Mondragon Unibersidadeko 183 ikaslek atzerriko unibersidadeetan amaitu dabe 2007-2008 ikasturtea
2008-07-29 11:53 Euskaldunak munduanHorreetatik 110 nazinoarteko unibersidade ezagunenetarikoetara joan dira -Europakoak eta Kanadakoak batez be-, bigarren zikloak, Masterrak eta Doktorego ikasketak egitera. Ganerako 73 ikasleek -praktiken atalean- atzerrian egin ditue enpresa-praktikak eta ikasketa amaierako proiektuak, Latinoamerikan, Ingalaterran eta AEBetan hain zuzen be.
2007-2008 ikasturtea atzean geratu da honezkero eta Mondragon Unibersidadeak (MU) atzerriko unibersidadeakaz sinatutako lankidetza-hitzarmenen frutuen barri emon dau. Amaitu barri dan ikasturtean, MUko 183 ikaslek atzerriko unibersidadeetan ikasi dabe. Horreetatik 110 nazinoarteko unibersidade ezagunenetarikoetara joan dira -Europakoak eta Kanadakoak batez be-, bigarren zikloak, Masterrak eta Doktorego ikasketak egitera. Ganerako 73 ikasleek -praktiken atalean- atzerrian egin ditue enpresa-praktikak eta ikasketa amaierako proiektuak, Latinoamerikan, Ingalaterran eta AEBetan hain zuzen be.
MUko iturriek jakinarazo dabenez, nazinoarteko prestakuntza osogarri hori posible izateko, euskal unibersidadeak Europako, Ipar Amerikako eta Latinoamerikako 45 unibersidadegaz ditu hitzarmenak eta alkartrukerako programak. Azken bost urteotan, berbarako, Mondragon Unibersidadeko 835 ikaslek atzerriko unibersidadeetan egin ditue ikasketak. Era berean, atzerriko 157 ikaslek Mondragon Unibersidadean ikasi dabe 2003-2004 ikasturtetik. Azken urteotan Frantziako, Britainia Handiko, AEBetako eta Kanadako ikasleak izan dira MUn, baita Argentinako, Kolonbiako, Kubako, Txileko, Mexikoko, Venezuelako, Britainia Handiko eta Suitzako unibersidadeetakoak be.
Mondragon Unibersidadeko ikasleek hiru bide ditue unibersidadearen alkartruke-programetan parte hartzeko. Batetik, unibersidade-ikasketak atzerrian amaitzeko aukerea dabe, bigarren zikloak eginda; bestetik, praktikak eta ikasketa amaierako proiektuak beste herrialde batzuetan egin ahal ditue, atzerriko unibersidadeetan; azkenik, graduondoko programak atzerriko unibersidade horreetan egiteko aukerea be badabe.
Mondragon Unibersidadeak bikaintasun alkarguneak sortzea gura dau ikerketa-zentro, unibersidade eta enpresen nazinoz bestaldeko lankidetzea bultzatuz. Horregaz guztiagaz batera, euskal unibersidadeko eta atzerriko unibersidadeetako ikertzaileen arteko lankidetzeak hainbat ikerketa-proiektu bateratzea ekarri dau. Ikerketa-arloan, Mondragon Unibersidadearen nazinoarteko bokazinoaren helburua nazinoarteko lankidetza-sarea zabaltzea da, ikertzaileei eta industriari ezagutzak eta teknologia barriak garatzen eta trukatzen laguntzeko.
Bide horretan, azpimarragarriak dira hainbat unibersidadegaz sinatutako lankidetza-hitzarmenak: Pail Sabatier, ENSIEG, Bordeleko Unibersidadea, Latinoamerikako Unibertsitate Teknologiko Nazionala edota CIESO Ikerketa Zentroa, besteak beste.
Beste alde batetik, MUk Euskadi-Akitania lankidetza-proiektuetan be parte hartzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!