Bizkaian, danetara 212 enpresa dabilz Bai Euskarari Ziurtagiriagaz beharrean

Bizkaie! 2008-10-01 15:55   Euskerea berbagai

Euskal Herri osoan dagoeneko ia 1.600 enpresa, saltoki eta era guztietako entidadek baino gehiagok eskuratu dabe Ziurtagiria. Zehatz mehatz esanda, 1.557 dira uneotan Ziurtagiria dabenak eta guztira 40.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean dabilzanak.

Arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko lanean dabil Ziurtagiriaren Elkartea Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez eta, esangura horretan, Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Alkarteko zuzendariak Bizkaiko enpresetan euskerearen eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren egoerea zein dan azaldu dau gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu barri daben EAEko eta Nafarroako FREMAPeko arduradunen testigantzea be entzun ahal izan da. FREMAPen euskereak dauen garrantziaren barri emon dabe eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko prozesua zelakoa izan dan azaldu dabe Zigor Artamendi FREMAPen EAEko eta Nafarroako koordinatzaile orokorrak eta Ioritz Etxeberria Bai Euskarari Ziurtagiriaren prozesuaren arduradunak.

Gutiérrezek garbi dauka euskereak onura argiak dakartsozala enpreseari. Bere esanetan, euskereak lehiakorrago eta profesionalago egiten ditu enpresak, izan be, enpresa horreek gehigarri bat daukie euskeraz egiteko kapaz ez diran enpresakaz konparauta, eta gainera euskerea gero eta gehiago erabilten dan gizartean egoera barrietara egokitzeko gai dirala erakusten dabe.

Kontuak kontu, Bai Euskarari Ziurtagiria euskerearen aldeko neurri zehatzak hartzen dituen entidadeak identifikau eta kreditatzen dituan tresnea da. Bizkaian 212 enpresa, saltoki eta era guztietako entidadek eskuratu dabe Ziurtagiria. Horreen artean, gainera, erakunde esanguratsuak dagoz: ABAO-OLBE (Opera Lagunen Bilboko Alkartea), Athletic Club, Azti Fundazinoa, Compañía Autobuses Vascongados, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Eroski S. Koop., Gaiker Fundazinoa, Fremap, Ecuador Bidaiak, Eroski Bidaiak, Vista Alegre Zezen Plaza, Euskal Herriko Surf Federazinoa, Arlan, Bankoa, Elkar, Euskadiko Kutxa, Skunk Funk... Horreek aldi berean bezero asko ditue, eta entidade erreferenteak dira Bizkaian. Beraz, Bai Euskarari Ziurtagiriak entidate horreetan ez eze, euren bezero saren be eragiten dau.

212 entidate horreetatik 33k 'zerbitzua eta lana euskeraz' maila eskuratu dabe, 67k 'zerbitzua euskaraz' maila, eta 112 'bidean' mailan dagoz. Bizkaian Bai Euskarari Ziurtagiria daukien entidadeak zein sektoreri jagokozan begiratuz, barriz, ondoko datuak ikusten dira: % 18 enpresa industrialak dira; % 25 merkataritza eta ostalaritza sailekoak; % 25 kultura, gizarte mobimentu eta kirolaren sailari jagokoz; % 7 hezkuntzeari eta % 23 zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira.

Euskal Herri osoan dagoeneko ia 1.600 enpresa, saltoki eta era guztietako entidadek baino gehiagok eskuratu dabe Ziurtagiria. Zehatz mehatz esanda, 1.557 dira uneotan Ziurtagiria dabenak eta guztira 40.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean dabilzanak.

Bai Euskarari Ziurtagiriak zortzi urteko ibilbide oparoa egin dauen arren, Ziurtagiria kudeatzen dauen alkarteak, hau da, Ziurtagiriaren Alkarteak urtebete pasatxo besterik ez dauka. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gestionetan eban aurrez Ziurtagiria. Baina, Bai Euskarari Ziurtagiriak 7 urteren buruan lortu eban arrakastea ikusita, Kontseiluaren ekimenez Ziurtagiriaren Alkartea sortu zan Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko.

Gutiérrezen esanetan, proiektu zabalagoa, konpartitua eta eraginkorragoa jarri zan martxan: 'Gestinoa optimizau nahi izan genduan eta optimizazino saiakera horrek emon ditu bere frutuak'. Urte honetan datozen lau urteetarako oinarriak finkatzen ibili da Alkartearen Zuzendaritzea. Horretarako, datozen lau urteetarako estrategia plana diseinau dau: 'Estrategia plan horrek aurrikusten dau datozen lau urteetan oraingo kopurua bikoizteko bidean izango dala Ziurtagiria. Horretarako, 2012rako lortu nahi dogun helburu nagusietako bat zera da: Bizkaian Bai Euskarari Ziurtagiriaren zabalpena areagotzea. Hori lortzeko 2009 urte hasieran martxan jarriko dogun plana diseinetan gabilz, eta plan horren barruan Euskal Herriko lurralde bakotxean zein helburu izango doguzan zehazten gabilz'.


FREMAP: 'Enpresak hobera egin daian emon doguz Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko pausuak'

EAEko eta Nafarroako FREMAPek eskuratu barri dauen Bai Euskarari Ziurtagiriak 3.500 enpresa eta 120.000 langile babesturi eragiten deutse.

Badira urte batzuk EAEko eta Nafarroako FREMAP euskerea enpresan txertatzeko pausuak emoten hasi zala. Euskerearen aldeko zenbait neurri hartu ditu enpreseak eta Bai Euskarari Ziurtagiria nahi izan dau egindako lan hori kreditatzeko.

Ioritz Etxeberria FREMAPeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren prozesuaren arduradunak azaldu dauenez, FREMAPek tokian tokiko errealidadera egokitzea garrantzitsua ikusten dau eta horretarako tokian tokiko hizkuntzak kontuan hartzen ditu: 'EAEko nahiz Nafarroako FREMAPen zentroetan ikusi dogu, gure bezeroek gero eta gehiago erabilten dabela euskerea eta behar horri erantzun nahi izan deutsagu. Horregaitik erabagi genduan Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko pausuak emotea'.

Etxeberriaren esanetan, Ziurtagiriagaz jentaurrean erakuts leikie euskerearen aldeko neurriak hartu dituela enpresan. Ziurtagiriak lagundu egin deutse gainera, enpresearen barruan euskerearen bilakaeran aurrera egin eta euskerearen txertatze maila handitzen.

Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko prozesuaren barruan zenbait aldaketa egin behar izan ditue FREMAPen: bezeroei emon beharreko dokumentazino asko euskera hutsean egotetik, bi hizkuntzatan egotera igaro dira; irudi korporatiboa gaztelaniaz ez eze euskeraz be jarri dabe; bezeroei emon beharreko formazinoa euskeraz eskain leikie orain; lankideen artean motibazinoa eta euskerearen erabilerea handitu dira; euskera batzordea sortu da...

EAEko eta Nafarroako FREMAPen zentroek Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeak 3.500 bezero eta 120.000 langile babesturi eragin deutse. Bezero horreetako batzuk ondokoak dira: Gamesa, Euskadiko Kutxa, Eroski, Fagor Elektratresnak, Ulma, Orona, Tenneco Automotive, Idom, Lantegi batuak, ITP, Auzo-Lagun, Jaso, Indar...

FREMAP lan arriskuen prebentzioaren sektoreko enpresa nagusia da eta estadu osoan prebentzioaren aholkularitzan lan egiteko baimena dauka. FREMAPek EAEn eta Nafarroan 10 bulego ditu eta 143 langile dabilz horreetan lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu