XV. Emakumeak Kontari Literatur Lehiaketea jarri dau martxan Bilboko Udalak
2008-07-21 15:40 KultureaLehiaketeak beste literatura mueta bat sortzea bilatzen dau, estiloaz gan, gizonezkoen eta emakumezkoen estereotipoak ezabatzen saiatu daitezan. Lengoaia sexistea gainditzea da lehiaketearen asmo nagusietako bat.
Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren Sailak, beste urte batez, Emakumeak Kontari Literatur Lehiaketearen XV. edizinoa antolatu dau, urian kulturea sustatzeko asmoagaz eta emakumeen artean kezka literarioa pizteko.
Igazko arrakasta handiaren ondoren, 2006koagaz konparauta % 77 handitu zan eta parte-hartzea, edizino barrirako helburuak 2007an lortutako zifra bikain horreei eustea da. Igaz 302 testu aurkeztu ziran: 101 Bilboko emakumeek idatziak, 55 Bizkaikoek eta 16 Euskadikoek; Estadutik 99 lan heldu ziran eta 30 beste herrialde batzuetatik. Era berean, bederatzi lagunek euskerazko ipuinagaz parte hartu eben eta hamar gazteen kategorian lehiatu ziran, 16tik 20 urte bitartekoentzat.
Lehiaketeak beste literatura mueta bat sortzea bilatzen dau, estiloaz gan, gizonezkoen eta emakumezkoen estereotipoak ezabatzen saiatu daitezan. Lengoaia sexistea gainditzea da lehiaketearen asmo nagusietako bat.
Emakumeak Kontari lehiaketea emakumeei zuzenduta dago, 16 urtetik gorakoei, gai libreko kontaketa bategaz parte hartu leikienak. Euskeraz nahiz gaztelaniaz egin leikie -ez da obra bera bi hizkuntzatan onartzen-, beti be kontaketea jatorrizkoa eta argitarabakoa dan bitartean. Kontaketek laburrak izan behar dabe, gehienez be 12 folioko luzerakoak. Kontaketak urriaren 11ra arte aurkez daitekez.
Sariak
Aurten bost sari emongo dira: Lehen saria gaztelaniazko kontaketarik onenari (2.000 euro); lehen saria euskerazko kontaketarik onenari (2.000 euro); 500 euroko akzesita 16 eta 20 urte bitartean dituen egileen gaztelaniazko kontaketarik onenari; 500 euroko beste akzesit bat 16 eta 20 urte bitarteko egileen euskerazko kontaketarik onenari.
Era berean, garaikurra eta liburuak erosteko 1.000 euroko akzesita izango dira bertako euskerazko ipuina aukeratzen daben Bilboko Bigarren Hezkuntza Zentroarentzat. Gainera, aurreko edizinoetan legez, saritutako narrazinoak Bilboko Udalak argitaratu egingo ditu, aurreko bi urteetako irabazleakaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!