Egoi Urkiza: 'belaontzia gero eta txikiago ikusten dot'
2008-09-05 15:39 Euskaldunak munduanMunduari itzulia emongo deutson galdakoztarra
Ragaine II (2008-2010), 14 etapatan 26.600 itsas-miliea eginaz, munduari buelta osoa emongo deutson belaontzia Bermeoko portuan dago honezkero, noiz itsasoratuko zain. Belaontzia Lituaniatik ekarri dau abentura honetako kapitainak Andrius Varnasek eta, honezkero, alabea dauen Rasa Varnaite eta beronen mutil-lagun Egoi Urkiza galdakoztarra burubelarri dabilz dana atontzen.
Bizkaie!-n orain hilebete inguru egin geuntson alkarrizketan animoso egoan Egoi eta jarrera horretan atzera egin ez dauen arren, gero eta urduriago dagoala autortu deusku, itsasoratzeko gogoz.
1.- Dagoeneko zehaztuko zenduen abentureari ekiteko eguna, ezta?
Orain hilebete, abuztuaren amaieran abiatuko ginala esan neutsun eta gaur dinotsut egun zehatzik ez dogula jarri oraindino. Dakiguna da irailaren 2tik 7ra bitartean itsasoratuko garela baina, jakina, eguraldi onagaz urtetea da asmoa eta, beraz, zerura begira egotea toketan jaku. Ezustekorik ez bada, irailaren 7an itsasoratuko gara, bezperan, Andrius Varnas kapitainaren urtebetetzea ospatu eta gero.
2.- Bizkaiko kostatik abiatuko ziniela argi egoan aspaldi baina zein portutik, barriz, ez. Dana dala, azkenean Bermeotik urtetea erabagi dozue. Zergaitik?
Getxo, Lekeitio, Bermeo... aukera bat baino gehiago egoan baina azkenean Bermeotik urtetea pentsau dogu, batez be, Galernako Gorkak eta asko lagundu deuskuelako.
Anekdota bat kontauko deutsut. Andrius kapitaina eta beste lau lituaniar etorri dira belaontzian Lituaniatik eta orain egun batzuk, Bermeon, belaontzian bertan bazkaltzen gengozala, neska lituaniar bat hurreratu jakun; kontserba enpresa batean lanean dabil azken zazpi urteotan eta tarte horretan Bermeon lituaniarrik ez dauenez ikusi, pozarren egoan.
3.- Abentureari ekiteko egun batzuk baino falta ez diranean, ze sentsazino edo ze gogoeta nabarmentzen jatzu?
Orain momentuan, urduri nago, Rasa be urduri dago, beti uleari bueltak emoten baina belaontzian sartu eta itsasoratzea baino ez daukagu buruan. Hemetik Kanarietara bitartean be izango dogu aukerea preparazinoetan izandako okerrak zuzentzeko eta falta diran gauzak betetako.
Lehen be esan neutsun, familia hemen ixtea da gogorrena. Aita eta ama Kanarietara etorriko jakuz bisitan baina aitite eta amuma ez dodaz datozen bi urteotan ikusiko... Zorionez, pozik dagoz, zeozelan ulertu dabe gure abenturea eta horregaz nahikoa da.
4.- Ragaine II abenturearen babesleen artean sartu da Galdakaoko Udala be baina ez da hau nobedade bakarra...
Ez. Babesle eta laguntzaile danak dira ondo etorriak eta Galdakaoko Udala proiektuan inpliketea sano garrantzitsua da guretzako. Ganerako laguntzaileak be ez dodaz ahaztu gura, Rothenberger, nik behar egiten dodan enpresea, Sailoog webmasterra eta berenberegi Robertoren laguntzinoa azpimarratuko neuke eta, era berean, Kinkea Fims; ezustekorik ezean, grabazino onak egin ezkero, dokumental bat egingo dabe eta gure liburuaren maketazinoaz be arduratuko dira.
Horrezaz gan, gure babesle nagusiak BTA Draudimas, Lituaniako gure aseguru etxea eta telefono txartel bat erabiliz, dobako GPS sistema barria geugaz esperimentauko dauen Owasys, Zamudioko Parke Teknologikoan dagoan enpresea dira.
Beste nobedade bat da, belaontzian tarteka-marteka, etapa edo bidezati txikiak egiteko jente gehiago sartuko dala. Bermeotik geugaz abiatuko da Sailoogeko Roberto eta Lisboan Andrius kapitainaren lagun bat sartuko da, belaontziaren irrati sistemea jarten lagundu deutsona, hain zuzen be. Era berean, leku jakinetan bisitak be izango doguz, berbarako, Kanarietan nire gurasoak eta Rasaren senitartekoak espero doguz.
5.- Bermeoko portuan, Ragaine II ontziari azken ukutuak emoten zabilze egunotan. Bermeoko uretan belaontzian lehenengoz sartu zinanean, zer sentidu zenduan?
Bildurra...(ja,ja, ja). Ez. Itsasoratzeko eguna hurreratzen doan neurrian, lehen handiagoa emoten eban belaontzia gero eta txikiago ikusten dot... Ragaine II 10 metroko belaontzia da luze eta zabaleran 3 metro eta erdi baino ez daukaz.
6.- Onerako eta txarrerako, Unai Basurkok bakarka egiten ditu bidaia gehienak. Zu neska-lagunagaz zoaz eta neska-lagunaren aitagaz. Alkar ondo ezagutu arren, ordu, egun, hilebete asko izango dira 50 bat metro koadroko esparruan...
Bai. Buruan buelta batzuk emon izan deutsadaz gai honi. Egia da, metro koadro gitxitan egingo dogu bizimodua luzaroan eta arazoak izan daitekez, jakina. Dana dala, belaontzian sartu eta hortxe ikusiko da gauzak zelan doazen, zelan konpontzen garen, metro koadro gitxi horreetan itoten garen...
Edozelan be, bi pisutan banatutako 50 bat metro koadro dira eta gitxie emoten daben arren, badago non ibili; belaontzian txandak egingo doguz gau eta egun eta, beraz, egitekoak pilatuko jakuzanez, hasarratzeko be astirik ez izatea espero dot...
7.- Unai Basurkori egindako alkarrizketan, ekatx bildurgarriak eta 15-20 metroko olatuak aitatu euskuzan. Abenturan zehar biziko dozuezan momentu gogorretarako preparauta zagoze?
Geureak ez dauka zerikusi handirik Unai Basurkoren ibilerakaz; gogoan hartu, Basurkok estropadetan parte hartzen dauela, berbarako, Five Oceans edota urrian ekingo deutson Vende Globe ospetsuan eta hor beti dagoala lehia tartean. Gu lasaiago goaz, ez daukagu markarik egin beharrik, etapak geuk zehaztu doguz baina edozein momentutan, edozein arrazoi tarteko, aldaketak izan daitekez. Ganera, esango deutsut, berbarako, Karibera arteko etapan, Atlantikoa zeharkatzeko 250 belaontzi inguru izango diran estropada baten azpiegiturea aprobetxauko dogu.
Jakina, itsasoak bardin joten dau handia zein txikia baina momentu jakin batzuetan zeozelako babesa izango dogu eta bestelakoetan, zelan edo halan aurre egin beharko deutsagu egoereari. Ragaine II belaontzia barku gogorra da, motor sendoa dauka eta masta nagusia puntu bat baino gehiagotan lotuta dago eta behar eta ahal izan ezkero, lehorrera jotea be ez dogu baztertzen holako baldintza gogorrak subertau ezkero.
8.- Bidaiaren gorabeherakaz hornidutako liburuarena nahikoa segurua da eta dokumentala be leitekeana da, ezta?
Bai. Abenturan sortzen jakuzan pasadizo, emozino eta sentsazinoez eta bisitautako lekuetako gorabehera eta argazkiez horniduta, liburu bat atarateko amesa daukagu baina zehastasunik ezin deutsut emon ze guk geuk be orain momentuan ez dakigu argazki liburua, kronika liburua edo zer izango dan. Edozelan be, oharrak hartu eta idazteko gogoagaz goaz eta zeozerk urtego dau, seguru. Gure weborrian eta Bizkaie!-n be abenturearen jarraipena egingo dogu eta idatzi horreek baliogarriak izatea espero dogu.
Dokumentalarena beste aukera bat da. Urko Sanchez eta Kinke Filmseko lagunak be tartean diralako.
Edozelan be, Bizkaie!-ren irakurleek be izango dabe aukerea gure ibilerak jarraitzeko, izan be, hilero idatzi berezia preparauko dogu gure bizipen, sentsazino, anekdota eta gorabeherakaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!