Luis Murguia: ‘Hamabost urte barru, autoek hidrogenoa erabiliko dabe’

Koldo Isusi Zuazo 2008-09-08 11:52   Barriketan
RAC Vasco-Navarroko presidenteordea

Mobikortasunaren Astean eta 'Bilbon, nire kotxe barik' programearen barruan, Energia Alternatiboen EAE eta Nafarroako Lehen Eko Rallyaren urtekerea eta helmugea Bilbon izango da irailaren 20an eta 21ean. RAC Vasco-Navarrok antolatzen dau eta ondokoak dira babesleak: Bilboko Udala, Energiaren Euskal Erakundea eta Acciona.

Lehiaketa honen helburua da ingurumena errespetetan daben eta eguneroko erabilerarako egokiak diran ibilgailuak bultzatzea; ibilgailu horreek energia alternatiboak erabiliko ditue eta, holan, lehiaketa hau erregai barriak garatzeko saiakerea izango da. Erregulartasuna eta kontsumoa neurtzeko rallya izango da eta ia 500 kilometro egin beharko ditue parte-hartzaileek.

Mobikortasuna, erregai alternatiboak, estaduan egingo dan lehen Eko Rallya... gai asko, beraz, mobikortasun gaietan aditua dan Luis Murguia jn.agaz aztertzeko.


1.- Europako ekimenagaz bederatzigarrenez bat egingo dau aurten Bilboko Udalak 'Aire garbia danontzat' lemapean. Aire garbia danok gura dogu baina kotxe barik galduta gagoz. Energia alternatiboa da konponbidea ala hezkuntza eta kotxearen zentzunezko erabilerea sustatzea?

Arazo horren konponbidea ez da erraza, mobikortasunaren kontsumitzaile asetuezinak gara. Petrolioaren menpekotasuna ahalik eta arinen gitxitu egin behar dogu, eta horretarako gaur egun eskura doguzan energia alternatibo guztiak erabili; hortik aurrera, denporeak esango dau zein energia alternatibo nagusituko dan. Edozelan be, zentzuzko kontsumitzaile bihurtu behar gara.


2.- Petroleoaren eskasiari eta kutsadureari aurre egiteko BioEtanola, BioDiesela, gas naturala, hidrogenoa, energia elektrikoa, hibridoak... Bihar-etzi, zein izan daiteke sistemarik erabilena?

Hamabost urte barru, autoek hidrogenoa erabiliko dabe, energia garbiz lortutako hidrogenoa. Bien bitartean, hidrogenoa erabiltea, manipuletea, gordetzea, garraiatzea, gaur egun azaltzen dituan arazoak konpontzea komenidu da.

3.- Era horretako kotxe 'garbiak' egunero erabilteko preparauta dagozala eta prestazino onak daukiezala ezagutarazotea da Eko Rallya antolatzeko helburuetako bat, ezta?

Hori da, gaur egun kalean kotxe ‘nahiko garbiak’ badagoz egon eta kotxe mueta horreek praktikoak dirala, ez dirala aspergarriak eta eguneroko kotxe bezela erabilgarriak dirala ezagutarazo gura dogu. Hurrengo urteetan kotxe honeen eboluzinoa hurretik ikusi nahi dogu eta, esangura horretan, Eko Rally honek jarraipena izango dauela ziur gagoz.

Bestalde Eko Rallyaren bigarren helburua gidarien jokabidea aldatzea da, kotxe berezi bategaz kontsumoa asko murriztu geinkela gidatzeko modua aldatuz.


4.- Holako rally bat antolatzeko, Energia Alternatiboko Ibilgailuen Montecarloko Rallya hartu dozue eredutzat. Rally horren bigarren edizinoa 2008ko martiaren 28tik 30era egin zan eta lehiaketa horretara RAC Vasco-Navarroko talde bat joan zan, parte hartzera eta holako lasterketa bat zelan egiten dan barrutik ikustera. Zelako esperientzia izan zan?

Oso esperientzia interesgarria izan zan. ‘Automobile Club de Monaco’ auto lehiaketa antolatzaile bezela sekulako esperientzia daukie, eredu dira. Beraz, gauzak zelan egiten dituen ikustea guretzat oso garrantzitsua izan da. Halan dabe, espero dogu gure Eko Rallya eurena baino hobea izatea. Han ikusitako gauzatxu batzuk hobeto antolatu nahi doguz.

Beste alde batetik, parte-hartzaile bezela, oso esperientzia betegarria; ha barrutik ikustea zan gure helburu bakarra, baino ‘saltsan’ sartuta ginalarik, laugarren postua lortzea poztasun handia izan zan.


5.- Energia Alternatiboen EAE eta Nafarroako Eko Rallya lehenengoa izango da Espainian, inoiz ez baita mueta horretako ibilgailuakaz lehiaketarik antolatu. Zelako erantzuna espero dozue? Zenbat parte-hartzailek emon dabe izena honezkero?

Lehenengo helburua gitxienez 25 kotxe urteeran eukitea zan. Oraintxe bertan 40 bat espero doguz. Erantzuna oso ona da orain arte, Esdatu osotik ari gara jasoten inskripzino eskaerak, Katalunia eta Madriletik batez be.


6.- EAEn eta Nafarroan zirkulazinorako zabalik dagozan errepideetatik ibiliko dira autoak, eta tarte berezi batzuetan erregulartasuna neurtuko da eta kontrol ezkutuak egongo dira. Aurrez ezarritako bestelako araurik egongo da?

Arauak nahiko sinpleak dira, ordutegi-kontrolak bete behar dira, tarte berezietan abiadurea zorrortz kontrolau beharko dabe parte-hartzaileek eta rally osoan kontsumoa arreta handiz murriztu. Trafiko arauak be bete behar dira, jakina.

Rallyaren ibilbideari jagokonez, urteeran egon arte parte-hartzaileek ez dabe jakingo.

Sailkapen orokorra ordutegiaren penalizazinoa eta kontsumoaren penalizazioa batuz atarako dogu.


7.- Edozeinek parte hartu leike Rallyan?

Bai, jakina, parte hartzea zabalik dago kotxe zaletasuna daukienentzat edo energia alternatibo arazoetan zeozelako ardurea daukienentzat. Era berean, ahalik eta kontsumo txikiena lortzeko trebetasuna egiaztatu gura dabenentzako be aukera ederra izango da.


8.- Ze ibilgailu behar da Rallyan parte hartzeko? Kilometro bakotxeko 120 g. CO2 baino gitxiago emitiduten daben kotxeak (2008ko urtarrilaren 1etik matrikulazino-zergea ordaintzen ez daben auto guztiak) erabil daitekez?

Energia alternatiboko kotxe mueta guztientzat parte hartzea zabalik dago; beraz, elektrikoak, hibridoak, gasa erabilten dabenak, BioEtanola, BioDiesela, hidrogenoa erabilten dabenak onartzen doguz.

Horrezaz gan, esan dozun moduan, gasolina edo diesel ‘normala’ erabili arren, kilometro bakotxeko 120 g. CO2 baino gitxiago aireratzen dabenak be onartuko doguz.

Kontuak kontu, parte hartzeko kotxe egoki asko dagoz gaur egun gure inguruan baina asmoa sailkapen ona lortzea bada, kotxea kontu handiz aukeratzea komendiu da.


9.- Automobilaren Nazinoarteko Federazinoak abian jarri dau Energia Alternatiboen Txapelketea eta horren barruan dagoz Rally muetako lehiaketak eta zirkuituan egiten diran lehiaketak. Badago aukerarik zirkuito horretan sartzeko?

Guretzat datorren urtean, 2009an, FIAk Europa mailan gure Eko Rallya Txapelketan sartzea oso garrantzitsua izango litzateke. Hori lortzeko ahalegin guztiak, eta osogai guztiak mimo handiz lantzen gabilz.


10.- Mobikortasunaren zein energia alternatiboen erabilerearen harian, ze sentsibilizazino maila dago euskal gizartean?

Euskal gizartean beste leku askotan bezala aldaketa sakona sortzen ari da gai hauetan. Ez da egun batean lortzen den gauza, baino joera geldi ezina da. Gure aldetik Eko Rally hau antolatzean joera hori indartzea dugu buruan. Kontsumitzaile arduradunak izan behar gara denak.


Informazino gehiago jasoteko eta Rallyan izena emoteko, zoaz www.racvndeportes.com webgunera; idatzi racvn@racvn.net helbide elektronikora; deitu 943-430800 telefonora, edo bialdu faxa 943-429150 zenbakira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu