Oskar Arana: 'euskerea kapaz da bere garaiko errealidadea azaltzeko'

Koldo Isusi Zuazo 2008-09-29 12:28   Barriketan
EIZIEko burua

Irailaren 30ean, Itzulpengintzearen Nazinoarteko Eguna ospatzen dala atxakitzat hartuz, Oskar Aranagaz, egun EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko burugaz jarri dogu hitzordua itzulpengintzaz, itzultzaileez eta euren burukomin eta erantzukizunez berba egiteko.

Oskar Arana aramaioarra azken aldion literatur itzulpenengaitik ezagutzen dogu eta, besteak beste, Paul Auster-en 'The Brooklyn Follies' ('Brooklingo erokeriak'), 'Travels in the Scriptorium' ('Bidaiak scriptoriumean zehar') eta 'Man in the dark' ('Gizona ilunpean), Woody Allenen 'Anarkia Hutsa' eleberria eta Jokin Zaitegi itzulpengintza sariketeari esker, John Maxwell Coetzee-ren 'Disgrace' (Lotsaizuna) euskaratuak ditu. Edozelan be, Zuzenbideko testuak euskeratzen be eskarmentu handikoa da. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Itzulpen Zerbitzu Ofizialean egiten dau behar.


1.- Hizkuntzea lanbide bihurtzea gauza polita da baina itzultzaile edo interprete ona izateko sen edo gaitasun berezirik behar al da?

Itzultzaileak ondo ezagutu behar ditu bere lan-gaiak, hizkuntzak, bai alderdi praktikotik zein teorikotik, azken horren bidez hizkuntza-baliabideei buruzko gogoeta eta espekulazinoa lantzen baitau. Ondo ezagutu behar dau itzuli behar dauen hizkuntza horrek adierazoten dauen erreferentea edo gaia, arloa. Ondo ezagutu behar ditu itzulpenerako lagungarri diran baliabideak, hizkuntza-arlokoak (hiztegi orokorrak eta espezializatuak, glosarioak, entziklopediak, papelean argitaratuak nahiz euskarri elektronikokoak edo sarekoak, geroz eta ugariagoak) zein dana dalako jakintza-arlokoak. Eta hizkuntzak jakiteari jagokozan trebetasunez gan, esango neuke oso lagungarri jakozala jakin-mina, kultureari buruzko interesa, munduko gorabehera politiko, ekonomiko eta zientifikoen barri izatea, eta, zenbait arlotan, literaturan kasu, holako sentikortasun bat, holako gaitasun moduko bat asmo artistikoa edo literarioa atzemoteko. Baita leialtasuna be, jatorrizko mezua ahalik eta zehatzen eta leialen emoteko.


2.- Itzultzaile ogibidea erantzukizun handikoa eta arriskutsua be izan daiteke, igazko Itzulpengintzearen Egunean nabarmendu zanez...

Erantzukizun handikoa da, bai, inoren ideiak eta mezuak zabaltzen ari zaranez xede-hizkuntzan, eta, arriskutsua be bai, bizitzaren arlo gehienetan ezinbestekoa baita alkar ondo aditzea edozer gauza aurrera atarateko. Alkarlanean edo alkar aditu nahian ari diranak hizkuntza desbardinetakoak diranean, horretan jarduten da-eta itzultzailea nahiz interpretea, eginahal bete-betean jardun behar izaten dau. Historian anekdota ugari dagoz itzultzaile nahiz interpretearen lan onaren edo zoritxarrekoaren ondorioz aldrebestu diran negozioazino, egitasmo edo eginbeharrei buruzkoak. Gurea lako gizarte batean, hedadura txikiko hizkuntza batek hedadura handiko bi hizkuntzen ondoan iraun behar dauenean, eta munduak daroan abiada horretara hurreratu nahi dogunean euskeraz, beste hizkuntza batzuetan sortzen diran jakintza, teknologia, literatura eta artea euskeraz gozetako aukerea emon nahirik, itzultzailearen egitekoak holako lan titaniko baten antza hartzen dau.


3.- Aurtengo egunerako, barriz, 'Terminologia: Berbek axola dabe' lema aukeratu dau Itzultzaileen Nazinoarteko Federazinoak. Zenbat eta jantziago, itzultzaile hobea, jakina... Nondik nora dator aurtengo lema?

Antza terminologoen lana hartu nahi dabe aintzat, esker txarrekoa izaten baita sarri. Terminologoen lana itzalean geratzen da, itzultzaile, interpretari eta hizkuntzearen arloko ganerako profesionalen lanerako lanabes lagungarriak lantzen jarduten baitira, emoitza berehalako eta ikusgarririk barik. Jakina da terminoek kontzeptuak batzen dituela, nazinoartean ezarritako prozedura baten bitartez estandarizetan eta finkatzen dirala, eta, zeozelan, jakintza-arlo batzuetan eta besteetan ziurtasunez eta zehaztasunez jarduteko behar diran berbak finkatzen dituela terminologoek. Gainera, UNESCOk munduko hizkuntzak babesteko urtea izentau dau aurtengo hau, eta, FITek, hizkuntzen oinarrizko osogai diran berbak hartu ditu aintzat itzultzailearen egunerako, terminologia, gizateriaren jakintza-arloak hizkuntzentzat txukuntzen aritzen dan arloa, eta munduko hizkuntzak buztartuz, aditzera emonez bezela jakintza gizakiek hizkuntza guztietan barruratu leikien gaia dala, nahiz eta hizkuntza batzuk garatuago eta aurreratuago ibili. Hizkuntza guztien eta bereziki eremu urrikoen garapena eta babesa sustatzea da UNESCOren xedea aurten. Eta itzultzaile eta interpretarientzat lan ezinbesteko eta sarri ikusezina egiten daben terminologoei eskaintzea egun hau aurten. FITen esanetan, eta ondo dino ganera, 'terminologoak tresna teknolinguistiko punta-puntakoen sortzaile dira, lexiko-bildumak, glosarioak eta datu-base linguistiko eta terminologikoak sortzen ditue, hizkuntzaren profesional guztientzako lan-tresna aukerakoak, baina, batez be, axola daben berben artisauak dira, itzultzaileak axola daben testuen itzultzaile-artisau eta interpretariak axola daben mintzaldien interpretari-artisau diran legez'.


4.- Gurean bi hizkuntza ofizial izanik, itzultzailearen paradisuan bizi garela esan daiteke? Zein da itzulpengintzearen presentzia gizartean?

Itzultzaileek lan handia dabe, bai, bi hizkuntzen ofizialtasunagaitik. Edozelan be, gure gizartea zenbat eta elebidunagoa, zenbat eta herritar gehiago gauza izan bi hizkuntzak antzera samar jakiteko eta erabilteko, orduan eta hautakorragoa edo selektiboagoa izan beharko da itzulpen-jarduna. Esan gura dot, eta hau neure irudipena da, beharbada testugile izango garela, itzultzaile bezainbeste, itzuli ondoren euskeraz emoten diran testuen kalidadearen zaintzaile. Uste izatekoa da, gauzak ondo bidean, hori izango dala bilakaerea, normalizazinoan aurrera egiten dauen gizarte batean. Gaztelania eta euskera bikoteaz ari naiz, jakina, eta gure gizartearen barruan sortuko litzatekeen itzulpen-eskariaz. Baina euskereak gaztelaniak aina indar eukiko dauen eguna oso urrun dago oraindino, eta, beraz, lan-bolumenaren aldetik itzulpenaren beharra oraindino be handia izango dala esan behar. Paradisua, izatekotan, lan-bolumenaren aldetik izango da hala. Itzultzaile guztiak ez dabilz lan-baldintza berekin. Itzulpenaren presentzia handia da gure gizartean, batzuetan ez da agirian geratzen (pentsa, esaterako, hedabideetan zenbat itzuli behar izaten dan, prentsa-agentzia euskaldunik ezean, kanpotik datorren guzti-guztia itzuli behar baita; edo ikasketa-materialetan). Itzulpengintzea kostu gehigarria da gizartearentzat, baina beharrezko jarduerea be bai. On litzateke itzultzaileontzat gizarteak sinistea kostu horrek merezidu dauela, eta horretan saiatzen da EIZIE. Halan da be, ez gagoz bakarrik munduan, badira beste gizarte elebidun batzuk be (Quebec, esaterako), indar desbardineko hizkuntzak alkarren ondoan bizi diralarik, eta gizarte horreetan be izango dau zeresana hizkuntza horreen arteko itzulpenak.


5.- Itzulpengintzea dozu ogibide eta zaletasun. EIZIEko buruzagitzeak be ordu asko kenduko deutsuz... Zelan buztartzen dozu guztia?

Itzulpengintzea dot ogibide eta zaletasun, holan da. Zuzenbidea ikasi neban, aspaldi, Deustuko Unibersidadean. Ikasgairik gehienak erderaz ikasten genduzan. Nire garaian, ikasturteko ikasgai bakarra geunkan euskeraz, eta, halabeharra, terminologia-mintegi batean egin nituan itzulpengintzako lehenbiziko ariketak, kode zibilaren artikuluak itzultzen saiatzen ginalarik egungo euskaltzainburu Andres Urrutiak gidatzen eban terminologia-mintegi batean. Gero, Administrazinoan izan eban segida jardun horrek, lan-poltsa baten bitartez Arabako Foru Aldundian lanean hasi nintzalarik, administrazinoko testuak itzuliz. Literatur Itzulpengintzarako atea Jokin Zaitegi bekearen bitartez edegi jatan, eta hor ibili naz harrezkero, egin deustiezan eskaintzei tentagarriegi eretxi eta ezetz esan ezinik. EIZIEko zuzendaritzan sartzea berezko pausu bat izan zan, konbita egin eta poza emon eustalako arlo horretan ebilen jenteagaz alkarlanean ibilteko aukereak, neure lanbidean ari ziranen ardura eta asmoetan parte hartzeak. Bakotxaren ekarpena espezifikoa izan daiten saiatzen gara taldean, arlokako zuzendaritza kolektiboan jardunez. Hala bada, neurea be ahalik eta espezifikoena eta eraginkorrena izan daiten saiatu behar, itzultzaile izatea eta kudeatzaile edo zuzendaritza-kontseilu bateko kide aritzea oso jardun desbardinak baitira.


6.- EIZEI 1987ko udagoienean sortu zan, besteak beste, euskal itzultzaileen babes juridikoa eta lan baldintzak hobetzeko eta euskal itzulpengintzea sustatzeko asmoz. Zelakoa da euskal itzulpengintzearen osasuna?

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak, bere estatutuetan ezarrita dagoanez, egiteko honeek hartu zituan bere gan, jaio zanean: euskal itzultzaileen babes juridikoa lortzea eta lan baldintzak hobetzea, euskerara edo euskeratik egiten diran itzulpenen kalidadea zaintzea, euskal itzulpengintzea sustatzea, itzultzaileen prestakuntza profesionala hobetzea eta itzultzaileen interes ekonomiko eta sozialak babesteko lan egitea. EIZIE sortu zanetik hona itzulpengintzeak izan dauen garapena handia izan da, euskal kulturearen beste arlo batzuek izan duabenaren ainakoa, edo handiagoa beharbada. Itzulpengintzearen kalidadea zaintzen, itzulpengintzea sustatzen (literatur itzulpengintzea, batik bat, Literatura Unibertsala bildumeagaz), itzultzaileen prestakuntzan (lehenbiziko itzultzaile eskola, Martutenekoa, sortzen parte hartu eben bere kideek, eta gaur egungo fakultadea sortzen be lagundu eben) eragile nagusia izan da. Edozelan be, euskerazko itzulpengintzearen bilakaerea handia izan da, eta, irudipenez ari naz, ekonomia-jarduera nahiko garrantzitsua be bada: inkesta horrek erakutsi ebanez, euskal itzulpengintzearen jarduera ekonomikoa EAEn 25.000.000 eurokoa izan zan, BPGren % 0,043, edo BPGren 29. ataleko (gizabanakoentzako zerbitzuak) % 2,05. Teknologia barrien erabilerea be geroz eta handiagoa da, bai ikasketa akademikoen bidez eskuratua bai EIZIEk berak eskaintzen dituan ikastaroen bidez eskuratua. Hori holan izanik be, EIZIEren kezka izan da jarduerea ez dala aski agirian gizartearentzat, itzalean geratzen dala oso.

Horrezaz gan, nabarmendu beharrekoa da zein arin bereganatzen dituan sektore honek berarentzat sortutako aurrerapen teknologikoak, eta, horregaz batera, zelan hazten dan langilearen lan-bolumena eta produktibidadea, diru-sarrerak neurri berean gehitu ez arren.

Nabarmentzekoa da, orobat, lan-eremu eta eginkizun barrien garrantzia: web-orriak, aplikazino informatikoak, interpretazino soziala, hedabideak, ikus-entzunezkoak, marketing-publizidade-diseinua eta kontsumo zabaleko beste produktu batzuk.

Kezka ugarien artean beste bat itzulpengintzeak liburugintzearen sektoreagaz dauen loturea da, orain arte izan dauena eta gero be izango dauena, hau da, sektore horren etorkizunak zelan eragingo deutson.

Bestalde, euskerearen estilistika estandar edo bateratuan egon leitekezan hutsuneek be kezka eragiten dabe itzultzaileen artean.


7.- EIZIEk 2007an egindako euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen ikerketa soziologikoaren arabera, sektore pribatuko itzultzaileen % 60 autonomo moduan dabilz. Euskal itzultzaileen kopuru estimazinoak kontuan harturik, itzultzaile guztien % 30 autonomo moduan dabilela esan daiteke. Datu horrek ze hausnarketa eragiten deutsu?

Arlo profesionalaz, lanbidean ari diranentzako babes juridikoaz eta euren lan-baldintzez, EIZIEri aholkularitza-eginkizuna jagoko, ez baita ahaztu behar alkartea dala, ez kolegio profesional bat, eta bere eginkizunari, beraz, ez jakola izaera publikorik autortzen, kolegioei ez bezela. Bazkideen artean autonomo diranen kezkak entzutea jagoku, eta euren beharrei erantzutea. Seguru asko, baldintza sozio-ekonomikoak hobetzea ez eze (tarifak ezin ditu EIZIEk ezarri, eta hor merkatu-legea nagusitzen da, ezer nagusitzekotan), autonomoek beren kabuz bereganatu ezin daben prestakuntzea eskaintzea jagoko alkarteari, beren lanaren kalidaderako behar dituen lanabesetan prestakuntzea eskaintzea. Horrezaz gan, merkatuko lehia bidezkoa izan daiten zaintzea be bai. Datu horrek sektore horren garrantzia erakusten dau. Eta gurea lako gizartearentzat eta euskerea lako eremu urriko hizkuntzearentzat itzulpengintzeak beteten duen zereginaren garrantzia agirian jartea.


8.- ItzulBaita proiektua orain urtebete aurkeztu zenduen. Azalduko zeunke labur zer dan eta prozesua zein fasetan dagoan?

Euskal Itzulpengintzearen etxea, erreferentzia-gunea eta antena da. Itzulpengintzearen arloko ikerketak, gogoetak eta bestelako ekimenak kudeatzea eta sustatzea dau eginkizun. Itzultzaile profesional nahiz noizbehinkakoentzat izango dau atea edegita, eta itzulpen erabiltzaileen eta itzulpenagazko kezka dauen edozeinen esku jarriko ditu informazinoa eta baliabideak. Itzulpengintzea gizartearentzat ikusgai bihurtzen, haren ekarria agirian jarten be saiatuko da. Dagoeneko sortu da ItzulBaitaren web-orria, eta bertan topauko dau irakurleak proiektu honen barri zehatza: www.itzulbaita.eu. Akuilu ona izango da, dudarik barik, itzulpengintzaz eta itzulpengintza ukitzen daben arlo ugari eta askotarikoez jakin nahi dauen edonorentzat. Proiektu zehatzen batzuk aitatzearren, nabarmenduko neukez 'literatur itzulpenak baloretako erispideak' landuko dituan mintegia, itzulpenaren kalidadea objetibetako saioa, eta 'literatur itzulpenen azterketea', estilistikeari buruzko gogoeta eta analisia bultzatzeko saioa.


9.- Gehienetan, ingelesez edo beste hizkuntzaz idatzitako liburuen zain luzaroan egon behar da Euskal Herrian euskeratuta kaleratu arte baina Paul Austerren kasuan, barriz, ez da holan izan. Egilearen hiru obra handi itzuli dozuz, azkena oraintsu Alberdaniak argitaratutako 'Gizona ilunpean'. Euskerearen normalizazinoan, beste pausu bat?

Bai, eta oso bide interesgarria iruditzen jat. Gaur eguneko idazle baten lana euskeraz munduko beste hizkuntza batzuekaz batera argitaratzeak, niri, poz handia emoten deust (kasu honetan handiagoa, idazle horren lana itzultzeko subertea eta pribilegioa niri egokitu jatalako). Euskerearen autoestimurako garrantzitsua iruditzen jat, euskaldunen autoestimurako be bai. Hor kokatzen gaitu, munduan, beste mundutar batzuen kezka eta interes literarioakaz batera, geure berezitasunagaz munduan egoteko modu bat, munduaren barri jasoteko modu bat, munduaz eta mundutarrakaz euskeraz aritzeko modu bat. Niri horrek emoten deustan plazerra gatxa da azaltzen... Lehenik itzultzean, gero Austerren zaleek itzulpen hori irakurten hartu daben plazer horretan zeresanen bat izan dozula jakinez (betibe argitaletxeak jarritako zuzentzailearen laguntza parebakoagaz), eta beste saio batzuetarako aurrekari izan daitekeelakoan, gainera. Holan sentiduten dot, eta holaxe adierazoten deutsuet.


10.- Hizkuntzak eta kulturen arteko alkarrizketea mundu globalean hartu dau ikurburutzat 2008ko Itzulpen espezializatuari buruzko munduko biltzarrak. Itzulpen espezializatuaren zeregina nabarmendu nahi dau, eleaniztasuna sustatu eta zabaltzeko bidean. Biltzarra Habanan (Kuba) izango da, 2008ko abenduaren 8tik 13ra. Zein da hizkuntza gitxituen lekua mundu globalean? Euskal ordezkaritzarik izango al da Kuban?

Galdera gatxa da hori nik erantzuteko, hizkuntza gitxituek mundu globalean bete behar daben lekua. Zer nahiko neukeen eta zer dan eta zer izan daitekeen, hiru horreen arteko teinkadurak ebatziko leuke kontua, akaso.

Itzulpen espezializatuak bere lekua hartuko dau euskal itzulpengintzan be, euskerearen normalizazinoak aurrera jarraitzen badau, behintzat. Hizkuntza espezializatuak zerikusi handia dauka terminologiagaz, jakintza-arlo espezializatuakaz, eta, jakintza, ohiko bideetatik gizarteratzen dan neurrian (hezkuntza-sistemea, hedabideak, kultur industria eta abar), euskereak eta gizarte euskaldunak be bereganatuko ditue hizkuntza espezializatu horreek, neurri txikiagoan, hautakortasunez, baina mundu moderno honen abiadureari jarraitzeko behar daben neurri doi horretan, bizitea egokitzen jakun mundu honetaz aritzeko, mundu hau azaltzeko. Hizkuntzetarako baliatzen diran bitarteko teknologiko barriak oso lagungarri jakez eremu urriko hizkuntzei. Jakina da hizkuntza gitxi batzuetan sortzen dala zientzia eta jakintza munduan, zientzialarien komunidadeak ingelesa darabilela gehienbat bere aurkikuntzak eta ikerketak zabaltzeko. Baina hizkuntza txikiagoek jakintza hori bereganatzeko nahia erakusten dabe, eta hor harreman bat sortzen da, eremu erkide horren eta eremu urriagoko unibersidade- eta zientzia-komunidadeen artean. Ez nabil datuetatik, senetik baino, edo biltzar horren goiburuak iradokitzen deustanetik. Uste horreek berretsi egin beharko neukez datuekaz. Dana dala, Italo Calvinok italierari buruz esan ei ebanez, italierarenak egina leuke auto-konponketako tailer bateko gailu eta tramankulu guztiak izentetako ez bazan. Adierazo gura eban italierak gauza izan behar ebala bere garaiko errealidadea azaltzeko eta izentetako. Euskereak be kapaz izan behar dau, eta bada. Gure gizartea gauza izango ete den edo ez besterik da. Ez dago beharbada gure barruan, baina bizi garen artean ahalegin zintzoa egitea osasungarria izan daiteke, gaurko literaturaz euskeraz gozetea beste, akaso.

Itzulpen espezializatuari buruzko munduko biltzarra da Habanakoa. Itzulpen espezializatuak gurean be bere lekua dauen neurrian, baten batek joan beharko leuke, bai, Habanara. Bakarrik ez gabiltzala jakitearren ez bada be. Beharbada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu