Egitarau zabala Bilbon 1983ko abuztuan izandako uriolak gogoratzeko
2008-07-14 15:34'Lokatzetatik suspertu zan uria' jarduera multzoa Bilboko Udalaren 'Bilbao Izan' programearen barruan eratu da. Uria taiutzen lagundu daben jazoera historikoen garrantzia azaltzea da programa honen helburua.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Turismo eta Jaietako Sailak uria alderik alde hondatu eben 1983ko abuztuko uriolen oroimenezko ekitaldiak hasiko ditu hilebete honetan. Egitarauari 'Lokatzetatik suspertu zan uria' izenburua jarri deutse, eta honen bitartez, hondamendiaren aztarnak ezabatu eta berealdiko eraldaketa urbanistikoari hasiera emon eutsen bilbotarren ahalegin kolektiboa eta alkartasunezko espiritua nabarmendu nahi dira.
Helburu horri begira, gaur hasi eta abuztuaren 31ra arte, erakusketak, berbaldiak eta kontzertuak antolatuko dira Bilbon, gaur goizean Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi Ibone Bengoetxeak eta Turismoa eta Jaietako Saileko zinegotzi Isabel Sanchez Roblesek iragarri daben moduan.
Zabalguneko Merkatuan gaur hasi eta abuztuaren 30era arte ikusgai dagoan multimedia erakusketea izango da oroimenezko ekitaldien ardatz. Bertan, Aste Nagusiko egun hareetako lekukotasun zuzena emoten daben era askotako materialak (prentsa-artikuluak, orduko irratsaioak eta telebistako irudiak) egongo dira ikusgai, Udalaren webgunean horretarako sortutako atal berezian argazkiak eta testigantzak itxi dituen bilbotar ugarien lankidetzeari esker.
Horrezaz ganera, gura dabenek euren esperientzien testigantzea itxi ahal izango dabe merkatuan bertan horretarako ezarriko dan grabazino-gela txiki batean. Grabazino-esparrua goizez zabalduko da garagarrilaren 16tik 18ra, eta arratsaldez hilaren 21etik 23ra bitartean. Lekukotasun horreek guztiak, eta oraindino bialdu daitekezan argazki, bideo eta ganerako materialak erabilita, oroimenezko DVDa osotuko da. Dokumentu horreek guztiak Udal Artxiboaren dokumentu-basean gordeko dira.
Bidebarrietako liburutegian, mahai-inguru bi antolatuko dira (garagarrilaren 16an eta 17an) orduko jazoerak aztertu eta geroko uri-eraldaketea gogoratzeko asmoz. Topaketak Montxo Urraburu kazetariak aurkeztu eta zuzenduko ditu, bera izan baitzan Radio Bilbaorentzat (SER irratia) uriolei buruzko informazinoa landu ebana. Bi ekitaldi horreetan, gonbidatuen azalpenez gan, telefono bidezko konekzinoak be egingo dira lekuko eta adituekaz 1983ko abuztuko egun hareetako oroitzapenak gogora ekarri eta uriolek Bilboren geroko bilakaeran izan eben eraginari buruzko eretxia emon daien.
Dokumentalak eta musikea
Garagarrilaren 22ko gauean, bilbotarrek bat eginda gogoratu ahal izango dabe egun hareetan gertatutakoa Arriaga Plazan. Izan be, 22:00etatik aurrera, EiTBk 2003an produzidutako hogeigarren urteurreneko saioa eta Pedro Olea zinegileak 1983an egindako 'Bihotzez' dokumentala emongo baitira.
Hurrengo egunean, garagarrilaren 23an, Plaza Barriak uriolek 1983ko Aste Nagusiari eten eutsen jai-giroa berreskuratuko da, Zubipeko Swing jazz taldeak abuztuaren 23 haretan Unamuno Plazan emon ezinik itxi eban kontzertua eskainiz.
Horregaz batera, neurri handiko argazkiek Zazpi Kaleetako 15 eraikinetako fatxadak estaliko ditue abuztuaren 31ra arte, ibiltariak uriolen neurriaz jaubetu, eraikin horreek zelan geratu ziran ikusi eta boluntarioek egindako lana ezagutu daien.
Arriaga antzokia, Bidebarrietako liburutegia, Esperantzako frontoia, Erriberako Merkatua eta Konkordia, San Nikolas eta Atxuriko geltokiak dira, besteak beste, lehengo eta geroko egoeran ikusi ahal izango diran eraikinetako batzuk, uriolek txiki-txiki eginda itxi zituelarik eta ondoren abiatutako berregokitze prozesuaren ondoren. Aldi berean, Zazpi Kaleetako taberna eta saltoki batzuetan, uriolek eragindako triskantzea gogoratzen dauen hamar minutu inguruko bideoa emongo da.
'Lokatzetatik suspertu zan uria' jarduera multzoa Bilboko Udalaren 'Bilbao Izan' programearen barruan eratu da. Uria taiutzen lagundu daben jazoera historikoen garrantzia azaltzea da programa honen helburua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!