Koldo Zuazo: 'Euskalkia erabilteak euskerea indartzeko balio dau'
2008-09-22 14:36 Barriketan
Euskalkiak. Herriaren lekukoak liburuak jasotako erantzun ona ikusita, Koldo Zuazo gai bereko beste lan osotuago bat egitera animau zan eta Elkarren eskutik ikusi dogu emoitzea: Euskalkiak. Euskararen dialektoak. Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea da, Euskal Filologia Lizentziaturan, eta ikasleak, sarritan, informante moduan erabilten ditu. Horregaitik, liburua eurei eskainita dago: Gasteizko Filologia Fakultateko ikasleei, berez ikasle soil zirenak irakasle bikain gertatu direlako maiz. Eskerrik zintzoena danei.
Euskalkia indartzea izan leike euskerea indartzeko modu bat. Euskalkiak batuak ez dituan ezaugarri batzuk ditu. Identidade bat emoten deutsu, afektibidadea. Horregaitik uste dot euskalkia erabilteak euskerea indartzeko balio dauela.
Lehenengo, lotsea galdu. Jenteak uste dau euren berbetea txarra dala eta Gipuzkoakoa, Tolosakoa edota euskera batua dala ona. Hori asko aldatu da baina nik Arrasate eta Bergara inguruan ezagutu izan dot hori. Aldatzen doa, baino oraindino badago.
1.- Zein da euskera batuak euskalkietan dauen eraginaren ganeko azterketearen testuingurua?
Aurten beteten dira 44 urte euskera batua sortu zanetik eta hizkuntza baten historian 44 urte gitxi izan arren, 44 urte honeek oso intensoak izan dira Euskal Herrian, euskerea komunikabideetan, administrazinoan eta, batez be, eskoletan sartu dalako eta euskerea asko aldatu dalako.
2.- Beste gauza askoren artean, euskalkiak bardintzen doazela aitatzen dozu. Zer gura dau esan horrek?
Zenbakiakaz esateko, XIX. mendearen erdialdean Bonapartek egindako azterketan ondorioztatzen zan sasoi haretan 8 euskalki eta 25 azpieuskalki egozala. Orain, XXI. mendearen hasieran, nik 5 euskalki eta 11 azpieuskalki ikusten dodaz. Horrek esan gura dau euskerea bardintzen doala, batez be Ipar Euskal Herrian. Datu batzuk aitatzearren, Bonapartek esaten eban Ipar Euskal Herrian lau euskalki egozala eta nik, egun, bi ikusten dodaz, Zuberoakoa batetik eta Lapurdi eta Nafarroa Beherean egiten dana bestetik. Esaten eban, baita, sei azpieuskalki egozala eta egun bi ikusten dodaz eta berak hamaika berbakera ikusten zituan eta nik berbakera berezi bi ikusten dodaz. Horrek esan gura dau Ipar Euskal Herrian aldakuntza nabarmena jazo dala.
3.- Desagertu egingo dirala uste dozu?
Beti esaten da hizkuntza bat bizirik dagoan bitartean euskalkiak sortu egiten dirala. Batzuetan, sortu egiten dira eta beste batzuetan, galdu. Hizkuntzetan, indar bi dagoz. Batek batu egiten dau, hizkuntzea kohexionau egiten dau, berbarako eskolak edota komunikabideak. Baina aldi berean ikusten da gazteen euskerea eta edadekoena oso desbardina dala, gazteek batueraren eta erderen eragina dabelako. Zelan deitu behar jako horri? Euskalki? Ez dakit. Berez, erderen eragina ez da txarra, txarra dana da euskeraz berbak eta egiturak euki eta horreek ez erabiltea, gaztelaniazkoak edota bestelakoak baino. Alderdi horretatik bai badala kaltegarria eragina.
Kontuan izan behar da Euskal Herrian gaztelaniaren eta frantsesaren eragina dagoala. Berbarako, Iparraldean ez dabe ETB 1 kateak erabilten dauen euskerea ulertzen, egin kontu, eta hori arazo bat da.
4.- Iparraldeari leku berezia egin deutsazu.
Bai. Orain arte gitxi genkian Iparraldeaz eta azken urteotan horretaz arduratu naz. Ezaugarri bi nabarmenduko neukez. Batetik, euskerea asko galdu dala Ipar Euskal Herrian. Euskereari eusten deutsenak lotura handia daukie euren artean, sarritan egoten dira alkarregaz eta, ondorioz, hizkuntzea bardintzen joan da. Bestetik, Ipar Euskal Herrian euskerea ofiziala izan ez arren, han be baditu euskarri batzuk, ikastolak, euskaltegiak edota irratiak, antzerki taldeak, bertsolariak... Horrek be euskerea bardintzea ekarri dau eta Iparraldean Iparraldeko batua deitzen dana sortu da, euskera batua euren euskalkira egokituta. Arrakastea euki dau, jenteari hurrekoa egiten jako eta egin be egiten dabe.
5.- Ameriketako euskerea liburuaren beste ardatzetariko bat da. Zerk bultzatuta egin dozu azterketa berezi hori?
Danok dakigu Euskal Herritik Ameriketara jente piloa joan zala. Gitxienez, XVI. mendetik egon gara hara joaten. Apenas genkian Ameriketara joan ziran euskaldun hareek ze euskera egiten eben, horregaitik, Amerika osoko gauzak topetan eta kontetan ahalegindu naz. Han artzain egon diran batzukaz egon naz eta azken urteotan telebistan edota irratian egon diran gaiaren ganeko programak be ikusi dodaz.
6.- Ze ondorio atara dozu?
Orain dala 20 urte Ameriketara joandakoei euskeraz berbetan entzutea oso berezia da ze hemen orain dala 20 urte egiten zan euskerea darabile. Guk erabilten doguzan berba piloa ezagutu be ez dabe egiten, euskalki berbatik hasita, dialektoa esaten dabe.
Ikusten dan beste gauza bat da guk gaztelaniaren eta frantsesaren eragina dogun bitartean, eurek ingelesaren eragina dabela. Berbarako, beti harritu nauen berba bat drinka da.
7.- Euskalki desbardinak egiten zituen jentea zelan alkar ulertzen zan, berbarako, Estadu Batuetan?
Ameriketako kontu honetaz 1933ko liburu bat irakurrita ohartu nintzan, Grandmontagne izeneko batena. Gizon horrek anekdota bat kontetan dau: Bonaparte printzea, Euskal Herri osoan euskalkiak aztertzen ibili ostean, Baionara bueltau eta halako batean oso euskera berezia egiten eban gizon bat topau eban, euskalki guztietako berbak nahastetan zituana. Jakinminez, Bonapartek gizonari nongoa zan galdetu eutson eta harek erantzun eutson bera Urepelekoa zala baina euskera hori Buenos Airesen ikasi ebala, han lurralde guztietako euskaldunak batu zirala eta modu naturalean Ameriketako batua sortu zala. Nik ez dot uste egia danik, anekdota hutsa baino, sasoi haretan euskera batuaren ganeko eztabaidea hasibarri egoalako.
Liburuan, anekdota horretan oinarritu naz gai horretan sakontzeko eta ondorioak atarateko.
8.- Teoria hutsetan oinarritu beharrean, adibideetara jo dozu.
Adibide bi ipini dodaz, Errenteria eta Irun inguruko berbakerea batetik eta Baztanekoa bestetik. Errenteria eta Irun Gipuzkoa dira baina Lapurdigaz eta Nafarroagaz dagoz mugan eta alde guzti horreen eragina igarten da. Beti dago polekimea jakiteko hor ze euskera egiten dan eta hori erakusten ahalegindu naz.
Baztanegaz antzeko zeozer pasetan da, Lapurdigaz eta Nafarroa Behereagaz egiten dau muga eta hor be danakaz izan ditue hartu-emonak.
9.- Liburuagaz batera, euskalkien eta azpieuskalkien mapa bat jatorku, barruko orrietako mapez gan. Lan gogorra izan da mapok egitea?
Liburuan 25 mapa dagoz eta ez bakarrik liburua apaintzeko. Mapa bakotxaren atzean lan handia dago. Berbakera bakotxaren berezitasunak aztertu behar dira, batera eta bestera ibili behar zara gauzak galdetzen... pazientzia handia behar da mapak egiteko.
10.- Zelan ikusten dozu osasunez mendebaldeko euskalkia?
Euskerearen osasunagaz lotuta. Euskerearen transmisinoa bermatuta dagoan lekuetan, gazteek be erabilten dabe euskalkia, Lekeition eta Ondarroan berbarako. Beste herri batzuetan, barriz, euskerea bera txarto dagoala ikusten dozu eta, horregaz batera, euskalkia be bai.
11.- Ze tresna erabili behar dira mendebaldeko euskalkiaren eta, oro har, euskalkien indartze-prozesu horretan?
Lehenago uste zan batua eta euskalkiak etsaiak zirala eta orain hasi gara konturatzen hori ez dala holan. Buruan sartu behar geunke batua euskaldunok alkar ulertzeko tresnea dala baina eguneroko jardunean eta herri barruan bakotxak bere berbetea erabili leikela.
Bide horretan, bultzatu behar dan beste tresna bat lekuan lekuko batua da. Batuan bai, baina euskalkien egitura sintaktikoak edota berbak erabilita. Sarritan, konturatu barik, euskera batuko terminoak erabilten doguz gure euskalkiarenak baztertuta eta hori ez da egin behar.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!