Sonia Rueda: 'nitaz eta inguratzen nauenaz gehiago jakiteko bidea da artea'
2008-07-21 11:57 BarriketanEskultorea, Arte Ederretan lizentziatua EHUn. Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso dauen artistea eta, besteak beste, Dandro Botticelli Dari Nazionala irabazid auena. Bilboko Windsor Kulturgintza, Arte Nativan eta BBKren Kultur Aretoan erakutsi ditu bere lanak eta gaur egun, barriz, Gernikako Euskal Herria Museoan, 'Lotsaizunaren harresiak' erakusketan, bidebakokeria sozialen ispilu diran 15 argazki ditu ikusgai garagarrilaren 27ra arte.
1.- Igaz Arcon erakutsi zenduan 'Zauriak' proiektuak antzekotasun handiak ditu egungo Gernikako erakusketeagaz. Zertan diran antzekoak eta zertan desbardintzen dira?
'Zauriak' pieza hori ondorengo proiektu guztiaren sorburua edo abiapuntua da, sasoi eta leku desbardinetan jasotako irudi eta argazkien abiapuntua. 2007ko Arcon aurkeztutako 'Zauriak' horrek harresi oso baten zabalerea estaltzen dau (120 X 240 X 10 zm.) lurraren mailan hasita. Min emoten deustien hurreko zenbait irudiz osotuta dago (trafiko ezbeharrak, atentaduak, hausturak, zentral nuklearrak, kalean bizi diran lagunak eta abar; irudi horreekaz guztiekaz egindako collage bat da. Eraikuntzan erabilitako zementuzko galtzada-harri baten formatoa daukie eta antzeko neurrikoak dira. Zemento geruza baten irudikapenak collage horri zeozelako loturea emoten deutso.
Irudietako bakotxaren gainean kolorezko puntu bat agiri da, kanporanzko jokereagaz. Kode sekretua da hori irudiak hartu-emonetan jarteko (puntu berdeek zauri ekologikoen barri dakarre, gorriek heriotz zaurien barri eta beilegiek denporearen podozuzko hondamendiek eragindako zaurien barri). Obrea zabalik, amaitu barik dago oraindino, izan be, aitatutako kode horretan oinarrituz, organigrama berezia lantzen nago gaur egun ikusleak bere zauriak koka daizan collage horretan.
Kontuak kontu, hurreko 'zauri' personal horreek abiapuntu hartuta, ganerakoen 'zauriak' ikertu, ezagutu eta adierazoteko beharra sentidu neban eta holan sortu zan 'Lotsaizunaren harresiak'. Beraz, 'Zauriak' eta 'Lotsaizunaren harresiak'alkarren osogarriak dira.
2.- Jente gehiagori eragiteko bururatu jatzun 'Lotsaizunaren harresiak'?
Ez zan apropos horretarako pentsatua izan. Esan deutsudan legez, informazinoa batzen segidu neban eta 2007ko apirilean, Sarean hara eta hona nenbilela, munduan diran eta gatazka iturri diran harresi fisikoen barri topau neban. Harresi horreek egiteko izandako arrazoi eta zehetasunei buruzko grafiko bat be aztertu neban eta zur eta lur gelditu nintzan. Danetara, 22 harresi ziran. Hortik aurrera, harresi bakotxaren ganeko informazinoa batzeari ekin neutson Internet, prentsa eta telebistan eta hori da orain ikusgai dagoan lanaren jatorria.
Dokumentazino eta gogoetaldi trinkoa izan zan, batzuetan mingarria be bai eta azken finean, gizartean lozorroan dagozan kontzientziak astindu gura izan dodaz lan honegaz.
3.- Gernikako bilduman, danetara, 15 argazki dira, batzuk errealak eta beste batzuk digitalean zeozelan aldatu edo tratautakoak. Ze material erabili dozu, ze teknika... Obrak airean zintzilik bezela... Zergaitik?
Aluminoaren gaineko (dibond) inprimatze digitalak dira. Tratamentua gogorra da, zikina, trauskila, edukiagaz bat eginik, irudi nahasiak sortuz; kontuan izan, gerra, tortura eta sufrimendu egoerak islatu dodazala.
Pieza txikiak dira (35 X 70 zm. gitxi gorabehera), zirriborro moduan tratauta, ze aurreko proiektu baten parte dira, irudi bakotxa benetako harresi fisiko bihurtuz, holan ikusleak buelta osoa emotera behartuz.
Instalazinoan espazioaren horma guztiak hartzen dituan harresi handi bat da ardatz. Marraztutako lerroetan etenak dagoz, bihurgunez beteta dagoz eta harresi ezegonkorra osotzen dabe; aurkeztutako 15 argazkiak hutsarteetan sakabanatuta dagoz eta ikusleak harresia inguruan dauela pentsauko dau edota harresiaren kontra joango dala nahitaez. Sabaiko egurrezko habeak be sano lagungarriak dira sentsazino edota giro hori sortzeko.
4.- Artea erabilten dozu gai sozialak salatu edo aldarrikatzeko. Bidebakokeria sozialak ez deuskuela ardura pentsetan dozu? Zer da artea zuretzako?
Artea ezagutzarako eta sentsibilizazinorako bidea da, nire burua eta makinatxu bat gauza eta errealidade ezagutzeko bidea. Nitaz eta inguratzen nauenaz gehiago jakiteko bidea, begiratzeko eta ikusteko modua, hain zuzen be. Errealidadea ezagutarazotea eta gizartean zeozelan eragitea dira ASMOAK, izan be, darabilguzan mapatan, gorago edo behargo jaiotea sano erabagigarria da gure bizitzan eta ez dago jakiterik bihar edo etzi, gaur 'aberats' diranak bihar 'behartsu' izango ete diran eta alderantziz. Alkartasuna garatuz, kontzienteago, zentzunez jokatzeko aldarrikapena egiten dot.
5.- Personen mobimentu askatasunerako traba eta milaka kilometrotan munduan diran oztopo edo muga fisikoak gogoan, makinatxu bat irudiz hornidutako harresia aurkeztu dozu Gernikan. Muga, harresi ezagunak batzuk, ez hain ezagunak beste batzuk, Hagako Epaitegiak legez kanpokotzat jotakoak eta proiektu diran batzuk be bai. Kasu zehatzen bat nabarmenduko zeunke? Zergaitik?
Irak, Txetxenia, Mexiko, Ipar Korea, Guantanamo... Danakaz geratu naz zur eta lur ze danak dira sufrimendu handiaren iturri. Internet bidez inpernu horreetan bizi diran personen testigantzak ezagututa zurtz eginda geratu naz, Irakeko ume baten eta bere herriaren irudiak hunkitu nau (buztanari helduz, etxe baltzak inguratzen dituan suge gorria, mundutik erabat isolatuz) edota ezagutzen ez nituan harresiakaz, berbarako, Paduakoagaz; la Serenissima izeneko leku bat inguratzen dauen harresia da eta 'atxakia' drogen trafikoa galarazotea da; errealidadea benetan gogorra da ze bertan bizi diran gehienak etorkinak dira eta euren bizi baldintza eta baliabideak negargarriak dira.
6.- Orain arte zelako erantzuna izan dau erakusketeak?
Daru zehatzik ez daukat. Badakit jente asko hurreratu dala eta zenbait komunikabidetan erakusketearen barri agertu dala.
7.- 'Lotsaizunaren harresiak' garagarrilaren 27ra arte egongo da ikusgai Gernikan baina hortik aurrera beste herri batzuetan ikusi ahal izango da. Non?
Bai. BBK Fundazinoaren erakusketa ibiltarien egitarauaren barruan dago eta, aurreikusitakoaren arabera, datozen bi urteotan Bizkaian zehar ibiliko da erakusketea eta kultur etxeetan edota museoetan ikusi ahal izango da 'Lotsaizunaren harresiak', laster Urdulizen eta Portugaleten.
8.- Gaur egun zertan zabiz? Zer dozu eskuartean?
Datorren zemendian Bilboko Abokatuen Bazkunean aurkeztuko dodan lana preparetan nabil orain. Erakusketeak 'Lotsaizunaren harresiak' eta lehenagoko beste batzuk barruan hartuko ditu, besteak beste, 'Habitaculos', 'Restaurart' edo ''La Gran Bouffe', jatekoagaz egindako gehiegikeriatan inspirauta.
Gernikako Euskal Herria Museoaren udako ordutegia:
- Astelehenetan zarratuta dago.
- Martitzenetik zapatura, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 16:00retatik 19:00retara.
- Udako domekatan, goizez 11:00etatik 15:00retara eta arratsaldez, 16:00retatik 20:00retara.
www.bizkaia.net/euskalherriamuseoa
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!