Labayru Ikastegiak hiru liburu barri argitaratu ditu, hirurak euskal klasikoen erreskate moduan

Bizkaie! 2008-09-25 10:43   Kulturea

Labayru Ikastegiak 2008ko azken hilebeteetan hiru liburu barri argitaratu ditu, hirurak euskal klasikoen erreskate moduan: 'Dekalogoaren eta aitagurearen azalpena' - Joakin Lizarraga, 'Exposicion breve de la doctrina christiana. [Dotrina christiñauena]' - Martin Ochoa de Capanaga eta 'Dotrina christiana' - Aita Esteve Materre

Labayru Ikastegiak 2008ko azken hilebeteetan hiru liburu barri argitaratu ditu, hirurak euskal klasikoen erreskate moduan:

Dekalogoaren eta aitagurearen azalpena - Joakin Lizarraga (Jarein)

Joakin Lizarraga (1748-1835) Eguesibarreko Elkano herrian sortu eta hil zan. 1771n abadetu eta urte horretatik aurrera hasi zan bere herrian sermoiak preparetan eta esaten. Erruz idatzi eban bere bizitza luzean. Bizi zala, ez zan Lizarragaren obrarik argitaratu. Gaur egun be gehienak berak itxi zituan moduan dagoz, eskuizkributan gordeta.

Lan honetako eskuizkribua Damaso Intzakoak topau eban Lizarragaren jaiotetxean, Elkanon, 1920an. 1782tik 1784ra bitartean idatzia da. Edukiari jagokonez, 54 sermoi edo predikuz osoturik dago, hegoaldeko goi-nafarreraz idatzita.

Edizinoa Frantzisko Ondarra ikertzaile eta euskaltzainari zor jako oinarrian. Harek egindakoaz ganera, Labayru Ikastegian argitaratzeko ikutuak eta egin jakoz.

Liburuak 633 orri ditu, eta testua euskarri digitalean be aurkeztu da, liburuari dautsala daukan CDaren bitartez.


Exposicion breve de la doctrina christiana. [Dotrina christiñauena] - Martin Ochoa de Capanaga (Arragoa bilduma)

Jerónimo de Ripalda jesuitak gaztelaniaz egindako dotrinearen itzulpena da, XVII. mendearen erdialdeko testua. Capanagaren idatzi ezagun bakarra da, eta bera itzulpena.

Sartaldeko euskerearen erakusle bana-banakoa dogu, euskal hizkuntza zaharraren ondare baliotsua.

Egileaz zehaztasun gitxi ezagutzen da, Mañariko semea dala, XVI. mende amaieran edo XVII.aren hasieran jaio eta 1661ean hil zala. Abade lizentziaduna izan zan Mañarian, baina Durangogaz loturea eukan. Bilbon be agertzen da liburuaren barri emoten dauen baten.

'Doctrina christiana' hau 1656an argitaratu zan Bilbon, euskeraz eta gaztelaniaz zutabe bitan, Juan de Azpiroz inprimatzailearenean.

Lan honek beste edizino bat euki dau, Dogson hizkuntzalari ingelesaren eskutik 1893an. Testuaren balio filologiko handiaz jaubeturik, hizkuntza-oharrakaz horniduta egin eban edizinoa.

Oraingo hau, lehenengo edizinoaren faksimilea da, euskera eta gaztelania alkarren ondoan dirala. Edizino mugatua eta zenbakitua da, oso zaindua.

Sarrerarako Adolfo Arejitak egindako azterlanaz jantzita dago.


Dotrina christiana - Aita Esteve Materre (Arragoa bildumea)

Esteve Materre XVI. mendean jaioa da, baina ez dakigu ez noiz ez non. Ez zan euskalduna jatorriz, frantziskotar moduan Ziburura bialdu ebenean Saran ikasi eban euskerea.

'Dotrina christiana' lana bost aldiz argitaratu izan da. Lehenengo edizinoa 1617koa da, baina ez da alerik ezagutzen. Bigarren argitalpena 1623koa da, eta horrena be ale bakarra ezagutzen da, Oxfordeko Biblioteca Bodleyanan dagoana. Ale horretatik atarata dago edizino hau. Hirugarrenez argitaratu zan, Vinsonek 1648an gitxi gorabehera jarten dauen datan, laugarrenez 1693an, eta bosgarrenez 1704an.

Sarrerako azterketea Jose Mari Rementeriak preparau dau, eta bertan emoten ditu hipotesi batzuk, lana sorkuntza ete dan edo aurreko beste dotrinaren baten itzulpena. Edozein kasutan Materreren ekarpen handia ikusten dau Rementeriak lan honetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu