Euskaldunen kopurua 118.000 lagunetan igon zan EAEn 2001 eta 2006 artean

Bizkaie! 2008-07-23 14:06   Euskerea berbagai

Euskal Autonomia Erkidegoko 2 urteko edo gehiagoko biztanleriaren % 59,5ek zeozer baekian euskeraz 2006an, 2001aren aldean ehuneko lau puntuz hazten dalarik, Eustaten datuen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2 urteko edo gehiagoko biztanleriaren % 59,5ek zeozer baekian euskeraz 2006an, 2001aren aldean ehuneko lau puntuz hazten dalarik, Eustaten datuen arabera. Biztanleria-multzo honetan, 775.000 euskaldunak dira, euskeraz ondo ulertu eta berba egiten dabenak, eta 459.000 ia-euskaldunak, ulermen ona edo halamoduzkoa dabenak eta zailtasunez berba egiten dabenak. Beraz, euskaldunak 2001ean baino 118.000 gehiago ziran 2006an, eta ia-euskaldunak 11.000 gitxiago.

Eustat, Estatistikaren Euskal Erakundeak gaur jakinarazo dauenez, euskaldunak eskualdeen arabera ikusi ezkero, Gipuzkoak jarraitzen dau gehiengoagaz (% 52,9); Bizkaia ondoren (% 31,3) eta Araba azkenik (% 25,1). 2001aren aldean, barriz, Araban gehitu da gehien euskaldunen kopurua, % 8,9; Bizkaian % 6,4 eta Gipuzkoan % 1,5.

Jaiotzek, heriotzek, mobikortasun geografikoak eta euskerea irakaskuntzan sartzeak euskerearen ezagutza homogeneizau eta espazioan zabaldu egiten dabe. Euskerearen gaineko eskualdeetako datu orokor honeek, Araba eta Bizkaiko aurrerapen azkarragaz eta Gipuzkoako apalagoagaz, hizkuntzearen zabalpen eta homogeneizatze espaziala baieztatzen dabe, Eustaten arabera.

Desbardintasunen mobimentu orekatzaile honek bi arrazoi nagusi ditu. Alde batetik, biztanleriaren mobimentu naturala dago, jaiotzak, heriotzak eta, batez be, mobimentu geografikoak, bai kanpo immigrazinoagaitik, bai erkidego barruko mobimentuengaitik; ondorioz, euskerearen ezagutza EAE guztira zabaltzen da. Bestetik, muobikortasun linguistikoa dago; irakaskuntzan euskerea ikasiz igon egiten da personen hizkuntz gaitasuna, eta horreetako asko, gainera, hutsetik abiatzen ziran.

Hona hemen euskaldunik gehien daben eskualdeak: Bilbo Handia (207.659), Donostia (133.389), Arabako Lautada (58.733) eta Urola-Kosta (51.659), biztanleriarik gehien dabenak. Gainera, 2001eko Biztanleria Zentsuan igarritako jokerea mantendu egiten da: euskaldunen kopuruaren hazkunderik handiena Araban gertatzen da, euskerarik gitxien egiten zan eskualdeetan; eta jaitsiera orokorra dago oso euskaldunak ziran inguruetan.

Kontuak kontu, ehuneko 10 puntu baino gehiagoko hazkundea dabe Arabako Ibarrek, Lautadak eta Errioxak. Bizkaian Enkarterrin eta Bilbo Handian hazi da batik-bat euskaldunen kopurua, ia zazpi puntuz. Euskaldunen galerea dago (2001ean dagoeneko igarten zan), Markina-Ondarroan (% 3,9), Gernika-Bermeon (% 2,5), Urola-Kostan (% 2,4), Deba Goienean (% 1,8), Tolosaldean (% 1,8), Goierrin (% 1,4), Deba barrenean (% 1,3) eta Arratia-Nerbioin (% 1,2). Durangaldean, aurreko bost urtekoan bezela, euskaldunen hazkundea dago (% 1,4).


Uriburuak

Gasteiz da euskaldunen ehuneko hazkunderik handiena dauen uriburua (% 9,8), ia-euskaldunen kopurua jaisten dalarik (% -3,5). 2001ean gasteiztar euskaldunak % 14,9 ziran, eta % 25,8 ia-euskaldunak; 2006an % 24,6 eta eta % 22,7 ziran ehunekoak, hurranez hurran. Bilbon % 8,8ko hazkundea dago euskaldunetan eta % 2,6ko jaitsierea ia-euskaldunetan. Donostialdean % 5,6 lehenengo taldean eta % -1,6 bigarrenean.

Araban Aramaiok bakarrik galtzen ditu euskaldunak 2001aren aldean (% -3,1). Erribera Beitian, Lezan eta Navaridasen gertatzen dira hazkunderik handienak biztanleriagazko, ehuneko 15 puntu baino gehiagoz.

Gipuzkoan kontrako jokerea dago eta 89 udalerrietatik 11tan bakarrik dago euskaldunen hazkundea, eta bost puntu baino gitxiagokoa; Pasaia, Irun eta Errenteria nabarmentzen dira. Euskaldunak % 65 baino gehiago diran 62 udalerrietan ehunekoa jaitsi egiten da, 2001ean bezela.

Bizkaian heterogeneoagoa da udalerrien bilakaerea, euskaldunen galerak eta igoerak baitagoz, baina ez Araban eta Gipuzkoan bezain orokortuak. Euskaldunak lehen baino gehiago diran udalerriak dira Getxo (% 9,1) eta Barakaldo (% 8,5); Gipuzkoan bezela, euskaldunen ehunekoa altua dan udalerrietan ehuneko horrek behera egiten dau, nabarmen Meñakan (13 puntuz) eta Maruri-Jataben (11 puntuz).

EAEko zazpi biztanletatik batek euskeraz bakarrik berba egiten dau etxean. Gipuzkoako biztanleen % 36,3k euskerea ama-hizkuntzea dau eta lautik batek euskeraz bakarrik berba egiten dau etxean; ehuneko hau % 40ra igoten da bai euskeraz bai gazteleraz hitz egiten dabenak gehituta. Bizkaian euskerea ama-hizkuntza dau % 13,1ek, eta Araban % 4k; berba egiteari begiratu ezkero, % 6 da Bizkaian eta % 3,7 Araban; bai euskeraz, bai gazteleraz hitz egiten dabenak gehituta, % 15 eta % 6 dira.

Euskaldunaren profil nagusia desbardina da eskualdeen arabera. Bizkaian (% 12,7) eta Araban (% 12), 35 urte baino gehiagoko personea da, eta euskeraz ondo ulertu, berba egin, idatzi eta irakurten dau. Gipuzkoan bestelakoa da, kasurik gehienetan (% 17,7) 25-60 urte bitarteko personea da, eta euskeraz ondo ulertu, berba egin, idatzi eta irakurten dau.

Euskarazko irakaskuntzako ereduen zabaltzeak eta eskolatzea gero eta goiztiarragoak urritu egiten dabe euskeraz ezertxo be ez dakiten gazteen kopurua. 1996an 2-4 urte bitarteko umeen % 33k ez ekien ezer euskeraz; 2001ean 518ra jaitsi zan, eta berdin darrai 2006an. 4-15 urte bitartean, ehunekoa % 9ren azpitik da, derrigorrezko hezkuntzako urteak dira. 2001eko zentsuaren aldean % 3 puntuko jaitsierea dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu