111 Akademiak baditu jada 111 akademiakide

Bizkaie! 2008-09-03 14:28

Hasieran ezarritako kopurua lortu dauen arren, euskal literaturzaleen lehenengo akademiak irakurle gehiagoren bila jarraituko dau.

2007ko apirilean, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 111 Akademia aurkeztu ebanean, hasierako helburua 111 akademiakidetara heltzea zala azaldu eban; hau da, gitxienez 111 euskal irakurle behar zituan akademia honek. Urtebete geroago, 111 Akademiak baditu 111 akademiakide, baina ez dau, inondik inora, kopurua bere horretan ixteko asmorik. Holan azaldu dau Jon Unanue Lopezek, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak: 'Orain urtebete jarri genduan lehenengo helburua 111 akademiakidetara heltzea zan, baina aurrerantzean be Euskal Herri osoko akademiakide gehiagoren bila jarraitzeko asmoa dogu. Euskal irakurle guztiak ondo etorriak izango dira 111 Akademian'.

Gaur egun, 111 Akademiak 111 kide ditu, eta gehienak gipuzkoarrak dira, 79. Horreez gan 12 arabar dagoz, 10 bizkaitar, 7 nafar, eta 3 lapurtar. Horregaitik, batez be Gipuzkoa ez beste ganerako lurraldeetara begira jarriko da 111 Akademia datozen hilebeteetan. 'Ez deutseguz gipuzkoarrei ateak zarratu gura, ezta gitxiago be, baina ganerako lurraldeek orain dabena baino ordezkaritza zabalagoa izan daien nahi dogu'.

2008-09 ikasturteari begira 111 Akademiak izango dituan betebeharren artean dago, zelan ez, 111 Akademiak sortzez dauen zeregina, hau da, 2008ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena aukeratzea. Horrezaz gan, akademiakideen artean bi batzorde osotu dira: Beterriko Liburua literatur aldizkariko Erredakzino Batzordea, batetik, eta Batzorde Eragilea, bestetik. Erredakzino Batzordeak Beterriko Liburua aldizkariaren edukien nondik norakoak izango ditu aztergai. Urtean bizpahiru bilera egingo ditu, eta ganerakoan, lanaren zatirik handiena, internet bidez egingo dau. Beterriko Liburua aldizkaria barritzeko asmoa dauka Larramendi Bazkunak, bere edukiak euskal literaturara mugatu beharrean literatura unibersalari be ateak edegiz, beste hainbat aldaketen artean, eta barrikuntza horretara bidean emon beharreko pausuak be aztergai izan ditu Beterriko Liburua aldizkariko Erredakzino Batzordeak.

Batzorde Eragileak, barriz, akademiaren jarduna zuzenduko dau, akademiak urtean zehar egingo dituan ekintzak zehaztuko ditu. Esandako moduan, Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena aukeratzea eta Beterriko Liburua aldizkaria argitaratzea 111 Akademiaren urteroko jardunaren barruan egongo dira, baina horrezaz gan, akademiak irakurzaletasuna suspertzeko beste hainbat ekintza be burutu leikez, esaterako, literatur solasaldiak edo irakurketak. Batzorde Eragileak aparteko jarduera horreek egin daitekezan ala ez, eta egitekotan, zein izan behar daben erabagiko leuke.

111 Akademia heldu da, beraz, 111 akademiakidetara, baina oraindino askoz gehiago hazteko asmoa dauka. Beraz, euskeraz irakurtea gogoko izan eta akademiakide izan nahi daben euskal irakurle guztiak konbidatzen ditu Larramendi Bazkunak 111 Akademiako kide izatera. www.111akademia.com webgunean topauko dabe horren inguruko informazino guztia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu