'Atlas Historikoa. Euskal Herria munduan' liburua kaleratu dau Elkar argitaletxeak.

Bizkaie! 2008-10-01 12:32

Euskal Herriko historiari 'gainbegiratu bat' emon gura deutso Eduardo Perez Rodriguezek eginiko atlas historikoak. Izaki bizidunen sorrerearen ganeko sarreratxu baten ondoren, Historiaurretik orain arteko Euskal Herriaren historia dau aztergai.

Eduardo Perez Rodriguezek eginiko 'Atlas Historikoa. Euskal Herria munduan' liburua kaleratu dau Elkar argitaletxeak. Euskal Herriko historiari 'gainbegiratu bat' emon gura deutso atlas historikoak. Izaki bizidunen sorrerearen ganeko sarreratxu baten ondoren, Historiaurretik orain arteko Euskal Herriaren historia dau aztergai.

Euskal Herriko historia oinarrizko erreferentziatzat hartu arren, gure historiaren azterketea egin ezkero, historia orokorraren hainbat pasarte eta atal ez litzatekez aitatuko. Horregaitik, itxuraz Euskal Herriagaz lotura zuzen-zuzenik izan ez daben hainbat herriren eta jazoeren barri be emoten da atlasean, liburu osoagoa izateko helburuagaz.

Besteak beste, honako atal honeen ikuspegi orokorra egiten da: lehenengo zibilizazinoak (idazketearen sorrerea, Mesopotamia, Egipto), Grezia, Erroma, Islama, Antxinako Erregimena, monarkia autoritariotik absolutismora, Amerikaren aurkikuntzea, Errenazimentua eta Barrokoa Europan edota Liberalismoa. Halanda be, Euskal Herriko historia da atlasaren muina eta horregatik jarri da azpitituluan 'Euskal Herria munduan'.

Beste alde batetik, atlas historikoak irakasgairako lagungarri izan gura dau. Historiak gizarteen bilakaera denporearen joanean zelakoa izan dan ulertzeko balio dau. Liburuan, gizarteen espazio-dimentsinoaren eta lurralde-osaerearen ganeko oinarrizko ideia batzuk emoten dira, bertokoak zein mundukoak.

Atlasa Gizarte Zientzietako ikasle gazteei zuzenduta badago be, Euskal Herriko historiaren ikuspegi orokor bat euki gura dauen edozein pertsonarentzat egokia da.

Eduardo Perez Rodriguez (Ciudad Rodrigo, Salamanca, Espainia, 1961), Gasteizen bizi da. Magisteritza eta Geografia-Historiako lizentziatura ikasketak egin zituan. Ikas-materialgintzan esperientzia handia dau eta, hainbat urtetan irakasle-lanetan ibili ondoren, azken urteotan Administrazinoan egiten dau lan, Hezkuntza Berriztatze arloan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu