Justo Ezenarro: 'urioletan, herritarrak eta euren eskuzabaltasuna be protagonista izan ziran'
2008-08-19 15:12 Barriketan'Lokatzetik suspertu zan uria' erakusketearen arduraduna
Danok gogoratzen dogu non gengozan 1983ko abuztuaren 23an. Jaio barik egozanek be badakie zer pasau zan Bilbon eta Bizkaiko zein inguruetako hainbat herritan egun haretan. Udea urtaro sikua izan arren, euria lotu barik botaten eban eta itsasoko mareakaz bat egin ostean, errekak ganezka egiten hasi ziran. Bidean, urak autoak, etxeak, animaliak eta, kasurik latzenean, lagunak eroan zituan. Euria geratu eta ura bere horretara joan zanean, basaz beteriko paisajea agirian lotu zan.
Egun ha eta hurrengoak gogoratzeko, Bilboko Udalak 'Lokatzetik suspertu zan uria' izeneko erakusketea antolatu dau. Zabalguneko eraikinean dago ikusgai abuztuaren 31ra bitartean. Han ikus daitekezanak Bilboko Udaleko Kultura saileko zuzendariorde eta erakusketearen arduradun nagusi Justo Ezenarrok azaldu deuskuz.
1.- 1983ko uriolen 25. urteurrenaren harian antolatutako erakusketea multimedia da. Ze arlo hartzen ditu 'multi' horrek?
'Multi' horrek danetarik dagoala esan gura dau, testua, argazkiak, bideoak, irratsaioak, egunkarien portadak... Hau da, ikus-entzunezko elementu desbardinak.
Erakusketearen oinarrian argazkiak dagoz eta argazkion alboan Koldo Izagirrek berenberegi idatzitako testu poetikoak dira. Testu horreek argazkien edukiak azaltzen ditue.
2.- Herritarrek argazkiak, bideoak, bizipenak... bialtzeko deialdia egin zenduen. Zelakoa izan da erantzuna?
Jasotako erantzuna oso ona izan da. Bilboko Udalaren webgunearen bidez ehun argazki baino gehiago jaso doguz. Baina askok ez ditue argazkiak formato digitalean izan, diapositiban edota argazkia bera baino ez. Horreei, erakusketearen lehenengo egunetan, eskaneetako makinea jarri geuntsen eskuragai, argazkiak formato digitalera pasetako.
Argazki ugari jaso doguz eta ezinezkoa zan danak erakusketan jartea. Horregaitik, telebista pantaila batzuk jarri doguz eta, bertan, argazkiak ikus daitekez pasetan, banan-banan, etenik barik. Leku arazoari holan egin deutsagu aurre.
3.- Herritarrez gan, egunkariek, irratiek, telebistek... be parte hartu dabe erakusketan.
Guk eskatuta, hainbat komunikabidek orain dala 25 urteko materiala itxi deuskue. Holan, uriolen hurrengo egunetako egunkarien portadak edota irratietako albistegietan zabaldutakoa jarri dogu publikoak ikusi eta entzun dagian. Material aukeraketea egitea ez da bape erraza izan ze komunikabideetatik jasotako erantzuna bikaina izan da.
4.- Erakusketea lau zatitan banatuta dago. Lehenengoan...
Uraren inbasinoa erakusten da. 1983ko abuztuaren 23an ura noraino ailegau zan ikus daiteke argazkiei esker. Irudietan, besteak beste, Arenal, Arriaga Antzokia, merkadua, tren geltokia... agiri dira urez ganezka.
5.- Bigarrenean...
Basaz betetako paisajea ikus daiteke. Behin urak behera egin ebanean, Alde Zaharra lokatzez beteta geratu zan, apurtu-apurtuta, autoak, altzariak... kaleetan danetarik egoan.
Kontuan izan behar da urak Bilbo eta Bizkaiko beste hainbat herri hartu zituanean, jentea bildurtu egin zala eta, beraz, momentu horretako argazki gitxiago jaso doguz. Danetarik jaso dogun arren, bigarren eta ondorengo ataletan material gehiago dago.
6.- Hirugarrenean...
Herritarren eskuzabaltasuna eta lankidetzea agiri dira. 83ko urioletan, boluntarioen lana azpimarragarria izan zan, baita lan hori antolatzeko modua be. Jenteak kalera urten eban, auzoa garbitzera eta eremua berregokitzera.
Erakusketan, atal honetan, argazkietan jentearen arpegiak agiri dira, gogor lan egin ostean bazter batean jesarri eta kantsauta dagozan arpegiak edota ingurua ikuskatzera joandako politikoen arpegiak, tartean orduko lehendakaria zan Garaikoetxea eta Bilboko alkate Jose Luis Robles.
Atal honetan, jentearen irudia atara gura izan dogu, alkartasunak arpegi zehatzak izan zituala erakusteko. Protagonista nagusia ura izan arren, urioletan herritarrak eta euren eskuzabaltasuna be protagonista izan ziran eta hori da erakusketa honek azpimarratu gura dauena. Ezelako antolamenturik barik, alkartasun uriolea sortu zan eta hori azpimarratzekoa da.
7.- Eta, azkenik, laugarrenean...
Komunikabideen zeregina agiri da. Komunikabideek jazotakoari behar eban garrantzia emon eutsen. Erakusketan, El Correo eta Deia egunkarien uriolen hurrengo egunetako portadak dagoz ikusgai. Testua baino, portadotan argazkiak dira nagusi, beti esaten dan moduan, irudi batek berbak baino gehiago balio dauelako. Egunkariotan, baita, Bilbon izandako hildako bakarra, kalean bizi zan 'Madriles' ezizeneko gizonezkoaren argazkia agiri da.
Egunkariez gan, telebistaz emitidu ziran irudi batzuk be jaso doguz, baita irratietako korteak be, Radio Euskadik eta Ser irratiak itxitako materiala.
Egun horretan, komunikabideen zeregina eta, batez be, irratiena oso garrantzitsua izan zan. Telefonorik ez ebilen eta irratiak zeregin garrantzitsua izan eban jentea eta boluntarioak antolatzeko momentuan.
8.- Umore ikutuagaz emoten jako amaierea erakusketeari.
Bai, Bilbon gagozala kontuan izanda, uriolen ganeko 'bilbainada' bat jaso dogu, Los Cinco Bilbaínos taldeak abesten eban 'Dale que dale al baile' kantea.
9.- Erakusketea interaktiboa be bada ze bisitariek euren eretxiak edota bizipenak ixteko aukerea dabe.
Bai. Horretarako, panel bat jarri dogu, bertan jenteak gura dauena idazteko, egun hareetan bizitakoak, erakusketearen ganekoak... Jenteak parte hartzeko aukerea izan dagian jarri dogu ze, azken batean, erakusketea jentearen parte hartzeari esker antolatu da eta, urioletan be, eskuzabaltasuna izan zan nagusi.
10.- Zeintzuk dira, zure ustez, uriolak bizi izandakoek gordetan dituen irudiak edota bizipenak?
Jenteak gehien azpimarratzen dauena egun horretan bizi izandako alkartasun sentimentua da. Txarra ahaztu eta ona gogoratzen da, gehien bat. Danek dinoe ez dabela barriro bizi izan abuztuaren 23 haretan eta hurrengo egunetan bizitako alkartasun giro hori.
11.- Ganera, Aste Nagusian, uriolan laguntzen izan ziranei omenaldia egingo jake, abuztuaren 21ean, 12:00etan Arriaga Antzokian. Zelako ekitaldia antolatu dau Udalak?
Ni ez naz omenaldi horren antolakuntza lanetan ibili baina badakit urioletan laguntzen ibilitakoei harrerea egingo jakela. Ostean, bideoak eta argazkiak izango dira ikusgai, azkenean oroigarri bat bananduko da eta, zelan ez, kopautxua be egongo da. Ekitaldira joan ahal izateko gonbidapenak jaso behar dira Zabalgunea Eraikinean dagoan Bilboko Turismo Bulegoan, personako bi.
12.- DVD bat argitaratzeko asmoa dozue. Zer jasoko da bertan? Zelan eskuratu daiteke oroigarri hori? Salgai jarriko dozue ala dokumentu historiko legez gordeko da?
DVDan herritarrek bialdutako material guztia jasoko da, hau da, argazkiak, bideoak, webgunearen bidez idatzitako testigantzak, erakusketan bertan grabautakoak...
Lan hori, doban, herritarren esku jarriko dogu eta, zelan ez, artxibategian be gordeko dogu.
13.- Erakusketea abuztuaren 31ra arte dago zabalik eta honezkero badaroaz aste batzuk. Bisitari asko izan ditu?
Oraindino ez daukagu datu zehatzik baina erakusketea beti dago bisitariz ganezka. Turista asko hurreratzen dira, hoteletan eta turismo guneetan kanpaina berezia egin dogulako. Baina bertokoak be badatoz, sasoi batekoak gogoratzeko. Askotan, gurasoak edota aitita-amumak etorten dira seme-alabakaz edo lobakaz, bizitakoak familiakideei kontetako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!