Bizkaiko Txakolinaren 2008ko uztea miloe bat litrotik gorakoa izango da
2008-09-17 10:41 Jan edanakDanetara, miloe bat eta erdi kilo mahats inguru helduko dira upategietara, eta 1.100.000 litro txakolin egingo dira. Kopuru hori aurreko urtekoa baino % 20 handiagoa izango da, baina ez ditu beteko Kontseilu Arauemoilearen aurreikuspenak, 1,2 miloe litro inguru produzidutea espero eban eta.
Aurten be Pilarko Andra Mariaren egunean hasiko da mahats-batzea Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen babespeko mahastietan. Mahats gehiena egun horren inguruan batuko da, baina bariedade goiztiar batzuk irailaren amaieran hasiko dira batzen. Danetara, miloe bat eta erdi kilo mahats inguru helduko dira upategietara, eta 1.100.000 litro txakolin egingo dira. Kopuru hori aurreko urtekoa baino % 20 handiagoa izango da, baina ez ditu beteko Kontseilu Arauemoilearen aurreikuspenak, 1,2 miloe litro inguru produzidutea espero eban eta.
Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen arduradunen arabera, kanpainea 'ez da bape erraza izan'. Besteak beste, udaberria sano euritsua eta hotza izan zenez, 'mildiu' izeneko onddoa agertu zan eta, gainera, loraketa arazoak izan ziran. Horren ondorioz, mahasti batzuetako mahats-mordoek beharko litzatekena baino ale gitxiago ditue.
Halan da be, mahastizainek egindako lan handia eta profesionala erabagiorra izan da -tratamendu, sasi garbiketa eta bakanketei jagokenez, besteak beste- klimatologia txarraren eragina geldiarazoteko.
Garagarriletik aurrera eguraldi ona izan danez, mahatsaren heltze-prozesua oso egokia izan da eta, uztea espero zan baino apur bat urriagoa izan dan arren, mahatsa kalidade bikainekoa da, bai heldutasunari eta bai osasunari dagokionean. Ohikoa dan legez, hazkunde-ziklo hori Pilarko Andra Mariaren egunaren inguruan amaitzen da.
Kontuak kontu, aurreikuspen guztien arabera, 2008ko kanpainea bikaina izango da eta, horri esker, Bizkaiko Txakolinak adituen eta kritikarien onespena lortuko dau barriro be, ardao orijinala eta oso kalidade onekoa irudituko jakelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!