Kepa Junkera: 'Estilo buztarketeari esker, kantek sonoridade barria hartu dabe'

Bizkaie! 2008-10-06 15:00   Barriketan
Musikaria

Bada herri musikari bat, non munduko herri guztiak ordezkaturik dauden, guztientzako etxe bat bailitzan. Horren guztiaren arkitekto eta igeltseroa Kepa da. Kepa. Kepa Junkera. Euskal musikagintzea munduan zabaldu dauen musikari bizkaitarrak Etxea izeneko disko berezia kaleratu barri dau. Berezia, trikitia protagonista izan beharrean, oraingoan protagonista nagusiak konbidautako musikari eta abeslariak diralako. Sekula euskeraz egin ez daben artistek euskal tradizinoko kantak abestu ditue CD bikotx honetarako.


1.- Proiektu danek daukie hasierea eta amaierea. Amaierea honezkero entzungai dago, baina, zein izan zan sorburua?

Orain dala urtebete euskal kanta tradizionalen ganeko lan bat egitea pentsau neban, euskeraz kantetan diran abestiakaz, askotan kantau, entzun eta, nire kasuan, erromerietan jo izan ditudanakaz. Musika instrumentalean hainbeste urte egin ostean, musikari-talde bat aukeratu neban, helburu nagusia kanta horreei ikutu barri bat emotea zalako.

Maila handiko musikariak konbidetako subertea izan dot, bidean geratu zan Jose Antonio Ramos tinple-jotzaile kanariarra, Michel Camino, Roberto Fonseca, Pedro Joia eta beste asko. Proiektuan gehien entzuten dan musika-tresnea pianoa da eta musikariek oinarri horren ganean kantetan dabe. Muga sozio-politikoak apurtzeko helburuagaz, diskoan parte hartzen daben profesionalak estadu mailakoak dira. Hainbat arlotako jentea konbidau dogu, batzuk ezagunagoak, besteak gitxiago, baina danak garrantzitsuak. Estrella Morente, Loquillo edota Miguel Bosé dagoz tartean, bai, baina Carmen París, Teresa Salgueiro dota Eliseo Parra be hor dagoz. Ekimena nahiko eklektikoa dala uste dot, artista eta kantari horreen guztien tinbreak agertzen joango diran kaleidoskopio antzekoa.


2.- Kepa Junkera eta trikia bat dirala esan geinke. Baina, disko barri honetan, pianoa gehiago entzuten dala dinozu. Asko kostau jatzu kanta batzuetan soinu txikia albo batera itxi eta zure lana produkzinoan finkatzea?

Nik trikia kanta gehienetan jo dot eta kanta gehienak trikiagaz joteko preparauta dagoz. Baina diskoan protagonismoa beste batzuei emon deutsiet, beste plano batean egon gura izan dot.

Nonor konbidaukeran, protagonismoa emon behar jako, konbidauaren lana garbi entzutea gustetan jat. Nik produkzino-ideiak zuzendu ditut eta ez dot bape arazorik izan kanta danetan ez joteagaitik.


3.- Zeintzuk izan dira sorkuntzatik grabazinorako bide horretan jarraitutako pausuak?

Proiektua maketa bategaz hasi zan, igaz. Betidanik gustetan jatazan kantak aukeratu eta grabau genduzan. Gero, maketa hori musikariei eta artistei bialdu geuntsen, bakotxari jagokon kantea proposatuta. Materiala jaso eta landu ostean, grabazinoakaz hasi ginan, apirilean, Jose Antonio Ramosegaz, Bilbon. Ostean, grabazinoak hainbat lekutan egin ziran, Habanan, Konpostelako Santiagon, Valladoliden, Bartzelonan eta Madrilen. Hainbat lekutan grabeteak aberasgarritasuna emoten deutso bideoklipari.


4.- Izan dozun erantzuna itxaroten zenduan artisten eta musikarien partetik?

Beti naz positiboa. Halanda be, oraindino, batzuk harrituta geratzen dira Murtzian kontzertua izan dodala esaten deutsiedanean; ez dabe sinisten murtziarrei bertoko musikea gustau ahal jakenik.

Kasu honetan, artista eta musikariakana jo nebanean, erantzunak 'Noiz?, Non? Zelan? Bialdu egidazu kantea' izaten ziran. Ez da ezelako aurreretxirik edo konplejurik egon, guztiz kontrakoa baino, oso ondo pasau dogu eta bideoklipean erakusten diran irudietan ikus daiteke hori.

Estrella Morentek, berbarako, Haurtxo txikia kantea alabeari kantetan eutsola esan eustan. Musikea, zorionez, unibersala da eta guk melodia zoragarriak ditugu, beste kulturek dituen moduan.


5.- Eta ze jarrera izan eben euskeraz kantetako orduan? Ze eretxi dabe melodien ganean?

Eurentzat erronka garrantzitsua izan da eta proposamena danek onartu eben, gogo onez ganera. Ilusinoz eta arduraz beterik ekin eutsen zereginari.

Melodiei jagokenez, zoragarriak dira eta, entzun ahala, artista eta musikari danek bat egin dabe doinuakaz. Batzuek, ganera, euren kulturetan antzekoak diran melodiak topau ditue. Izan be, musika mueta honeek unibersalak dira.


6.- Batzuei besteei baino gehiago kostau jake euskereara moldatzea?

Danek izan ditue euren gorabeherak baina maila oso altua emon dabe. Azpimarragarriena euren intentzinoa izan da, ondo egiteko gogoa eta disfrutetako nahia. Geu be ez gara horren zorrotzak izan, ez da azterketa bat izan, bakotxak bere ahoskerea dauka eta kitto.


7.- Ze kanta topau geinkez Etxea' diskoan?

Diskoan, kantak multzo bitan batzen dira: batetik, sentimentuz eta, batzuetan, tristeziaz beteriko kantek osotutako multzoa; bestetik, multzo alaiagoa, jantzarako kantakaz.

Danetara, 27 kanta dagoz, 20 pistatan, CD bikotx batean jasota. Tartean, Bermeoko Portua, Haika Mutil, Maitia nun zira, Uxo Zuria, Loriak udan... dagoz.


8.- Zelan buztartzen dira hainbat arlotako musikarien estiloak eta euskal kantagintzea?

Abots guztiak errespetau gura izan ditut, askatasun osoaz kantau dabe euren estiloan.

Musikariakaz, estudioan moldatu doguz kantak, partitura barik, modu naturalean, eta asko disfrutau dogu. Ez dogu denporearen bildurrik izan, ez musikariakaz, ezta abeslariakaz be, urten jakuna egin dogu.

Estilo buztarketa horri esker, kantek sonoridade barria hartu dabe eta horrek bere magia dauka.


9.- Bateren bateK ez dau gura izan parte hartu edo zuk gura izan dozun nonor ez dago diskoan?

Zorionez, danek esan eben baietz. Hiruzpalau dagoz ezin izan dabenak baina agenda kontuakaitik baino ez, nik proiektua zarratu gura nebalako.


10.- Nork harritu zaitu gehien?

Danek harritu nabe. Oso jente interesgarria egon da, Carmen París, Miguel Bosé, Santiago Auserón... Ez bakarrik kantetako kapazidadeagaitik, inguruan daukien guztiagaitik baino. Musikarien artean, maila handiko profesionalakaz egin dot lan baina beti egin izan dot lan musikariakaz eta, horregaitik, abeslariek harritu nabe gehiago. Oso bereziak izan dira danak.

Baina danak izan dira interesgarriak. Lluís Llach katalanagaz gauza bitxia pasau zan. Konbidapena egin neutsanean, ezetz esan eustan. Baina berarentzat zer neukan pentsauta jakin gura eban eta kantea bialtzeko eskatu eustan. Kuriosidade horrek harrituta itxi ninduan. Musikea albo batera itxita daukan musikariari kolaborazino bat egiteko aukerea eskaini eta kuriosidadez erantzutea pozgarria izan zan. Kantea bialdu neutsan eta emoitza diskoan topau zeinkie.


11.- Zergaitik Etxea izenburua?

Inoiz nire etxera bazatoz, zu gustura egoteko ahalegina egingo dogu, zeozer hartzera konbidauko zaitugu eta, behar izan ezkero, lo egitera be bai. Kontzeptua hori izan da. Oraingoan, helburua ahalik eta gehien emotea izan da baina, oraingo honetan, musikearen bitartez, kanten bitartez.

Etxea kontzeptua oso garrantzitsua da niretzat. Eregitea gauza oso sinbolikoa da, etxe bat eregitea. Etxea gure gotorlekua da eta, kasu honetan, kontzeptu hori aproposa zan proiektuak erakutsi gura dauen filosofiagaz bat datorrelako.

Bitxikeria moduan esan neike kantari bakotxari etxe bat margozteko eskatu deutsagula. Irudiz beteriko koadernoa hor nonbaiten dago.


12.- Diskoa berton ala estadu mailan entzungo da gehiago?

Ez dakit. Danetarik egongo da. Esan behar da lan honek kuriosidadea biztu leikela, honek edo hak euskeraz zelan kantetan dauen entzuteko gogoa. Baina lehenengo pausu horren ostean, nire helburua jenteak melodiagaz eta musika-lanagaz disfrutetea da, diskoagaz beragaz.

Lehenegoan, lagun batek esan eustan diskoa entzun eta gustau egin jakola, baita emazteari be, baina amari gehiago kostau izan jakola. Ez dakit. Espero dot ahalik eta jente gehienari gustetea. Nire helburua eregitea da.


13.- Horrenbeste kolaboratzailegaz, zuzenekorik egitea pentsau dozue eta, holan bada, zelakoak izango dira?

Apur bat garestia izango da, ezta? Batez be jateko kontuan!

Abenduaren 22an eta 23an kontzertu bana egingo dogu Bilboko Arriaga Antzokian. Diskoan parte hartu daben musikari eta kantari guztiak konbidau ditugu baina oraindino ez dakigu nortzuk etorriko diran. Lan berezia egingo dogu eta kontzertuok ongizatezko helburua izango dabe. Datak kontuan izanda eta horrenbeste artista barriro batzea gatxa izango danez, lortutako diruak nonbaiten zeozer eregiteko baliotea gura dogu; oraingino ez dakigu zer eta non.

Zuzeneko horreen ostean, kantak moldatuko dodaz kontzertutxuren bat edo beste egin ahal izateko baina horrenbeste konbidau barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu