Euskadiko hirugarren BTT zentroaren inaugurazinoa Debabarrenan, Mintxeta-Elgoibarren

Bizkaie! 2008-07-18 15:49

Euskadiko hirugarren BTT Zentroa, Gipuzkoako lehenengoa, Debabarrena eskualdean jarri da, Gipuzkoa eta Bizkaia artean, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru uriburuetatik 30 minututara. Bere harrera tokia Elgoibarko Mintxetako Polikiroldegian dauka.

Eusko Jaurlaritzearen Turismo Sailburuordetzearen helburuetako bat legealdi honetarako zera da, natura-turismoa bultzatzea turismo-produktu barriak sortuz, Euskadiko landa-inguruneen garapen iraunkorra ahalbidetu eta bultzatuko daben produktuak, hain zuzen be.

Produktuak bilatu eta sortzeko esparru horretan sortzen da Euskadiko BTT zentroen sarea, Europan izandako antzeko esperientzietan oinarrituta, danak be arrakasta handikoak gaur egun. Esangura horretan, azpimarratzekoa da euskal sareak frantziar ereduaren diseinu- eta kalidade-estandarrak atxikiko dituala, Kataluniako sareak be erabilten dituanak.

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila buru dau proiektu honek eta gauzatzeko landa-garapenerako eskualdeko erakundeen, toki-administrazinoen edo bestelako erakunde publiko edo eragile pribatuen inplikazinoa dauka. Gaur, hilak 18, inaugurautako zentro honen kasuan, Debabarrena BTT Zentroaren titulartasuna DEBEGESAri jagoko eta bere barruan dagozan 8 udalak koordinatuz, zentroaren garapenaren eta mantentzearen ardurea izango dau. Era berean, proiektu honek Eusko Jaurlaritzearen Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntzinoa dauka landa-garapenerako eskualdeetako erakundeen bidez. Horreez gan, beste erakunde publiko-pribatu batzuek be laguntza eskaintzen dabe proiektu horretan, besteak beste, Euskadiko Txirrindularitza Federazinoak edo turismo-sektore pribatuak. Zentroen diseinua eta kontrola Turismo Sailburuordetzearen menpeko jagokon Bulego Teknikoaren erantzukizuna da, Basquetour agentziaren bidez.


Euskadiko BTT zentroen sarea

Lur orotako bizikletentzako (BTT) ibilbide edo bideen sarea da Euskadiko BTT zentroen sarea; bide horreek seinalizauta dagoz eta sarbide librekoak dira, eta, kirola egiteaz gan, jagokezan natura-inguruneak ezagutzeko eta gozetako aukerea emoten dabe. BTT zentro bakotxak maila guztietako zirkuituen 100 km. ditu gitxienez, eta Euskadiko Txirrindularitza Federazinoak homologauta dagoz zirkuitu horreek guztiak.

Turismo-ikuspuntutik begiratuta, turismo-produktu barri bat da sarea; naturako turismo-eskaintza dibersifiketea, landa-guneetako turismoa dinamizetea eta euskal landa-ingurunearen ondare- eta natura-aberastasuna balioztatzea ahalbidetzen dau.

2006ko udan Euskadiko lehen BTT zentroa inauguratzeagaz batera ekin jakon sare hori osotzeari, zehatz esanda, Mendatako udalerrian (Bizkaia) dagoenagaz, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. Horrenbestez, zentroa balio paisajistiko eta ekologiko handiko gune pribilegiatuan dago, eta 200 km.-tik gorako ibilbidea dauka, zailtasun ertain-altuko 10 bidetan banaturikoa. Euskadiko bigarren BTT zentroa 2007ko garagrrilean zabaldu zan Arabako Mendialdean, Izkiko parke naturalean hain zuzen be.


Debabarrena BTT Zentroa

Euskadiko hirugarren BTT Zentroa, Gipuzkoako lehenengoa, Debabarrena eskualdean jarri da, Gipuzkoa eta Bizkaia artean, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru uriburuetatik 30 minututara. Bere harrera tokia Elgoibarko Mintxetako Polikiroldegian dauka.

Eskualdearen kostaldea hondartzaz, kalaz eta itsaslabarraz josita dago, nazinoarte mailan guztiz interesgarritzat joten diran formazino geologikoakaz (flysch deritzonak). Kostaldearen urdina eta barrualdearen berdea nahasturik dituan inguruak topau daitekez bertan.

Zentroak ibilbide gogorrak ditu, igoerearen ahalegina gainditu ezkero, gailurren arteko bideetatik ikuspegi parebakoen saria eskaintzen dabenak. Gainera, hau kirol ekipamenduaz gan turistikoa danez, familiek eta ibilbide errazagoak gura dituenek gustoko bideak topau ahal izango ditue bai kostaldean eta baita harrera tokiaren inguruan be.

Debabarrena BTT Zentrora hurreratuko diranek 14 ibilbidetan zailtasun maila desbardinak probau ahal izango ditue. Ibilbideak kolorez sailkatuta dagoz (berdea, urdina, gorria eta baltza) eta bakotxak zailtasun maila bat adierazoten dau. Danetara, bizikletarako 358,6 km. ditu zentroak.

Horrenbestez, turismo-produktu bat dogu bete-betean; kirola eginez, Gipuzkoako eskualde hori, bertako biztanleak, herriak, ohitura eta bizimoduak, historia eta gastronomia ezagutzea ahalbidetzen deuskun tursimo-produktua.

Bideez gan, bisitariarentzako Harrera Puntu bat dauka zentroak, Mintxeta Polikiroldegian, non informazino osoa eskaintzen dan BTTarekin loturiko ibilbide eta zerbitzuei buruz (bizikleten alokairua, aldagelak, parkinga eta abar), eta bidean 7 Informazino Puntu dagoz, danak be puntu interesgarrietan, bakotxa bere informazino-panel orokorragaz. Era berean, 13 informazino puntu finko ditu sarearen toki estrategikoetan.

Turismo Sailburuordetzearen web-orrian (www.paisvascoturismo.net) informazinoa emongo da ibilbide eta jarduerei buruz, eta, laster, GPS erreferentziak be bai, txirrindulariari laguntzeko.

www.centrosbtteuskadi.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu