Rober Gutiérrez: 'datozan lau urteotan 1.500 Ziurtagiri barri emotea aurrikusten dogu'

Ziurtagiriaren Elkartea Eta Bizkaie 2008-08-04 14:55   Barriketan

Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria

Orain dala zortzi urte sortu zan Bai Euskarari Ziurtagiria lan munduaren euskalduntzean eragiteko. Honezkero 1.563 enpresa, saltoki eta mueta guztietako entidadek daukie Ziurtagiria eta danetara 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean dabizanak. Igaz, Ziurtagiriaren Elkartea sortu eben Bai Euskarari Ziurtagiria hobeto kudeatzeko eta, Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren esanetan, urte emonkorra izan da aurtengoa: 'datozan lau urteotarako erronka nagusiak zehaztu doguz'.


1.- Orain dala urtebete sortu zenduen Ziurtagiriaren Elkartea Bai Euskarari Ziurtagiria kudeatzeko. Lehenago, Kontseiluak egiten eban lan hori. Zergaitik erabagi zenduen Ziurtagiriaren Elkartea sortzea?


Bai Euskarari Ziurtagiria lan munduaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa danez, ikusi genduan beste mueta bateko entidadeak be inpliketea beharrezkoa zala proiektu hau garatzeko. Horregaitik sortu genduan Ziurtagiriaren Elkartea eta, holan, proiektu zabalagoa, konpartidua eta eraginkorragoa jarri zan martxan. Orain, Ziurtagiria daukien entidade guztiek parte hartzen dabe Bai Euskarari Ziurtagiriaren gestinoan. Ziurtagiriaren Elkarteak hiru bazkide mueta ditu: babesleak, erabiltzaileak eta laguntzaileak; Ziurtagiria dabenak Elkartearen bazkide erabiltzaileak dira.


2.- Urte honetan zein eginkizun nagusi izan ditu Ziurtagiriaren Elkarteak? Zelako balorazinoa egin dozue?


Oso urte oparoa izan da eta, beraz, gure balorazinoa ona da. Datozan lau urteotarako oinarriak finkatzen izan gara. Ziurtagiriaren diagnostikoa egin dogu eta diagnostiko horretan oinarrituta datozan urteotarako erronka nagusiak zehaztu doguz. Horretarako, datozan lau urteotarako estrategia plana diseinau dogu.


3.- Eta zeintzuk dira datozan urteotarako erronka nagusiak?

2012. urterako lortu gura doguzan helburuak hiru ardatz nagusitan oinarritzen dira: Bai Euskarari Ziurtagiriaren zabalkundea sustatzea; Euskal Herrian arlo sozioekonomikoan, euskerearen normalizazinoan erreferente izatea eta personen gogobetete mailea asetzea. Esangura horretan, datozan lau urteotan Ziurtagiria daben entidade kopurua bikoizteko lan egingo dogu.


4.- Eta zer egingo dozue horretarako?

Hori lortuko da, industria poligono, teknologia zein kultura parke eta antzekoetan zabalduz, eta horretarako plan bat diseinetan gabiz. Bestalde, ganera, gure helburua egungo bazkideak mantentzea da, hau da, Ziurtagiria daben entidadeen barriztatze indizea altua izatea.


5.- Ziurtagiriaren Elkartearen erronkak aztertu bai, baina Ziurtagiriak berak honezkero 8 urteko ibilbidea egin dau.

Bai, holan da. Ibilbide luze eta oparoa egin dau Bai Euskarari Ziurtagiriak arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten, hau da, euskerearen aldeko neurri zehatzak hartzen dituen entidadeak identifikau eta kreditetan.


6.- Zelan definiduko zeunke Bai Euskarari Ziurtagiria?

Berba gitxitan esango neuke arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa dala: profesionala, independentea, hurrekoa eta euskerearen normalizazinoa helburu dauena.


7.- Zehaztu zeinke azken helburu hori?

Helburu nagusia euskeraren normalizazinoa da. Bai Euskarari Ziurtagiria normalizazino horretan eragiteko proiektu bat da. Hori da helburu nagusia baina baditu beste bi helburu be: batetik, euskerearen normalizazinorako pausuak emoten dituen entidadeak identifiketea eta zein mailatan dagozan esatea; eta bestetik, entidade horreek saritzea.


8.- Eta zer emoten deutse entidade horreei Ziurtagiriak?

Ziurtagiriak balio erantsia emoten deutse, eta segurtasuna. Ziurtagiriak irudi bat eskaintzen dau eta gizartearen aurrean kreditetan dauen tresnae da. Ganera, Ziurtagiriak ziurtatzen dau entidade horreek maila jakin batean dagozala eta hurrengo mailea lortzeko zer egin behar daben azaltzen deutse. Alde horretatik, metodologia bat eskaintzen dau. Azken batean, kalidadea eskaintzen deutse eta euren produktu eta zerbitzuei balioa ganeratzerakoan, merkaduaren aurrean lehiakorrago egiten ditualako gura izan dabe Bai Euskarari Ziurtagiria. Oraintsu martxan jarri dogun Ziurtagiriaren komunikazino kanpainan agirian geratu da.


9.- Ze pausu jarraitu behar dira Ziurtagiria eskuratzeko?

Lehenengo eta behin entidade horren hizkuntza egoerea aztertzen dogu. Horretarako bost parametro hartzen doguz kontuan: beharginen hizkuntza egoerea; irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia; barruko hartu-emonak; kanpo hartu-emonak; eta programa informatikoak. Bost atal horreetan jasoten diran elementu guztien azterketea egiten dogu.


10.- Ondoren, mailea erabagiten dozue?

Bai, holan da. Ziurtagiriak hiru maila ditu: 'Zerbitzua eta lana euskeraz' maila gorena, 'zerbitzua euskeraz' eta 'bidean'. Maila bakotxa lortzeko erispide batzuk finkatu dira eta horreek bete behar dira Ziurtagiria eskuratu aurretik. Lortzen dan mailea erispide horreen araberakoa izango da.


11.- Zenbat enpresak daukie Bai Euskarari Ziurtagiria?

Honezkero, Euskal Herri osoko 1.500 enpresa, saltoki eta mueta guztietako entidade baino gehiagok eskuratu dabe Ziurtagiria. Zehatz-mehatz esanda, 1.563 dira Ziurtagiria dabenak eta danetara 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean dabizanak. 2000. urtean sortu zanetik etenik barik egin dau gora.


12.- Enpresa, saltoki eta mueta guztietako entidadeetan euskereak dauen egoereari begiratuta maila bat edo beste lor daiteke. 1.563 entidade horrek zein mailatan dagoz?

166k 'zerbitzua eta lana euskeraz' mailea eskuratu dabe, 514k 'zerbitzua euskeraz' eta 883 'bidean' mailan dagoz. Bai Euskarari Ziurtagiria daukien entidadeak zein sektoreri jagokozan begiratuz, barriz, % 13, enpresa industrialak dira; % 37, merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; % 19, kultura, gizarte mobimentu eta kirolaren sailari jagokoz; % 7, hezkuntzeari; %20, zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira; % 1, administrazinoa eta alderdiak dira; eta azkenik, % 2, lehen sektoreari jagokozanak dira.


13.- Zertan igarten da Ziurtagiriaren eragina?

Kopurua garrantzitsua da. Baina inportanteagoa da horren atzetik dagoan lana, Ziurtagiria daben entidadeek urtez urte emoten dituen pausuak, lortzen dituen helburuak eta egunerokoan eragiten dabena. Ganera, entidade horreek lanean dabiz: euskerea ikasten, errotuluak euskeratzen, webguneetan euskerea erabilten, bezeroak euskeraz hartzen, komunikazino publikoetan euskeraz berba egiten, euskeraz dagozan programa informatikoak erabilten, hornitzaileei euskeraz lan egiteko eskatzen, produktuen etiketak euskeratzen…

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu