Euskara 21 ekimenak 2.000 ekarpenetik gora jaso ditu

Bizkaie! 2008-10-02 11:50   Euskerea berbagai

Batzordekide nahiz herritarren ekarpenak jaso eta aztertu ostean, hiru lerro nagusi agiri dira ekarpenetan:

* Euskerea indarbarritzeko jarduna gizarte kohesinoagaz bateragarria da eta holan izan behar dau.
* Euskerearen bizibarritzearen zutabe nagusiak: adostasuna eta erritmo egokia.
* Euskerearen erabilerearen erronkan, esparru ez formalek aparteko garrantzia daukie. Horreetan jokatzen baita adierazgarritasuna eta naturaltasuna.

Bost hilebeteko ibilbide oparoa egin dau orain artean Euskara 21 ekimenak. Holan adierazo eben Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarako ordezkariek eta ekimeneko hainbat partaidek, lehen bost hilebete horreen balantzea egin eta aurrera begirako asmoak azaltzeko Donostian eginiko agerraldian.


Ibilbidearen laburpena

'XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak' aztertu eta zehazteko asmoz, Euskerearen Aholku Batzordeak apirilaren 29an abian jarritako Euskara 21 ekimenak bost hilebete egin ditu. Tarte horretan, prozesuak emaitza oparoak jaso ditu.

Alde batetik, 'XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak' izeneko Batzorde-atal bereziko kideek ekarpen aberatsak egin deutsiez batzorde iraunkorrak ondutako Oinarrizko Txostenari. Aitatu ekarpenak liburu banatan argitaratu dira euskeraz eta gaztelaniaz. Danetara, lau aldiz batzartu da prozesuan zehar Batzorde-atal berezia, orain arte egindako lanaren jarraipena egiteko.

Bost hilebeteotan, gai ugari jorratu dira, eta ikuspegi ugaritatik hitz egin dabe batzordekideek nahiz herritarrek. Adostasuna bilatzen dauen edozein prozesutan pasetan dan legez, ezadostasun zabalak nahiz jarrera kontrajarriak izan dira. Baina, oro har, alkar ulertzea izan da nagusi, eta parte-hartzaileek ahalegin berezia egin dabe nork bere jarrerea bestearengana hurreratu eta adostasunaren oinarriak jarteko. Esangura horretan, hizkuntza politikeari buruzko akordioa, beharrezkoa izateaz gan, lortzeko modukoa be badala esan daiteke.


Gogoetearen eduki nagusiak

Batzordekide nahiz herritarren ekarpenak jaso eta aztertu ostean, hiru lerro nagusi agiri dira ekarpenetan:

* Euskerea indarbarritzeko jarduna gizarte kohesinoagaz bateragarria da eta holan izan behar dau.
* Euskerearen bizibarritzearen zutabe nagusiak: adostasuna eta erritmo egokia.
* Euskerearen erabilerearen erronkan, esparru ez formalek aparteko garrantzia daukie. Horreetan jokatzen baita adierazgarritasuna eta naturaltasuna.

Bestalde, batzorde iraunkorrak balorazino oso positiboa egin dau ekarpenen inguruan. Izan be, oro har, akordio zabala dago Oinarrizko Txostenaren inguruan. Horrezaz gan, dokumentuak eztabaidea biztu dau, eta hori zan helburu nagusienetako bat. Hona Oinarrizko Txostenari egin jakozan ohar azpimarragarrienak:

* Zehaztasun handiagoa behar dau dokumentuak alor batzuetan.
* Desadostasun kontzeptualak be badira, kontsentsua, hizkuntza askatasuna, progresibotasuna edota antzeko esamoldeakaz.
* Ideia barriak jaso dira. Kasu gehienetan, Txostenean bertan dagozan ideiak dira, baina formulazino barri bategaz.


Aurrera begira

Batzorde-atal bereziaren azken batzarrean adostutakoari jarraituz, Oinarrizko Txostenari eginiko ekarpenetatik ataratako ideia eta gai nagusien araberako gaitegi bat osotu eta aurkeztu jake batzordekideei, honeek azken iruzkinak egin daiezan.

Iruzkin horreek, Batzorde-atalak zemendiaren hasieran egingo dauen batzarrean aurkeztuko dira. Hortik aurrera, Oinarrizko Txostena idatzi eban batzorde iraunkorrak txostena idazteari ekingo deutso abenduaren amaiera bitarteko epean.


Prozesua gizarteratzen jarraitzeko ekimenak

Duda barik, Euskara 21 ekimenak jakinmin eta interesa biztu dau euskal gizartean, eta, beraz, ekimena kudeatzen dauen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak erabateko konpromisoa hartu dau interes zabal-sakon horri erantzuteko behar diran zabalkunde-estrategiak mamitzeko.

Helburu horri jarraituz, urrian eta zemendian zehar hainbat aurkezpen eta mintegi egingo dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore nagusi eta lurralde guztietako talde, alkarte nahiz erakundeakaz. danetara, 15 saio inguru aurreikusi dira.


Euskara 21 eslogan lehiaketea

Euskara 21 markoaren barruan, beste ekimen bat martxan jarriko da: eslogan lehiaketa bat. Lehiaketa honen helburua honakoa da: euskerearen bizibarritzea eta herritarren arteko bizikidetzea era egokienean buztartzen dituan eslogana aukeratzea eta, aurrerantzean, Euskara 21 ekimenaren logoagaz batera erabiltea.

Urriaren 1etik zemendiaren 15era zabalik egongo dan lehiaketa honen gorabeherak, Euskara 21 webgunearen bidez jarraitu ahal izango dira. Bertan argitaratuko dira lehiaketearen oinarriak, eta han txertatuko da eslogan irabazlea, Euskara 21 logoagaz batera, esloganak islatzen dauen ideiak ondoetorria eman daiotsen webgunearen bisitariei.

Horrezaz gan, eslogan irabazlearen egileak 1.500 euroko saria jasoko dau, eta sari hori Euskara 21 gogoeta prozesua zarratuko dauen ekitaldian emongo jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu