Faustino Etxebarria bertsolaria joan jaku
2008-08-25 10:42 BertsolaritzeaFaustino Etxebarria Gogenola bertsolari eta idazle dimoztarra barikuan zendu zan Galdakaon. Bizimodu luzea eta oparoa izan da Faustinorena. 1917an Diman jaio zan Etxenagusia baserrian, Indusi kofradiako Zamakola auzoan.
Oingoan, barri txar bategaz natortzue. Faustino Etxebarria Gogenola bertsolari eta idazle dimoztarra barikuan zendu zan Galdakaon. Bizimodu luzea eta oparoa izan da Faustinorena. 1917an Diman jaio zan Etxenagusia baserrian, Indusi kofradiako Zamakola auzoan.
Plazetan kantetan hasi zanean, bere herritarra zan Esteban Uriarte euki eban alboan. Garaiko eta osteko hainbat bertsolariren moduan, Faustino Etxebarria gerra denporan kartzelan egun bat baino gehiago igarotakoa da. Holako kasuetan pasetan dan lez, kartzelaldia, bertsotan jarraitzeko oztopo edo traba izan beharrean, horretan segiduteko akulua izan zan.
1960an bera izan zan Arratiako txapelduna Bizkaiko Hirugarren Bertsolari Txapelketearen barruan. Plazarik plaza euki eban bide-lagun aitagarrienetariko bat Basilio Pujana bertsolari zeaniztarra izan zan.
Liburu bi be eskribidu zituan Juan Manuel Etxebarriak bultzatuta: 'Nor garan azaldu' (1990) eta 'Nire gazte denpora' (1996). Hainbat lehiaketetan be sariak jasotakoa da Faustino eta beraz, plazan bertsotan entzuteko aukerea euki ez dauenak ez dauka Faustinoren lan idatzia ez leiduteko atxakiarik.
Hona hemen bere bertso batzuk 'Nor garan' azaldutik batuak:
Dimako zezenak
Diman daukagu plaza polit bat
zezen-plazatzat jarria,
begiratuta emoten deusku
bistale ikusgarria.
Alde batetik udaletxea
zaindu dagian erria,
eta arri bat jarlekurako
lenaokoak ekarria.
Gure Bizkaian ez da erririk
olango plaza daukanik,
ikusiteko jende guztiak
bera onena izanik.
Dimako plazak ez dau emoten
barriarentzako planik,
ez dago iñun Euskal-Errian
aren antzekoa danik.
Giltza andi bat botaten eben
udalako balkoieti,
jinete batek artuaz bertan
zaldi ederran ganeti.
Ate gogorra zabalduagaz
giltzariaren aldeti,
kornetak bere agintza bota
zezenak urten dau beti.
Ogei eta lau bertsotan jarri
Dimako zezen kontua,
erriarentzat gozoa izan
antxiñeko inbentua.
Arratsaldean zezenak plazan,
gabatan bertso kantua,
orain tristezaz izango da ba
patroitzat dogun santua.
Iturria: Arratiako Euskal Idazle Aitzindariak (in memoriam).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!