Nafarroa Oinez 2008 dala eta, Euskaltzaindia Iruñeko Jaso ikastolan izango da

Bizkaie! 2008-09-17 17:48   Euskerea berbagai

Urriaren 19an egingo dan Nafarroa Oinez jaiagaz bat egingo dau Euskaltzaindiak eta irailaren 18an, Iruñeko Jaso ikastolan, hainbat ekitaldi egingo ditu.

Urriaren 19an egingo dan Nafarroa Oinez jaiagaz bat egingo dau Euskaltzaindiak eta irailaren 18an, Iruñeko Jaso ikastolan, hainbat ekitaldi egingo ditu: batetik, goizeko 9:30etan, Sustapen batzordea batzartuko da eta, bestetik, eguerdiko 12:00etan, bi liburu aurkeztuko dira: Zenbait orientabide erregistroen trataeraz' eta 'Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa'.

Bestalde, XII. Jagon Jardunaldiak be egingo ditu Euskaltzaindiak, Akademiaren Corpus batzordeak antolatuak.

Iluntzean, ageriko ekitaldia egingo da, Iruñeko Jaso ikastoleagaz batera. Ekitaldi guztiak aurtengo Oinez antolatzen dauen Iruñeko Jaso ikastolan egingo dira.

'Zenbait orientabide erregistroen trataeraz' izeneko liburua Euskaltzaindiaren Jagon bildumako 6. liburua da. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoaren eta Akademiaren arteko lankidetzearen emoitzea da. Bion arteko hartu-emonak aspaldikoak dira, eta 2004an sinatu eben lankidetza hitzarmena. Euskerea zaintzeko eta eredu onak irakasteko orientabide eta proposamenak batzen dituan liburu hau alkarren arteko lanaren azken emoitzea da.

Mikel Barrios, Inma Muñoa, Itziar Elorza, Kristina Boan eta Erramun Osak osotutako lan-taldeak egin dau liburua. 2004an, Gasteizen, Ikastolen Konfederazinoak antolatutako Jardunaldi Pedagogikoak tarteko, Euskaltzaindiak 2004ko martian onartutako 137. araua aurkeztu eban. Gauzak holan dirala, 137. araua eskola-giroan garabidean jarteko markoa eregiteko konpromisoa hartu eben ikastolek. Tokian tokiko aldaerak, euskalkiak eta euskera batua, noiz bata, noiz bestea, zein espaziotan, zertarako? Galderei erantzun bat emoten ahaleginduz. Hona hemen, liburu honetan, agindutakoaren emoitzea.

'Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa' Jagon bildumearen 7. liburua da. Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu dau, Pello Esnal batzordekideak koordinau dauelarik. Esnalek berak azpimarratu dauenez, liburuaren langaia euskerearen egokitasuna da, 'galdera bat gidari: zelan produzidu euskera egokia? Eta erantzuten ere saiatu gara: besteak beste, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz'.

Lan honetan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu dira. Baina horreek ez dira lan honen gai nagusia, estrategiak baino. Edo hobeto esanda: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa. Lau kapitulutan banatu da lana. Lehenengoan, euskal prosaren beharrak azaltzen saiatu dira egileak. Bigarren kapituluan, liburu honetako bi protagonista nagusiak aurkezten dira: testu-antolatzaileak eta ikuspegi estrategikoa. Eta hirugarrenean eta laugarrenean, adibideak dira bide-erakusle.


XII. Jagon Jardunaldiak

Eguerdiko 12:30ean, Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak antolatuta, XII.Jagon Jardunaldiak egingo ditu Akademiak, Iruñeko Jaso ikastolan, 'Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa' gaiaren inguruan. Pello Esnalek koordinautako liburua izango da abiapuntua gai honetaz hausnartzeko.

Euskera egokia produzidu nahi bada, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabili behar dira. Gramatikea ezinbestekoa da, baina hizkuntza baten erabileran dana ez da gramatikea betetea; nahitaezkoa da gramatikea betetea, baina ez da nahikoa. Gramatikaz harantzago, estrategien mundua dago. Eta horixe da lan honen gai nagusia. Estrategiak erabagia esan nahi dau. Gramatika-arauak kontuan hartu ondoren, euskal hiztunak erabagiak hartu behar ditu eta erabagiak hartzeko gaitasuna behar dau, funtsean, bere buruaren jaube izatera heldu behar dau euskerearen erabileran be.


Jagon Jardunaldien egitaraua

• 12:30 - 13:30 Aurkezpen berbaldia: 'Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa'. Hizlaria: Pello Esnal, lanaren koordinatzailea, Euskaltzaindia.
• 16:00 - 16:30 'Gazteriaren idazkerarako argitasuna eta garbitasuna'. Hizlaria: Juan Luis Goikoetxea, Euskaltzaindia.
• 16:30 - 17:00 'Euskerearen erabiltzaile estrategikoa: helduen euskalduntze eta alfabetatzearen helburu'. Hizlaria: Lourdes Elosegi, HABE.
• 17:00 - 17:15 Galderak.
• 17:15 - 17:30 Atsedenaldia.
• 17:30 - 18:00 'Hedabideak', Lorea Agirre, Berria egunkaria.
• 18:00 - 18:30 'Legeetako eta administrazinoko testuak', Andres Urrutia, Euskaltzaindia.
• 18:30 - 18:45 Galderak.


Agiriko ekitaldia

Iluntzeko 19:00etan, agiriko ekitaldia egingo da, Iruñeko Jaso ikastoleagaz batera. Hauxe izango da egitaraua:

• Agurra: Javier Baztarrika, Ikastolako presidentea.
• Aurkezpena: Unai Arellano, Ikastolako hezkuntza zuzendaria.
• Berbaldia: 'Zelan konspirazinoa garaitu genduan (Nafarroako euskal literatura garaikidea). Hizlaria: Aingeru Epalza, idazlea.
• Azken hitzak: Andres Urrutia, euskaltzainburua.
• Oinez 08ko bideoklipa: 'Atera ezazu mihia'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu