HPSk 'Pixka bat es mucho' kanpainearen balantze positiboa egin dau

Bizkaie! 2008-09-08 12:35   Euskerea berbagai

Prentsaurrekoan, Baztarrikak hizkuntzearen erabilerearen garrantzia azpimarratu dau: 'erabilereak baino ez dau bermatuko euskerearen etorkizun oparoa'. Holan, euskerea erabiltera animau dau jentea, 'euskerarik onena egiten dana dalako, eta euskararik txarrena, barriz, egiten ez dana'.

Ukan 2008 'Pixka bat es mucho' kantearen bueltan antolatutako kanpainaren balantzea egin dau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak oso balantze positiboa egin dau kanpainearen inguruan. Alde batetik, ekimenaren oihartzuna nabarmendu dau eta, bestetik, euskerearen irudi positiboa emoteko balio izan dauela azpimarratu dau.

Baztarrikaren esanetan, 'Pixka bat es mucho' kantea oso arrakastatsua izan da uda honetan eta, hori erakusteko, irrati eta Interneteko webgune batzuen datuak jakinarazo ditu. Sailburuordeak esan dauenez, 'euskeraren aldeko kanpaina batek holako oihartzun erabat masiboa lortzen dauen lehenengo aldia da eta publizidadeak ohikoak dituan une eta guneak gainditu dira, gizarte guztira ailegetako'.

Baztarrikak gogoratu dau euskerea gai positiboakaz lotzea oso garrantzitsua dala hizkuntzearen erabilerea sustatzeko. 'Euskera desdramatizau gura dogu, euskera ez da klase ordua, aditz korapilatsu mordoa, ulertezineko testua, EGA, perfila, nor-nori-nork... Euskerea hori baino sinpleagoa da, hori baino erabilerrazagoa da. Euskerearen irudi freskoa emon gura dogu, irudi normala', esan dau sailburuordeak.

Prentsaurrekoan, Baztarrikak hizkuntzearen erabilerearen garrantzia azpimarratu dau: 'erabilereak baino ez dau bermatuko euskerearen etorkizun oparoa'. Holan, euskerea erabiltera animau dau jentea, 'euskerarik onena egiten dana dalako, eta euskararik txarrena, barriz, egiten ez dana'.


Azken txanpea

Balantzeaz gan, sailburuordetzeak 'Pixka bat es mucho' kanpainearen azken txanparako antolatu dituen ekitaldien barri emon dau.

Kontxako Banderearen finalaren egunean emongo jako amaierea kanpaineari, irailaren 14an.

Gainera, Ukan Airlinesen hegazkin bat ibiliko da 'Pixka bat es mucho' mezua kostalde guztian zabaltzen irailaren 14ra arte.

Kanpainearen azken eguna izango da bereziena. Helburua euskerea eta estropadak lotzea da, 'estropadetan arraunlariek arraunean gozetan daben antzera, geuk be, euskaraz, euskerea erabilten gozau egin behar dogu'.

Goizean, pantaila erraldoi bi jarriko dira, bata Donostiako portuan eta bestea Alderdi Ederreko lorategietan; han, estropadeagaz batera, kanpainearen DVDa, kantea, kanpainako ekitaldien irudien bideoa... proiektauko dira.

Amaitzeko, estropaden ostean, arratsaldeko 18:30ean Kursaaleko terrazan kanpainako amaiera-jaia izango da The Uski's, Kerobia, Loquillo eta Pixkabatesmucho taldeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu