Patxi Uribarren euskaltzain oso izentau dau gaur Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2008-09-26 14:29   Euskerea berbagai

Euskaltzain oso izentau dabe, Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen dauen gehiengo osoa lortu ondoren. Patxi Uribarren, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Sagrario Aleman eta Jean-Louis Davant euskaltzainek proposatua izan zan.

Gaur, irailak 26, Bilbon egin dan osoko batzarrean, Henrike Knörr zanaren aulkia beteteko botazinoa egin dau Euskaltzaindiak eta Patxi Uribarren da euskaltzain oso barria.

Euskaltzain oso izentau dabe, Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen dauen gehiengo osoa lortu ondoren. Patxi Uribarren, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Sagrario Aleman eta Jean-Louis Davant euskaltzainek proposatua izan zan.


Patxi Uribarren

Patxi Uribarren (Aramaio, Araba, 1942ko urriaren 31a) Uribarren baserrian jaiotako euskal karmeldar eta idazlea da.

Karmeldarra da eta gaur egun Bilbon bizi da. Filosofia eta Letretan lizentziaduna izateaz gan, Teologian lizentziaduna da. Aramaioko toponimia izan zan bere tesiaren izenburua.

Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile ofiziala izana da, 1983tik 2007ra arte.

Euskerearen aldeko jarduera askotan esku hartu dau. 1965ean, Gogoz aldizkaria abiatzen lagundu eban eta zuzendari be izan zan 1968ra arte.

Bostak Bat kultur alkarteko sortzailetariko kide eta ikertzaile da 1981etik. Arabako Aldundiko Kultura Batzordeko kidea be bada, 1971ko udagoienean izentauta, eta Klasikoak liburu-sortarako itzuli beharreko liburuak aukeratzeko sortutako batzordean egon zan. Euskerearen Kontseilua erakundearen sortze-lanetan eta bertako kide hasieratik (1998) Karmel aldizkariaren izenean.

Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) kidea da 1982tik, baita EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteko kidea be.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1971n. Erakundean bertan, zenbait batzordetan parte hartu izan dau, batzordekide lanetan edota aholkulari lanetan: Irakaslegoa, Lexikologia Erizpideen Finkapena, Onomastika, Alfabetatze-Euskalduntzea, Elebitasun Harremanak eta Oinarrizko Euskara.


Ikerlanak

o Eleizkizunetarako irakurgai-liburuen ikerketea (1984): hiru bertsinoen konparazinoa.
o ‘Bostak bat’ taldeko kideakaz batera, zenbait ikerketa puntual talde-lanean (1984-1986 eta 1993) hiztegiak preparetako.
o Lino Akesoloren lexikoaren ikerketea (1995).
o Azkueren hiztegiko berba komunen bilketea eta azterketea (2005), Txomin Solabarrieta lankideagaz batera.
o Oinarrizko Hizkuntza baliabideen azterketea (2006) zuzendu eban 38 oinarrizko euskal iturri aztertuz.
o Euskalkiei buruzko ikerlanen emoitzak gizarteratzea (2006) ikerketea zuzendu eban, Bizkaiko 13 herritako lexikoa konparatuz.
o 'Bostak bat' taldearen datu-basea, Euskaltzaindiako Euskara Batuko lantaldeak proposatutako sarrerakaz erkatu eta horreen arabera jarteko ikerlana egin dau (2007-2008), 3000 HIZTEGIA horren arabera zuzendu eta egokitzea bideratuz.
o Euskal Aditza -Trinkoa eta laguntzailea- (Batua - Bizkaiera - Zuberera) (2005-2006). Aditza (adibide eta guzti) hiztegi eran kontsultetako bideak emoten dituan lanaren prestatzailea, zuzentzailea eta, bertan jasoten diran eskemen egilea izan da.


Idazlanak

Euskaltzaindiaren Euskera agerkari ofizialean eta IKER sortan hainbat argitaratu ditu. Bestalde, ‘Bostak bat' Kultur Taldean argitalpenetan parte hartu dau:

- 1983: Sinonimoen Hiztegia (I). Adorez 1. (8.964 sarrera).
- 1986: Euskararako Hiztegia. Adorez 2. (mota honetako lehena).
- 1988: Sinonimoen Hiztegia (II). Antonimoduna, Adorez 3. (19.783 sarrera).
- 1990: Euskararako Hiztegia. Oinarrizkoa, Adorez 4.
- 1991: Eskola Hiztegia. Irudiduna (I). Adorez 5 (umeentzako preparauta).
- 1993: Europa Hiztegia. Eskola berrirakoa. Adorez 6
- 1996: Diccionario 3000 Hiztegia (I), Adorez 7 (elebiduna)
- 1999: Sinonimoen Hiztegia (III), Antonimoduna, Adorez 8. (36.703 sarrera).
- 2001: Diccionario escolar 3000 Eskola Hiztegia. Adorez 9 (elebiduna)
- 2002: Diccionario 3000 Hiztegia (II), Adorez 7 (elebiduna; berriztatua).
- 2005: Eskola Hiztegia. Irudiduna (II). Adorez 5 (goitik behera barriztua) .
- 2006: Euskal Aditza. Adorez 10 (Patxi Uribarrenek hiztegi-eran antolatua).


Sariak

* Bizkaiko eta Iruñako Lore Jokoak (Olerkia-1968 eta 1969)
* Galeria del Libroko Zilarrezko Lauburua (1987)
* Aramaioko seme kuttun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu