Egoi Urkiza: 'gitxik emongo leuskio ezetza holako abentura bati'
2008-07-28 02:00 Euskaldunak munduanAbenturazalea
Egoi Urkiza galdakoztarrak, bere neska-lagun Rasa Varnaite lituaniarrak eta beronen aita Andrius Varnas-ek itsas-abentura erraldoiari ekin behar deutse datozen egunotan. Ragaine II, 10 metroko belaontzian munduari buelta osoa emotea da asmoa bi urteko epean. Danetara, 14 etapa eta 26.600 itsas-milia aurretik.
Abenturan sortzen jakezan pasadizo, emozino eta sentsazinoez eta bisitautako lekuetako gorabehera eta argazkiez horniduta, liburu bat atarateko amesa dabe eta, abiatzeko gero eta gitxiago falta danean, Ragaine II proiektuaren eta liburuaren ganean, hona hemen, Egoi Urkizak kontau deuskuzanak:
1.- Nondik nora sortu zan abentura hau?
Abentura hau Rasaren aitaren amesa da. Orain urtebete inguru Lituaniatik Suediara joan ginan belaontzian hirurok eta ibilbidearen amaieran, Suediako portu txiki-txiki batean, Andriusek esan eustan munduari buelta osoa emoteko asmoa eukala. Horixe izan zan abiapuntua. Baldintza batzuk betetea nahitaezkoa zan eta urtebete geroago, emoten dau baldintza danak bete dirala. Rasa, Andrius eta hirurok oso pozik gagoz eta abentureari ekiteko prest.
2.- Abentureari ekiteko baldintza batzuk bete behar zirala aitatu dozu? Zeintzuk?
Jenteak pentsau lei aurretiaz preparazino fisiko berezia eta itsosoko kontuez gitxieneko esperientzia nahitaezkoak dirala holako proiektu bati ekin aurretik eta ez dinot ezetz baina alde fisikoa lantzeko astia, Bizkaiko kostaldetik abiatu eta Kanariar Ugartera bitartean izango dogu, eta hortik aurrera, jakina.
Baldintza garrantzitsuenak, arlo ekonomikoa eta teknologikoa dira, belaontzia ahalik eta ondoen preparetea. Babesle batzuk lortu doguz honezkero eta beste batzuk be sartzea da asmoa eta liburuaren argitalpenagaz eta akaso, egiteko asmoa dogun dokumental bategaz be zeozer atara gura geunke. Beraz, barkua atontzea da karuena, ze ganerakoan, gastu larregirik ez dogu izango, ia-ia jatekoa baino ez.
2.- Andrius kapitainak esperientzia handia dauka itsasoan, makinatxu bat ostera egin ditu eta belaontzia be berak egin dau. Zu zeu lur barrukoa, Galdaokoa izanik eta Rasak zelako esperientzia dozue itsasoan?
Egia da, itsasoagaz ez dot izan orain arte ezelako loturarik eta Lituaniatik Suediara arteko tarte horretan ikasitakoa baino ez dakit. Bederatzi egun baino ez ziran izan eta badakit oraingoan tarte askosaz luzeagoak egin beharko doguzala itsasoan, olatuen pentzutan, lurra ukutu barik.
Rasak, barriz, belaontzian uda osoak emon izan ditu aitagaz, Baltikoko itsasoan gehienbat. Beraz, nik baino esperientzia handiagoa dauka, ez da behar asko nik baino gehaigo izateko, egia esan...
Andrius kapitaina da esperientzia gehien daukana, Baltiko eta Iparreko itsasoetan ibilitakoa da, Atlantikoan apur bat, Mediterraneoan be bai. Hamazpi urtegaz edo otu jakon munduari itzulia egiteko aukerea eta ordutik ibili da abentura hau zeozelan preparetan.
4.- Zelan hartu dozu holako abenturan parte hartzeko erabagia? Zelan ausartu zara?
Buruari buelta batzuk emonda hartu dot erabagia. Lanean nabil, lan finkoa daukat, ez daukat hipotekarik, seme-alabarik baina proiektu edo abentura hau aukera ederra dala pentsetan dot, baztertu eta ahaztu ezinezko proiektua. Ez da nire bizitzako amesa baina aukera polita da, erronka ederra. Beharreko gerenteak esan eustan, 'beharrean bizitza osoa emon eta dana lortu zeinke baina 60 urtegaz atzera begiratu eta, beharreko esperientzia ederra izan arren, sano betegarria, leitekeana da 28 urtegaz sortutako aukera hori alperrik galtzea erabagi okerra izan zala pentsetea'. Kriston aukerea da eta aurrera egitea erabagi dot. Holako erabagi bat hartzeko, gatxena, gogorrena hemen itxiko dozun familia da. Pentsaizu urte bi baino gehiago emongo doguz belaontzian baina porturen batean gagozanetan familiakoen eta lagunen bisitak be izango doguzalakon nago.
5.- Zelakoa da Ragaine II belaontzia?
Ragaine II belaontziaren historia nahikoa berezia da. Andrius kapitainak Ragaine I, zazpi metroko belaontzia eukan lehen eta azken 10 urteotan makinatxu bat ostera egin izan ditu Baltiko itsasoan eta Iparreko Itsasoan batez be. Gero, Ragaine II eregiteko asmoa otu jakon eta horretan ibili da azken hiru urteotan. Pieza guztiak erosi eta etxean bertan montau dau hutsetik hasita. Zorakeria emoten dau baina Andriusek Itsas-Injinerutza ikasi eban Kaliningradoko Itsas-Goi-Eskolan eta baekian hasieratik zelako zailtasunak izango zituan.
Belaontziaren ganean datu batzuk baino ez deutsudaz emongo,Taranga modelokoa da barkua, alemaniarra, hain zuzen. Volvo Penta MB3D/26hp motorra dauka, 10 metroko luzerea, 3'5 metroko zabalerea eta belen azalerea 57 metro koadrokoa da.
6.- Ragaine II. Munduari Itzulia (2008-2010) abenturan bizitako esperientzia, pasadizo eta bisitautako lekuetako informazino eta argazkiez hornidutako liburua egin gura dozue...
Bai. Asmoa sendoa da. Argitaletxe batzuekaz be berba egin dogu honezkero baina oraingoz ez dago ezer aurreratzerik, ze liburu egin gura dogun be oraindino zehaztu barik daukagulako. Argazki kamerea eta ordenagailu bi eroango doguz barkuan eta, beraz, esperientziak bizi ahala idazteko aukerea izango dogu. Lau edo bost hizkuntzatan argitaratzea da asmoa, euskeraz, gaztelaniaz, lituanieraz eta ingelesez eta segurutik, errusieraz be bai, ze Andrius kapitainak errusieraz be badaki.
7.- Danetara, 14 etapa eta 26.600 itsas-milia izango dira. Urte bi baino gehiago uretan... Abentura gogorra, serioa...
Bai. Baina orain beste gauza batzukaz daukat burua entreteniduta. Abiatzeko portua atzean itxi eta hortik aurrera hasiko gara benetako abenturaz eta egunean-egunean sortuko jakuzan sentsazinoez jaubetzen.
Kontuak kontu, neurri apalean baino ez bada be, gitxieneko abenturazaletasun puntu bategaz, gitxik emongo leuskio ezetza holako abentura bati. Hori pentsetan dot.
8.- Etaparik politena eta gogorrenak zeintzuk izan daitekez?
Hori ez dago jakiterik. Gogorrenak, akaso, etapa luzeenak izan daitekez, berbarako, Kanarietatik Barbadosera, hilebete inguru egingo dogu itsasoan. Galapagosetik Pazifikoko isletara be etapa luzea izango da eta Indikoan be zailtasunak egon daitekez, eguraldi txarra, olatu erraldoiak, piratak...
Dana dala, ustez gogorrenak izan daitekezan etapak ederrenak be subertau daitekez eta, beraz, aurreikuspenak ustelak izan daitekez.
9.- Abiatzeko egunik ez dozue zehaztu baina gitxi gorabehera abuztuaren amaierarako iragarri dozue urtekerea...
Ez. Itsasoratzeko egunik ez dogu zehaztu, baina argi dogu eguraldi onagaz hasiko garala, lehenengo egunetan ezustekoak ebitetako. Bizkaiko kostaldetik abiatuko garala be gauza segurua da baina nondik ezin deutsut esan, guk geuk be oraindino ez dakigulako. Nire asmoa Lekeitiotik urtetea zan. Gero, Unai Basurkogaz be berba egin genduan eta Mutrikutik abiatzea proposatu euskun. Bestetik, oraintsu beharreko lagunakaz afaria egin neban eta Bermeotik urtetea be polita izango litzatekeela esan eustien. Beraz, oraingoz konfirmau neiken gauza bakarra da Bizkaiko kostaldetik urtengo dogula.
10.- Unai Basurkoren eta Alex Txikonen animoak be jaso dozuez. Ze gomendio emon deutsuez?
Unai Basurkoren animoak ondo etorriak izan dira; batez be, ondo pasetako gomendioa emon deusku berak.
Alex Txikon, goi mendietan dabilen mendizalea da, lagun handia da, futbolean alkarregaz jokatu izan dogu eta bera izan zan lehenengoa proiektuaren barri emon geuntsona eta abenturearen zatiren bat belaontzian geugaz egiteko berbea emon deusku.
Informazino gehiago:
www.ragaine2.blogspot.com
www.ragaine2.com
Bizkaie! agerkarian be jarraipen zehatza egingo deutsagu 'Ragaine II (2008-2010)' abentureari
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!