'Euskara 21' ekimenak aurkezpenak eta mintegiak egingo ditu euskerearen inguruko gogoetea bultzatzeko

Bizkaie! 2008-09-22 11:08   Euskerea berbagai

Helburu nagusia gogoeta prozesuari hauspo barria emotea da, eta, era berean, gogoetearen fruituak eta ondorioak gizarteratzea. Izan be, gizarteko alor esanguratsuenen partaidetzea ezinbestekoa baita euskerearen oraina zein geroa aztertzeko.

'Euskara 21' ekimenak euskerearen inguruko gogoetea indartuko dau, izan be, zemendiaren amaierara arte hainbat aurkezpen eta mintegi antolatuko dira hizkuntza politikearen alorrean egindako bidea aztertu, eta, ondorengo urteetarako oinarriak zehazteko, bi erispide nagusiren arabera: batetik, erakunde eta sektore estrategikoak kontuan hartuz, eta bestetik, lurraldeen arabera. Batzordekideen ekarpenak gaztelaniaz be kontsultagai dagoz 'Euskara 21'-en webgunean (http://blog.euskara21.euskadi.net).

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak, Euskerearen Aholku Batzordearen bidez, hizkuntz politikearen oinarriei buruzko askoren arteko eztabaidea eta hausnarketea jarri eban abian. Asmo horregaz eratu zan XXI. mende hasierako hizkuntza-politikaren oinarriak izeneko Batzorde-atal Berezia.

Ekimenaren abiapuntua Batzorde-atal Bereziko Batzorde Iraunkorrak preparautako Oinarrizko Txostena izan zan; txosten horri, hilebete honeetan zehar Batzorde-ataleko ganerako kideek hainbat ekarpen egin deutsiez. Eretxi trukaketa horren ondoren, 'Oinarrizko Txostenaren eta ekarpenen erkaketa' izeneko dokumentua ondu da. Bertan batzen dira batzordekideek Oinarrizko Txostenari eginiko ekarpenen nahiz Euskara 21 webgunean parte-hartzaileek idatzitako ekarpen luze zein laburren ideia nagusiak.

Hain zuzen be, joandako barikuan egindako bilkuran, Batzorde-atal Bereziari aurkeztu jakon aitatu dokumentua. Horregaz batera, ekimenaren kronogramea be aurkeztu eben, datozen hilebeteotan egingo dan lanaren barri emonez. Helburu nagusia gogoeta prozesuari hauspo barria emotea da, eta, era berean, gogoetearen fruituak eta ondorioak gizarteratzea. Izan be, gizarteko alor esanguratsuenen partaidetzea ezinbestekoa baita euskerearen oraina zein geroa aztertzeko.

Datozen asteotan euskal gizarteko hainbat alorretako ordezkariei aurkeztuko jakez 'Euskara 21' ekimenaren barruan orain arte sortutako ideia eta ekarpenak. Era berean, alor honeetan hizkuntza politikearen inguruan sortzen diran kezka, zalantza eta proposamenak jaso ahal izango dira. Hau guztia bideratu eta gauzatzeko hainbat aurkezpen eta mintegi antolatuko dira estrategikoak diran alkarte nahiz sektoreakaz.

Aurkezpen eta mintegi horreek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurralde guztietan antolatu dira, hau da, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; eta horreetan guztietan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariek parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu