 emakume euskaldunek osotzen dabe. Mendiagazko zaletasunak alkartuta, garrantzi handiko tontorrak gainditu ditue azken bi urteotan, besteak beste, Mont Blanc Alpeetan, Ararat mendia Turkia aldean edo Elbrus mendia Kaukasoan. Zikloa amaitzeko, 2006ko udabarrian Vespa baten gainean Espainiako Bira egin eban Ander Izagirrek 'Vespaña' izeneko ibilaldia aurkeztuko dau hilaren 29an.


Erakusketak

Protagonistek aurkeztutako berbaldi eta ikusentzunezkoakaz batera, 'Bidaiariaren Txokoa'-k hiru erakusketa eskainiko ditu urrian Begoñako Udaltegian: Udalak antolatutako postal-lehiaketarako bialdutako irudiak —sariak banatzeko ekitaldia urriaren 8an egingo da Udaltegian bertan—; 'Canta Napoli' erakusketako marrazkiak, Eugenio Lasarte artistak 2008ko udabarrian Napolin eta Campaniako eskualdean zehar egindako bidaiaren bizipenak islatzen dituenak; eta Iparramerikako Route 66 autobide mitikoaren inguruko liburuak, bidaia-gidaliburuak, doinuak eta irudiak batzen dituan erakusketa bitxi bat udaltegiko liburutegian.


Bidaiak antolatzeari buruzko ikastaroa

Udal programa honen osogarri, martitzenetan eta eguenetan, bidaiak nork 'bere kabuz' antolatzeari buruzko ikastaro bat be antolatuko da, urriaren 21etik 30era bitartean erderaz eta zemendiaren 4tik 13ra bitartean euskeraz. Irakaslea Aitzol Alzibar bidaiari aditua izango da, partaideen arteko esperientzia eta informazino trukaketa sustatu eta eskola-ordutegiaren barruan fikzinozko bidaia bat antolatzea planteauko dauena, ibilbide jakin bat eta bisitetako moduko lekuak be zehaztuz. Abiatu aurretik ezinbesteko prestaketak eta oinarrizko alderdiak errepasetea da jarduera honen helburua, bidaia-agentzia konbentzionalek eskaintzen daben segurtasuna eta erosotasuna ez izateak ekar leikezan arriskuak ahal dan neurrian ebitetako asmoz.


Munduko Musiketako kontzertuak

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak beste kultura, ohitura eta jente batzuk era askotako begiraden bitartez erakusteko asmoz antolatzen dauen 'Bidaiariaren Txokoa'-ri amaierea emonez, zemendian, munduko musiketako zenbait emonaldiz gozetako aukerea izango da. Barikuetan egingo dira, iluntzeko zortzietatik aurrera, programako ganerako jarduerak egingo diran leku berean, Begoñako Udaltegian (Circo Amateur del Club Deportivo 2, Basarrateko metro-geltokia).

Ondokoak dira aurrikusitako emonaldietan taularatuko diran artistak: Baskaf taldea, Kamerun, Kongo eta Ekuadorreko musikariak batzen dituana; Sarabaya, Andeetako musikan espezializatutakoa, Peru, Bolivia, Ekuador eta Euskal Herriko musikariak tarteko dituana; Amaru, Afrika, Latinoamerika eta Euskal Herriko musikariak alkartuz hiru kontinenteetako erritmoak buztartzen dituana; eta Argentinako Chamuyo taldea, milongetan, tangoetan eta balsetan espezializautako hiru artistek osotzen dabena, dantzari-bikote baten laguntzaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu