AEK euskaltegietako matrikulazino kanpainea abian da
2008-09-10 15:26 Euskerea berbagaiAurtengo kanpainearen leloa 'mihia jan dizu katuak?' da. AEKk milaka kartel ipiniko ditu Euskal Herri osoan zehar bi irudigaz: batean katu bat agertuko da 'mihia jan dizu katuak?' leloagaz, bestean, barriz, txakur bat agertuko da 'la ciencia de enseñar la lengua amistosamente' mezuagaz.
AEK-k 2008-2009 ikasturterako matrikulazino kanpainea aurkeztu dau, irailaren 13an ateak zabalduko dituan Gasteizko Zadorra Euskaltegian. Bertan, AEKren Artezkaritza Kontseiluko Fernando Landaburuk, Mertxe Mugikak, Oskar Elizburuk eta Aitziber Sarasolak parte hartu dabe.
Aurtengo kanpainearen leloa 'mihia jan dizu katuak?' da. Koodinakundeak milaka kartel ipiniko ditu Euskal Herri osoan zehar bi irudigaz: batean katu bat agertuko da 'mihia jan dizu katuak?' leloagaz, bestean, barriz, txakur bat agertuko da.
Katua 'isiltasunarekin eta ez hitz egiteagaz lotua dagoan etxeko aberea' dela esan dabe AEK-koek. 'Badirudi katu horrek mihia jan deutsela euskeraz aritzeko erraztasunik ez daukienei, euskeraz zeozer jakin arren askatzen ez diranei, inoiz egin eta ahaztu egin dabenei... finean, euskaldun aktiboak izateko zailtasunak dituenei', adierazo daube.
Txakurra, barriz, laguntasunagaz eta leialtasunagaz lotu dabe. Helburua 'katuak mihia jan deutsen horreei guztiei urtenbidea emotea da, hiztun barri eta aktikoak adiskidetasunez sortuz'.
Alde batetik, ohiko euskera eskolak egongo dira, bi ordu ordutegi desbardinetan egin ahal izango dira edo lau edo bost orduko ikastaro trinkoak goizez edo arartsaldez. Bestetik, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, taldeentzako ikastaroak (etorkinak, koadrilak, gurasoak...), barnetegia, autoikaskuntza, on-line ikastaroak, glotodidaktika (euskera irakaslea izateko), itzulpen zerbitzua eta euskerearen normalizazino eta erabilerea sustatzeko zerbitzua (enpresetan, administrazinoan) egongo dira.
Titulu homologatuei jagokenez, aurten barrikuntzarik badago, izan be, Eusko Jaurlaritzeak euskerearen egiaztagiri guztiak baliokidetzeko erabagia hartu eban igaz. Holan, Europako Erreferentzia Marko Barrituari jarraituz, EGA titulua 3. mailagaz parekidetzen da eta euskaltegian matrikulauta egon ezkero, ez da beharrezkoa izango atariko proba egitea.
Bestalde, lehenengo mailea euskaltegiko 6. urratsa egindakoan lortuko da gitxi gorabehera eta bigarrena 9. urratsa egin ostean. Gainera, azterketea euskaltegian egin ahal izango da. Laugarren maila 4. Hizkuntz Eskakizunaren parekoa izango da.
Halan dabe, AEKtik azpimarratu nahi izan dabe euren helburua ez dala ikasleek tituluak lortzea 'bakarrik', erabilerea sustatzea baino.
Era berean, ikasleek klasean ikasten dabena praktikan jar daien, 'konfiantza falta, lotsa, ingurune erdalduna' eta abar baztertuz, zenbait ekimen jarriko dira ikasleen esku. Jarduerarik ezagunena mintzapraktikak dira.
Beste alde batetik, ikasturte barriari begira, AEK-k erabat on-line egingo dan EGA ikastaroa eskainiko dau www.e-gela.aek.org gunean, tutore baten aholkularitzea eta jarraipen etenik bakoaren pean.
Horrezaz gan, AEKk irakurtea ikaskuntza prozesuaren atal garrantzitsua dala eretxita, ikasle guztiek AIZU! aldizkaria jasoko dabe eta, ganera, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat eskualdetan argitaratzen dan Hitza egunkaria prezio erdian jasoteko aukerea izango dabe.
Zadorra Euskaltegia
2008-2009 ikasturterako izen-emote kanpainearen aurkezpena Zadorra euskaltegian izan da. Euskaltegi hau Lakuabizkarra auzoko Bartzelona kalean dago. Euskaltegi barriak 300 metro koadro ditu, eta horreetan kokatuko dira bost ikasgela, euskaltegiko bulegoa, irakasleen gela, Kulturgintza itzulpen zerbitzua eta Gasteizko eta Arabako bulegoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!