Bizkaiko Bertsozale Elkartea Arabako Errioxan zehar

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2008-09-08 13:07   Bertsolaritzea

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dau bere kide eta laguntzaileen arteko urteerea. Irailaren 6an, zapatuan, egin dabe aurtengoa. Neu be konbidauta egon naz eta Bizkaie!-ko orrialdeetan horren barri emotea izan da nire asmoa.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dau bere kide eta laguntzaileen arteko urteerea. Irailaren 6an, zapatuan, egin dabe aurtengoa. Neu be konbidauta egon naz eta Bizkaie!-ko orrialdeetan horren barri emotea izan da nire asmoa.

Azkenengo egunetan baina, koxoa kendu ezinda ibili naz eta etxean parau behar izan dot. Halanda guzti be, bertara joan dan Iñaki Iturriotz ‘Iturri’ izan da nire iturria. Aurreko artikuluetatik be ezagutuko dozue bera. Bere berbeagaz fietan naz eta hemen daukazue egun horretan pasau zanaren laburpentxua.

Autobusak goizeko 8:00retan urten eban Gernikatik inguruko jentea batu eta gero. Zornotzan geldialditxua egin Arratia, Durangalde edo Larrabetzukoak batuz eta azkenekoa Bilbon, bertako, Ipar Uribeko... lagunak igon ebenekoa. Egun hau ohituraz josita dago, Bilbotik autopistea hartu eta gero N-1eko 333. kilometroan, Argantzunen egoan lehenengo ohiturea. Bertan, kafea hartu eta Moises Enbeitaren koplak Aita San Migel doinuan entzun ahal izan zituen jenteak (ia egunen baten koplok lortu neikezan guztiok leidu ahal izateko).

Argantzunetik 10:30ak inguruan heldu ziran Samaniegora 11:00etan Iñaki Izaren bodegan hamaiketakoa egiteko. Makailaoa, urdaia eta ardaoa itxaroten eukitea ez da brometako gauzea. Iñaki Iturriotzen berbak honeek izan dira: juergea hasi iten da hor.

Bodega portalean erretratua egin eta segiduan, La Guardiako beste bodega batera, Launa deitutakora, joan ziran. Barriro be, ardaoa la(g)una. Bodegan bertan, Igor Elortzak, Arkaitz Estiballesek, Jon Enbeitak eta Moises Enbeitak bertso-saioa egin eben. Hortik, bazkaltzera joateko plana egoan. Prentsa arrosako onenen moduan, menuagaz be enterau gara: patatak errioxar erara, artxoa, artxo-txuletak..., ardauagaz, onagaz esan deusku Iñakik.

Bazkalosteko tertulia akabauta antza (kantak, bertsoak ez ziran faltau), La Guardia puntara igotea kostau zan. Tabernetan tragu pare bat hartu eta urtero lez, iluntze aldera, La Bastidako Herriko Tabernara. Taberna erdian jarleku bat ipini eta gura eban guztiak kantau eikean bertatik. Gehienek kantau eben, kritikak entzun be bai...

Hori guztiori ikusita, normala zan jenteak etxera etorri gura ez izatea. Entzun dogunez, notizia ez dago konfirmauta, kostau zan jentea barriro autobusean sartzea. Gaueko 23:30erako danek formal-formal etxerantzako bidea hartu eben.

Amaitu orduko esan behar deutsuet Alaia Martin oiartzuarra izan zala lehenengoa barikuan jokatutako Lizardi Sarian eta Aitzol Barandiaran gelditu zan bigarren. Finaleko bertso onenaren saria, barriz, Unai Gaztelumendirentzat izan zan. Alaia Martin, Agin Rezola, Jokin Labayen, Aitzol Barandiaran, Unai Gaztelumendi eta Uxue Alberdi izan ziran finalean kantau eben bertsolariak.

Hurrengora arte,

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu