BBKren hezkuntza-programek ikasturte barriari ekin deutsie Briñasko eta Sukarrietako egoitzetan

Bizkaie! 2008-09-30 14:30

BBKren Gizarte Ekintzaren ikasle bizkaitarrentzako hezkuntza-programak abiarazo ziran joan dan astegoienean Briñasko (Errioxa) eta Sukarrietako (Bizkaia) egoitzetan, aurtengo hari pedagogiko legez ekologia, alkartasuna eta komunikazinoa aukeratuta.

BBKren Gizarte Ekintzaren ikasle bizkaitarrentzako hezkuntza-programak abiarazo ziran joan dan astegoienean Briñasko (Errioxa) eta Sukarrietako (Bizkaia) egoitzetan, aurtengo hari pedagogiko legez ekologia, alkartasuna eta komunikazinoa aukeratuta. Bagilaren erdialdera arte, 11.000 bat gaztek euren trebakuntzea osotu ahal izango dabe BBKren Gizarte Ekintzak Bizkaiko ikastetxeei eskaintzen deutseezan ikastaroei esker. BBK-k Ingurumen Hezkuntzarako Zentroko ikastaroak eskaintzen ditu Sukarrietan, eta 'Zine aste bat' eta 'Uritartasuna, Alkartasuna eta Lankidetzea' Briñasen, egitasmoaren arduradunek jakinarazo dabenez.

Hezkuntza-programakaz aniztasuna eta alkarbizitzeagazko errespetua, ingurumena jagotea eta ikus-entzunezkoen zentzuzko erabilera baloreak zabaldu gura ditue neska-mutikoen artean.

Ingurumen Hezkuntzarako Zentroa Sukarrietako Gure Andra Mariaren egoitzan dago, eta LHko laugarren mailatik eta DBHko bigarren mailara arteko ikasleei zuzentzen jake. Sukarrietako ikastaroek natura hurreratuazo nahi deutse neska-mutikoei, eta ekosistemen orekea, naturearen baliabideen erabilera arduratsua, eta birziklatzearen eta birerabilerearen hainbat alderdi ezagutarazo be, beti be komunikazinoa eta alkarbizitzea lagun.

Ikasturte honetan jardueretan parte hartuko daben gazteek (5.000 inguru) bost programaren artean aukeratu ahal izango dabe astebeteko egonaldiek dirauten bitartean: Lurra (nekazaritza eta abeltzaintzearen ingurukoa), Basoa, Urdaibai itsasadarra, Planeta berdea (kontsumo ohiturei buruzkoa) eta, azkenik, Ura.

Era berean, 'Astegoiena Sukarrietan' programan parte hartu ahal izango dabe, Bermeoko portura bisita eta itsasontziko ibilia egin be Itsasoaren Egunean, baita nekazaritza hobeto ezagutu be Lurraren egunean.

'Zine aste bat' ikastaroan, BBKren Briñasko egoitzan, film bat egiteko aukerea emoten jake DBHko lehen zikloko ikasleei, komunikabideen erabilerea eta kontsumo arduratsuan sakontzen daben bitartean. Astean zehar, ikus-entzunezkoen munduko hainbat adituk lagunduta, DVD formatuko filma baten produkzinoko eta postproduzinoko lanak egingo ditue ikasleek.

Programan parte hartuko daben gazteak (2.500 gitxi gorabehera) informazinoaren teknologia barrien aukerez jaubetu ahal izango dira, eta aldi berean, jarrera arduratsuak, talde-lana eta alkarlana ezagutu.

'Uritartasuna, Alkartasuna eta Lankidetzea' ekimenaren bidez, munduari buruzko ikuspuntu anitzago eta errespetuzkoagoa zabaldu gura da DBHko lehen zikloko ikasleen artean; izan be horreek askotan ez baitira desbardintasun sozial eta ekonomikoez jaubetzen. Ikastaro hau Gizarte Zientzien jarduera osogarri moduan diseinau da, eta aurten parte hartuko daben 1.800 ikasleek erkaketa interesgarria egin ahal izango dabe, hain zuzen be eurek daukien bizi-mailearen eta euren edadeko gazteek munduko beste leku batzuetan ez daukienaren artekoa.

Ikasturte honetan hiru atal izango ditu programeak. 'Afrikan zeharreko bidaia' atalean, herrixka afrikarreko eta errefuxiatu eremuetako bizi-baldintza gogorrakaz esperimentauko dabe ikasleek.

'Hegoamerikako herrialdeak eta makilak' ikastaroan, barriz, Hegoamerikako enpresa txiki hareen antzeko baldintzatan lan egiten dabela imajinauko dabe. Era horretara, hango lanaldiak amaiezin eta nekagarriak izaten dirala jakin ahal izango dabe, eta langileak -adintxikikoak kasu askotan- produkzinorako lekuetan pilatzen dirala soldata kaskar baten truke.

'Beste mundu bat posible da' ikastaroan, bestalde, Nazino anitzeko Parlamentu batean arituko dira ikasleak, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko desbardintasunak aztertzen. Aste amaieran, lehenengo bi ikastaroetako parte-hartzaileak parlamentura doaz, euren arazoa mahai-gaineratzeko eta konponbideak eskatzeko. Azkenik, ikasle guztiek manifestu bat preparetan dabe alkarbizitzarako jarraibide zehatzakazko euren konpromisoa adierazoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu