Bota bertsoa!

Bizkaie! 2008-10-06 15:48   Bertsolaritzea

'Bota'. Lelo horregaz jatorku gaur aurkeztu daben Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. Oinarrian, txapelketeak orain dala bi urteko egitura bera izango dau baina aldaketa nabarmen bi izango dira: txapeldunari txapela BFAko ordezkari batek jantzi beharrean Jon Azpillagak jantziko deutso eta finala, Euskalduna Jauregian izan beharrean, BECen izango da, abenduaren 20an.

'Bota'. Lelo horregaz jatorku gaur aurkeztu daben Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. Prentsaurrekoan Jon Ugalde BBKren ordezkaria; Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputadua; eta Karmelo Uriarte, Bertsozale Alkarteko zuzendaria izan dira. Uriartek, aurkezpenean izandako babesleei eskerrak emon eta Bizkaiko Txakolina babeslea be gogoan hartu dau. Aurten, txapelketea urriaren 12an hasiko da Mendexan eta abenduaren 20an amaitu Barakaldon.

Josune Ariztondok zabaldu dau aurkezpen-ekitaldia eta bertsolaritzeak euskal kultureari, euskereari eta, Bizkaiko Txapelketearen kasuan bizkai euskereari egiten deutson onurea aitatuz hasi dau berbalditxua. Txapelketara begira, inoiz baino bertsolari gehiago izango dirala gogoratu dau, 'danetara, 62, igaz baino 8 gehiago'. Ostean, aurtengo txapelketearen ezaugarri bi azpimarratu ditu: 'batetik, Ipar Uribetik eta Durangaldetik etorritako bertsolarien gorakadea eta, bestetik, bertsolari gehienen gaztetasuna'.

Oinarrian, aurreko urteetan jarraitutako metodologia bera jarraituko da aurten be, baina tartean barrikuntza batzuk izango dira. Karmelo Uriartek azaldu deuskuz: 'batetik, Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostuta, aurten txapela bertso munduan zeozer aportau daben persona batek emongo dau: Jon Azpillagak; bestetik, orain dala urte bi Euskalduna txiki geratu jakun eta aurten finala BECen egitea erabagi dogu'. Azken aldaketa horretan ez dau lar sakondu gura izan Uriartek, batez be zifra kontuetan, aurreikuspen zehatzegiak egitea arriskutsua izan daitekelako. Euskalduna Jauregiko areto nagusian 2.200 lagun izan ziran Xabier Payak txapela jantzi eban egunean. BECera bertsolaritzea igaz ailegau zan lehenengoz, 13.000 ikuslegaz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketearen eskutik. Txapela Andoni Egañarentzat izan zan orduan. Abenduaren 20an jakingo da ikus-entzule kopurua zein dan.


Egiturea eta bertsolariak

Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko hiru bide dagoz: aurreko urteko finalistea izatea, inoiz finalista izandakoa izatea edota udabarrian egindako Eskualdeetako Txapelketetan sailkatzea.

Holan, 2006ko Bizkaiko Txapelketako finalisten artetik zazpik emon dabe izena: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igon Ajuria, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Xabier Paya. Horreek zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara.

Aurreko txapelketea baino arinagoko txapelketaren batean finalista izandako bik emon dabe izena: Igor Elortza eta Unai Iturriaga. Horreek kanporaketa fasean sartuko dira.

Azkenik, aurtengo Eskualdeetako Txapelketak honako bertsolari honeek irabazi ditue: Eñaut Intxaurraga (Arratia), Oihana Bartra (Bilboaldea), Xabier Enbeita (Busturialdea), Gorka Lazkano (Durangaldea), Mikel Petuya (Enkarterria), Gorka Ostolaza (Lea-Artibai) eta Arrate Illaro (Ipar-Uribe). Irabazleez gan, honako bertsolari honeek sailkatu dira Eskualdeetako Txapelketatik: Joseba Artza, Miren Amuriza, Iñaki Iturriotz, Eneko Abasolo, Mikel Galarza, Jabier Olibares, Iker Belaustegi, Garikoitz Sarriugarte, Jone Uria, Amaia Uribe, Ander Salaberria, Olatz Ibarluzea, Eñaut Uruburu, Arkaitz Zipitria, Manex Sagarna, Ander Elortegi, Itxaso Paia, Lander Ibarluzea, Julen Erezuma eta Xabat Galletebeitia. Ordezkoak Jon Barrocal eta Jokin Castaños izango dira.


Epaimahaia, gai-jartzaileak eta aurkezleak

Epaimahaia Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak izentau dau eta honako honeek osotuko dabe: Mirari Azulak, Ainhoa Munitxak, Asier Ibaibarriagak, Josu Telleriak, Moises Enbeitak, Paulo Markuerkiagak, Iñaki Aurrekoetxeak, Gorka Intxaurbek, Iñigo Gojenolak eta Asier Legarretak.

Gai-jartzaile eta aurkezle lanetan Maite Berriozabal, Zuriñe Iarritu, Josu Esnaola, Leire Aurrekoetxea, Leire Bilbao, Josu Goikoetxea, Argiñe Gonzalez eta Bernar Mandaluniz ibiliko dira.


Finalerako sarrerak

Txapelketea hasteagaz batera, salgai dagoz abenduaren 20an BECen jokatuko dan finalerako sarrerak. Erreserbak kanporaketa eta finalaurrekoetan, BBKren orotariko kutxazainetan, 94 431 0310 telefonora deituz edota www.botasarean.biz webgunean eros daitekez. Webgune horretan, bestalde, txapelketearen nondik-norakoen barri izango dozue.


Egutegia

Saio danak 17:30ean izango dira. Hona hemen egutegia:

Kanporaketak

- Urriak 12: Mendexako frontoian: Eñaut Intxaurraga, Xabier Enbeita, Eneko Abasolo, Garikoitz Sarriugarte, Olatz Ibarluzea eta Xabat Galletebeitia
- Urriak 18: Zeanuriko frontoian: Igor Elortza, Arrate Illaro, Iñaki Iturriotz, Iker Belaustegi, Eñaut Uruburu eta Itsaso Paia - Urriak 25: Muskizeko kultur etxean: Oihana Bartra, Mikel Petuya, Jabier Olivares, Peru Vidal, Ander Salaberria eta Julen Erezuma.
- Zemendiak 2: Larrabetzuko frontoian: Gorka Ostolaza, Joseba Artza, Miren Amuriza, Jone Uria, Arkaitz Zipitria eta Lander Ibarluzea
- Zemendiak 9: Zaldibarreko frontoian: Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Mikel Galarza, Amaia Uribe, Manex Sagarna eta Ander Elortegi.

Finalaurreak

- Zemendiak 23: Gernika-Lumoko Jai-Alai frontoian.
- Zemendiak 30: Markina-Xemeineko frontoian.
- Abenduak 7: Getxoko Santa Eugenia plazan.

Finala

- Abenduak 20: Barakaldoko BECen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu