Zinema, antzerkia, musikea eta bidaiak dira Bilboko Udaleko Kultura Sailaren tailerren eskaintza barriaren osogaiak

Bizkaie! 2008-09-17 11:12

Kultura Sailak antolatutako jarduera deszentralizatu honeek uriko auzo desbardinetako udaltegietan egingo dira, alkarte eta erakunde desbardinakaz alkarlanean (Claro de Luna, Sonikete, Tular, Guztiko, La Caldera, Gazte Leku eta Komunikatuz).

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak tailerren eskaintza abiatuko dau barriro udagoien eta neguan uriko barrutietako udaltegietan. Aurten be eskainiko diran arte plastikoen alorreko ohiko ikastaroak baztertu barik (pintura, olioa, arte aplikatuak, zur-lanketa eta abar), ikastaroen osogarritzat antolatu diran beste heziketa-jarduera batzuk be aukeratu ahal izango dira: zinema, antzerkia, flamenkoa, bidaia-antolaketea eta musikeagaz eta ikus-entzunezkoakaz zerikusia daben bestelako jarduerak.

Kultura Sailak antolatutako jarduera deszentralizatu honeek uriko auzo desbardinetako udaltegietan egingo dira, alkarte eta erakunde desbardinakaz alkarlanean (Claro de Luna, Sonikete, Tular, Guztiko, La Caldera, Gazte Leku eta Komunikatuz). Berrikuntza moduan, tailer horreetarako aurretiko izen-emotea Internet bidez egin ahal izango da lehenengo aldiz. Holan, www.bilbao.net webguneak, 'Hiria' atalaren bitartez, ikastaro horreetako edozeinetan aurretik izena emoteko aukerea eskainiko dau.

Egitasmoaren sustatzaileen arabera, zinemari eskainitako tailerretan hiru ikastaro antolatuko dira Deustu eta Abandoko udaltegietan (film laburrari buruzko hastapenak, zinema-gidoiari buruzko hastapenak eta edizino eta muntaketa digitalari buruzko hastapenak). Bakotxzaren iraupena 24 eta 48 eskola-ordu bitartekoa da -asteko egun batean emongo dira, 18:30etatik 21:30etara-, eta prezioa 45 eta 90 euro bitartekoa ordu kopuruaren arabera (deskontuak egingo jakez lanbakoei, ikasleei eta Oinarrizko Errentea kobretan dabenei). Interesauta dagozanek izena emon leikie irailaren 15etik 26ra bitartean Interneten edo gogoko ikastaroa emongo dan zentroan.

Hirugarren Barrutiko (Otxarkoaga-Txurdinaga) musika eta ikus-entzunezkoen tailerretan, gitarra elektrikoa, baxua, bateria, txalapartea, musika-informatika eta home-studio dalakoari eskainitako ikastaroak antolatuko dira, La Caldera eta Guztiko musika-alkarteen eskutik. Ikus-entzunezkoen alorrean, Otxarkoagako auzo etxeak 'Irratigintzaren hastapenak', 'DJ', 'Zinema-hiztegia' eta 'Argazkigintzea' ikastaroak eskainiko ditu Tular alkarteari esker. Eskolak goizeko eta arratsaldeko txandetan emongo dira.


Antzerkia eta flamenkoa

Bestalde, gaurtik, irailak 17, urriaren 5era bitartean, antzerkiaren zaleek Bilbaoeszenako tailerretan izena emoteko aukerea dabe, Antzerki-Baliabideen udal zentroak Santutxun dauen egoitzan. Urteak aurrera egin ahala programauko diran ikastaro espezifikoakaz batera (monografikoak, antzerki-produkzinoa, arte eszeniko garaikideak eta abar), Bilbaoeszenak tailer orokorrak eta musika-antzerkiari eta haur-antzerkiari eskainitakoak be emongo ditu urritik bagilera bitartean. Iraupena 30 eta 90 eskola-ordu bitartekoa da, eta matrikulearen prezioa, 100 eta 155 euro artekoa (deskontuak lanbakoei eta Oinarrizko Errentea kobretan dabenei).

Flamenkoari jagokonez, dantza, kantu, gitarra eta perkusino ikastaroak San Frantziskoko Udaltegian eskainiko ditue Maria Marin eta Yolanda Lorenzo dantzariek, Eduardo Florido eta Rosario Guerrero 'La tremendita' kantariek, Jose Maria Ramirez, Marco Borge eta Jose Antonio Conejo Vida 'Chaparro de Málaga' gitarra-jotzaileek, eta Ander Sanchez eta Pakito 'El aspirina' perkusino-jotzaileek.

Matrikulea zabalik dago irailaren 8tik, eta prezioa 25 eurokoa da espezialidade bakotxean (deskontuak egingo jakez lanbakoei, ikasleei, jubilatuei eta Oinarrizko Errentea kobretan dabeni).

Bestalde, 4. Barrutian (Begoña) zortzi eskola-ordu dituen bidaia-antolaketari buruzko tailerra antolatu da. Oso ikastaro praktiko eta dinamikoa da, eta "Bidaiariaren txokoa" udal programaren barruan eratu da. Izen-ematearen prezioa sei eurokoa da, eta epea irailaren 22an hasi eta urriaren 15ean amaituko da.

Amaitzeko, Elexabarriko Gaztegunean, Errekalden, Kultura eta Hezkuntza Sailak, Gazteleku Alkarteagaz alkarlanean, Dokumentalen Errealizazino Aurreratuari buruzko II. Tailerra eskainiko dau.

Ikastaro honetan ezinbestekoak dira grabazinoari eta edizinoari jagokezan gitxieneko ezaguerak, eta bertan, gidoiaren garapena, argiztapen eta soinuztapen teknikak, errealizazinoa eta argazkigintzea, HDV-kamerearen erabilerea eta postprodukzinoa lako ikasgaiak jorratuko dira. Plaza-kopurua mugatua da (10), eta eskolak urriaren 4an hasi eta abenduaren 20an amaituko dira (hamar eskola-egun, eta bakotxean lau orduko eskolaldia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu