Kontseiluak ur-botiletan etiketak euskeraz jarteko eskaerea luzatu dau
2008-07-21 17:45 Euskerea berbagaiEuskal Herrian bertan botilaratzen diranek oso euskera gitxi darabilte; zer esanik ez, beraz, kanpotik ekarten diran ur-botiletan, ez baita euskeraz berbarik agertzen.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urtean bi edo hiru azterketa berezitu plarazaratzen ditu. Igaz ardaoak, zinemak eta museoak miatu zituan legez, aurten ur-botilen etiketen hizkuntzeari erreparau deutso. 'Barriro be euskerearen presentzia eskasa da', azpimarratu dau Kontseiluak. Izan be, Euskal Herrian bertan botilaratzen diranek oso euskera gitxi darabilte; zer esanik ez, beraz, kanpotik ekarten diran ur-botiletan, ez baita euskeraz berbarik agertzen.
Azterketa berezitu honeen helburua produktu eta zerbitzuetan euskerearen erabilerea sustatzea da. Hori dala eta, Euskal Herrian gehien kontsumiduten diran 14 marka erabilienak aukeratu dira, bertan botilaratuak ala ez (Insalus, Alzola, Betelu, Uralai, Vichy catalan, Font Vella, Fontecabras, Lanjaron, Solares, Solan de Cabras, Santolin, Vittel Contrex eta Evian).
Euskal Herrian botilan saltzen dan ura oro har ez da euskalduna, ez dauka euskerarik bere etiketan. Badira Euskal Herrian produziduten diran urak, besteak beste, Insalus, Uralai, Alzola edo Betelu, ezagunenak; baina batek be ez dau bere etiketea euskera hutsean agertzen. Betelu eta Alzola dira eredu egokienak, euren etiketetan gaztelaniaz gan, euskerea be agertzen dabelako. Insalus, Uralai eta Belascoainek, barriz, Euskal Herrian produzidu arren, ez deutse euskereari ezelako lekurik ixten euren etiketan.
Ganerako marka guztiek ez dabe euskeraz informetan etiketen bidez. Gehienek hizkuntza bakarra erabilten dabe: gaztelania Hegoaldekoen kasuan eta frantsesa Iparraldekoenean. Eleaniztasunaren aldeko bi salbuespen Vichy catalan eta Fontecabras dira. Vichyk neurri desbardinean bada be, bost hizkuntza erabilten ditu –katalana barne– eta Fontecabrasek bi; baina euskerea ez batak ez besteak.
Ura botilaratzen daben enpresen webguneak be aztertu ditu Kontseiluak, eta lortutako ondorioa bardina da: presentzia oso urria dauka euskereak. Alzola eta Insalus dira informazino osoa euskeraz, era orekatuan eskaintzen daben bakarrak. Alzolak bi hizkuntzatan informetan dau, euskeraz eta gaztelaniaz. Insalusen kasuan bi hizkuntza horreei ingelesa gehitzen deutse. Beteluk ez dauka webgunerik eta Belascoinek, Euskal Herrikoa izan arren, bere webgunean ez dauka berbarik euskeraz.
Badira beren webgunean hizkuntza bat baino gehiago erabilten dituen beste lau enpresa –Evian, Contrex, Vittel eta Vichy catalan–, euskera ostera ez da agiri. Produktuak Iparraldean saltzen dituen enpresek hiru hizkuntza edo gehiago erabilten ditue, baina euskerarik ez. Hegoaldean saltzen diranen artean, bestalde, Fontecabras, Solan de Cabras, Solares, Font Vella, Lanjaron eta aitatutako Belascoain enpresek hizkuntza bakarra erabilten dabe: gaztelania.
Kontseiluak egindako era honetako bosgarren azterketea izan da hau, aurrez museoen nahiz zinema-aretoen analisiak eta ardao-botilen eta jogurt-etiketen azterketak egin batitu. Azterketa honeen guztien ondorio nagusia honakoa da: Bartzelonako deklarazinoa ez dala beteten. Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazino Unibersalak bermatutako eskubide urraketea salatu dabe Kontseilutik. Izan be, Bartzelonako deklarazinoaren 50.2. artikuluak adierazoten dauen moduan, Euskal Herrian salerosten diran produktu eta zerbitzu guztiei aplikau behar jake euskeraz etiketetako araua: hizkuntza-komunidade propioaren lurraldeetako gizaki orok eskubidea dauka bere hizkuntzan informazino osoa izateko idatzia zein ahozkoa, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuez, besteak beste, erabilte-jarraibideak, etiketak, osogai-zerrendak, publizidadea, bermeak eta ganerakoak. 'Bost azterketa egin doguz honezkero eta guztiek bardina erakusten deuskue: enpresa gehienak gitxieneko zerbitzuak diranak be ez ditue euskeraz eskaintzen, bereziki etiketen alorrean', adierazo dau Iñaki Lasak.
Kontsumitzaileen dekretua
Bestalde, Kontseiluak Kontsumitzaileen dekretua aztertu dau, eta, oro har, ez dala eraginkorra izango ondorioztatu dau. 'Dekretu honegaz egoerea arautzeko eta hobetzeko aukera barri bat galdu dogu', adierazo dabe. Izan be, Kontseiluaren ustetan, dekretu hau ez da nahikoa, eta oraindino baditu zuzendu beharreko zenbait kontu. Dekretuak lurraldearen zonifikazinoaren alde egitea kritikau dau Kontseiluak, horrek euskaldunon hizkuntza-eskubideak arauz urratzeko bidea ezartzen dauelako.
Horrezaz gan, dekretuak zehazten dauen enpresen neurriaren arabera ezarritako mugea hartu dabe berbagai. Izan be, enpresen neurri-erispideak ez dau eskubidea bermatzeko unean muga izan behar, dekretuak enpresa guztiei, merkataritzakoei barne, eragin beharko leuskie. 'Egokitzeko zailtasun handiagoak dituenek laguntza gehiago jaso behar dabe eta epe handiagoa eskaini behar jake jagokezan helburuetara heltzeko', adierazo dabe.
Amaitzeko, dekretuak nagusiki garraioaz, telefonia-enpresez, energia-hornitzaileez eta gainazal handiez diharduela-eta, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak jardun ekonomiko guztietan bermatu behar dirala adierazo dau Kontseiluak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!