Bilborik baserritarrena ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditue
2008-09-02 15:41Bisitak eguaztenean, irailak 3, hasi eta domekara bitartean egingo dira, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, euskeraz eta gaztelaniaz. Erreserbak 944 356 036 telefonora deituz egin daitekez honezkero, 9:00etatik 13:00etara bitartean deituta.
Udako atsedenaren ondoren, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Uria ezagutarazotea helburu dauen programeari ekingo deutso barriro be auzoetan ibilaldi txikiak antolatuz.
Bisitak eguaztenean, irailak 3, hasi eta domekara bitartean egingo dira, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, euskeraz eta gaztelaniaz. Erreserbak 944 356 036 telefonora deituz egin daitekez honezkero, 9:00etatik 13:00etara bitartean deituta.
‘Bilbao Izan’ programearen barruan eta udako tartea amaituta, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak aurrera jarraituko dau ‘Botxoko mendi-mazelak deskubritzen: zortzi bisita gidatu Bilbo ezezagunean barrena’ deritxan ekimenagaz. Proposamen honek Uria inguratzen daben mendietako inguru ederrenetako batzuk ezagutzeko konbita egiten dau eta irailean eta urrian Altamira, Buia, Loruri eta Zurbaran izango ditu ardatz.
Altamiran, bisitak bertatik bertara erakutsiko dau zelan populau diran Bilbo hegoaldeko mazelak, joan dan mendeko berrogeigarreneko hamarkada arte baserri inguru hutsak ziranak. Bisitariek Aita Donostia plazan hasiko dabe ibilbidea (11:00etan eta 17:00etan) eta bertan Altamira erdialdeko egoitza-guneak eta auzoaren goialdean, Kobetatik hurbil dagozan 60ko hamarkadako eraikinak ikusi ahal izango ditue. Ibilaldia eleizan amaituko da.
Buia: Bilboko baserririk zaharrena
Zapatuetan (12:00etan eta 17:00etan)eta domeketan (12:00etan), bisita gidatuek Buia ikusteko aukerea eskainiko dabe. Plaza Biribiletik abiatuta, programak baserriak eta eskola zaharren kokagunea (XX. mende hasieran eregi ziran) erakusten dituen ibilbidea eskaintzen dau, eta horren ondoren auzoaren beheko aldera eroango ditu bisitariak. Bertan, etorkinen etenbako etorrerak txabolen eraikuntzea bultzatu eban 50eko hamarkadan, eta horreexek izan ziran urteak joan eta urteak etorri egungo eraikinen jatorria.
Ibilbide horretako gunerik interesgarrienen artean, XVII. mendean eregi eta Eusko Jaurlaritzak intereseko monumentu izentau dauen Seberetxeko Jauregia etaBilboko baserririk zaharrentzat jotzen dan bost mende inguruko Asua baserria nabarmendu behar dira. Horregaz batera, bisitariek ortuz, oilategiz eta garbilekuz betetako nekazal inguruaren eta Bilboko giro urbanoaren arteko kontrasteaz jaubetzeko aukerea izango dabe.
‘Botxoko mendi-mazelak deskubritzen’ programea maiatzean hasi zan eta geroztik ibilaldiak antolatu ditu Otxarkoagan, Masustegin, Abusun eta Kainu Paseakekuan. Programeari amaierea emoteko, datorren hilean ‘Lorurien Bilbo’ izeneko programan jasoten diran ibilaldiak eskainiko ditu Loruri eta Zurbaran auzoetan zehar.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!