2002, 2004 eta 2006ko bertsoak gogoan
2008-07-24 11:44 BertsolaritzeaAurreko artikulu baten gero arte esaten geuntsan Bizkaiko Bertsolari Txapelketeari. Urri bigarrenerarteko tarte hori luzea egingo jako bertsozale askori. Artikulu hau bertsozale horreei zuzenduta dago batez be. Lasaigarri baten eragina eukiko dauelakoan, hemen dozuez azkeneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketetako finaletako ofizio batzuk.
Aurreko artikulu baten gero arte esaten geuntsan Bizkaiko Bertsolari Txapelketeari. Urri bigarrenerarteko tarte hori luzea egingo jako bertsozale askori. Artikulu hau bertsozale horreei zuzenduta dago batez be. Lasaigarri baten eragina eukiko dauelakoan, hemen dozuez azkeneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketetako finaletako ofizio batzuk.
Lehenengoa, 2002ko finalean, zortziko txikerrean kantau eben Etxahun Lekue eta Fredi Paiarena. Lehenengoak goitik behera ekarri zituan bertsoak, bigarrenak, barriz, berezkoa daukan umorea ibili eban. Gaia honakoa izan zan: 'Etxahun abadea zara. Aurrerantzean, konfesinoak telefonoz be egin ahal izango dira. Goizeko hirurak dira. Fredik konfesino eske deitu deutsu'.
E. Lekue:
Fededun kopuruak
egin daian gora
egin behar genduzan
hamaika aproba
orain lo eiteko be
faltan dot denpora
orduotan deitzeko
larria izango da.
F. Paia:
Pekaturik eiteko
gaur baneukan planik
ta goizeko hirurak
badira jadanik
orain bertan deitzea
erabaki dut nik
bestela pekatuak
pilatuko zaizkit.
E.Lekue:
Telefonoa dabil
jo ta jo jo ta su
baina barriro deika
zetara zatoz zu
egin beharko dozu
mila aurrerapausu
pekatu larriena
deitzean egin dozu.
F. Paia:
Asterburuan jaia
gauza ederrena
ta dut pekatu pila
sorta nabarmena
konfesatu nazazu
ta ez izan pelma
atzean kola egiten
dut kuadrila dena.
E. Lekue:
Goizaldean deitzea
ez al da pasada
hartu behar zenduke
laguna patxada
gaurkoa aurrez aurre
tratatzekoa da
kokoteko bi hartuta
libratuko zara.
F. Paia:
Lasai horretxek aitak
emoten baitostez
konfesinotik orain
egingo dot ihes
hiru ta lau patxaran
eskatu dodan lez
goizeko zazpitako
preparatu zaitez.
Bigarren sorta hau, 2004ko finalekoa da. Bertan Igor Elortzak eta Unai Iturriagak kantau eben buruz buruzkoan. Sei puntuko motza dogu ofizioa; biak be elegante ibili ziran gai honen inguruan: 'zuek Bilboko Udaleko beharginak zarie. Athleticek UEFAn eta Kopan daroan ibilbidea ikusita, suertau leiteke gabarrea atara behar izatea. Badaezpada, gabarrea garbitzeko agindua emon deutsue...'.
I. Elortza:
Gora Athletia gora
jendea dabil gustora
baina gabarrak hamaika uger
guretzat aproba
begira nago zulora
gaindituko ete dau froga
guk garbituko dogu baina igual
hondoratuko da.
U. Iturriaga:
Hortxe dago parez pare
dana uger dana kare
lau belga tristei irabazita
guztia debalde
ez dira buruan jabe
Uefak egin leike alde
ehun urtetako gerra irabazi
dala uste dabe.
I. Elortza:
Ez daukie ez lotsarik
baina halan da betidanik
hau alperreko lana buruan
gaur bueltaka jabilt
finalera heltzea nahi nik
ta holan hangoa galdurik
guk hiru hile pasauko doguz
golperik jo barik.
U. Iturriaga:
Golpeik ez jota hobeto
neuk be halan dinot terko
baina alkate jauna deukogu
guk gure gaineko
suertatzen bada galtzeko
hak aginpidea deuko
eta kapaz da guri agintzeko
barriz zikintzeko.
I. Elortza:
Uefa dogula albiste
egin doguz lau bat txiste
hemen beharra batzuentzako
besteek mila ospe
Gabarra zikin ta triste
lana dago gura beste
hemen ikusi gura neukez nik
Azkuna ta Yeste.
U. Iturriaga:
Gura dozuz ikusi han
Gabarran edo gurdian
txanpan tragoak joka ta joka
umore gurian
duda deukot euforian
Azkuna jaun erorian
irabazita pasatuko zan
Deustuko zubian.
Azken ofizioa hamarreko txikian egin behar izan eben Onintza Enbeitak eta Xabier Payak. Alkarreri lagunduta sano ondo egin eben bertsotan 2006ko finalean.
'Onintza eta Xabier Koadrilako lagun bi zarie. Gaur ezustean zirugia estetikoa egiten dan zentro bateko itxarongelan topau zarie...'.
O. Enbeita:
Topo egin dogu ta
berba be ein geinke
hemen desioren bat
behar dogu bete
nahiz ta ez dan izango
aldaketa merke
lotsak ahaztu ta hara
dinot derrepente
mostradora apur bat
bajatu nahi neuke.
X. Paya:
Pertsonalidea
dekozu galanta
neuk ostera ederrak
beso eta hanka
rinoplastia bat da
neure lehen marka
hemen Kevin Costnerren
sudurra lagata
nire gorputza berez
perfektoa da ta.
O. Enbeita:
Zeuk sinesten badozu
mosu bi zuretzat
holan inok ez zaitu
jodiduko behintzat
baina gauzak ezberdin
diranez niretzat
operatu beharra
derrigorrez daukat
ispiluari beldurra
galdu gura deutsat.
X. Paya:
Ispilua izaten da
sarritan krudela
zelan egongo ginen
gaur hemen bestela
sudurra ja badaukat
ze sudur itzela
oin burua txikitu
txikitu horrela
edo ez jat kabiduko
Bizkaiko txapela.
O. Enbeita:
Egin gurako zeunke
txapelaren jabe
eta Bizkaian izan
guztien errege
baina gatx ikusten dot
hori alafede
zirugiak badauka
berez mila lege
milagrorik ez dabe
egiten hemen be.
X. Paya:
Hamen gastatu gura
sosak eta denak
halan be ezin konpondu
holan geure penak
aldatu behar dira
gaur gure ordenak
Onintza ez al gara
gu bai guapoenak
ez daiala begitu
gura ez dauenak.
Artikulu hau ofiziotan izan da aberatsa. Hurrengo baten ganerako lanak ez doguz ahaztuta itxiko. Txapelketa honeen aurretik be, egon dira beste Bizkaiko Bertsolari Txapelketa batzuk. Bertsolari handiak pasau dira mikroaren aurretik eta ezin izango doguz aitatu barik itxi. Hurrengora arte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!