Gaizka Benguria: 'ikuskizun dinamikoagoak izango dira aurten'
2008-07-14 11:01 BarriketanPortugaleteko Elai-Alai kultur taldeak antolatuta, Nazinoarteko XXXIV. Folklore Jaialdia garagarrilaren 20tik 31ra bitartean ospatuko da aurten Irlandatik, Beninetik, Komi Errepublikatik, Turkiatik, Bilibiatik, Mexikotik eta Eslovakiatik etorritako taldeakaz.
Aurten, makinatxu bat barrikuntza iragarri ditue eta guztiaren barri, Gaizka Benguria, Elai Alai Kultur Alkarteko presidenteak emongo deusku
1.- Folklore jaialdi beteranoa da Portugaletekoa. Hasierako helburuekaz jarraitzen dozue gaur egun be?
Hasierako helburua mantentzen da, hau da, egunotan bisitari daukaguzan herrialde guztietako ordezkarien bitartez euren kulturan sakontzeko aukerea izatea. Hamabost egun honeetan horretarako aukera ederra izaten da euren jantza eta musika emonaldiakaz, baita eurekaz egoteko aukereagaz be. Bestalde gure artera etorten diran taldeei gure kulturea eta folklorea erakusten deutsegu. Kultura, folklore eta esperientzien alkartrukerako hitzordu ederra izaten da.
2.- Elai Alai Kulturguneak Folklore Jaialdiaz gan, Folklore Azokea, Jantza eta Musika Eskola eta taldea, Dantzak.com, Orfeon Jarrillero eta grabaketa estudioa be kudeatzen ditu. Azaldu eiguzu nondik nora datorren hau guztia.
Hasiera batean jantza talde moduan sortu zan Elai Alai baina denporeagaz euskal kulturako ganerako arloetan be sartzea erabagi eben alkarteko arduradunek. Taldea sortu zanean, 1962an, egoerea gaur egungoa baino gatxagoa, gogorragoa zan baina sortzaileek argi ikusi eben jantza taldeaz gan, beste arloetan hasi behar zirala lanean euskal folkloreari eusteko Portugaleten eta Ezkerraldean. Giro horretan, lehenengo jaialdia sortu zan eta urtetik urtera ganerako jarduera guztiak garatzen joan gara.
3.- Gaur egun erraza da jantzari, musikari eta abeslariak erakartea? Zenbat jente zarie gaur egun?
Oso gatxa da jendea erakartea, batez be gure aisialdirako milaka aukera doguzalako. Orain euskal jantzak edo musika tresna tradizionalak ez dagoz modan (trikitixea izan ezik) eta ez da erraza jenteari, gazteei batez be, gar hau sartzea. Gehien bat, eta jantzeari jagokonez, mutilen faltea da arazo larriena, bai gure taldean eta baita gehienetan be. Halan dabe, gure kasuan, nahiko suberte ona daukagu, gure jantza eta musika eskoleari esker hainbat ikasle daukaguzalako momentu honetan.
4.- Kultura tradizionalaren barruan zein da jantzen lekua edo garrantzia egun?
Mantendu eta landu beharreko arlo garrantsitsu bat da. Jantzak jatorrizko moduan jantzan egin behar dira baina egunero aldatzen dagoan gizarte honetan, moldaketak eta modernizazino ezaugarriak sartzea be nahitaezkoa da baina beti oinarriei eutsiz, tradizinoa ahaztu barik.
Ikusleok gauza barriak eskatzen doguz nahiz eta jatorrizkoak asko balorau eta, esangura horretan, gero eta gauza gehiago sartzen doguz kultura tradizionalaren zakuan baina bai jantzak eta baita musikeak be pisu handia dabe eta izango dabe zaku horretan.
5.- Aurten, garagarrilaren 20an hasiko da Jaialdia Santurtzin eta hilaren 31n amaituko da Güeñesen, Donostian, Azpeitian eta Ondarroan izango diran emonaldiakaz. Hamabi egunetan Bizkaian zehar izango dira ekitaldiak. Bizkaia jantzen erdigune bihurtzea da asmoa?
Inagurazino ofiziala, Jaialdiaren hasierea Portugaleten izango da 20an bertan eta zuk dinozunez 31n amaituko da. Egia esan, taldeak ez dira Bizkaian bakarrik ibiliko, Euskal Herriko 30 bat herritan gozau ahal izango da nazinoarteko folkloreaz. Edozelan be, datak, ordutegiak eta enparauak konsultetako gure webgunera jotea da onena: www.elai-alai.com. Asmoa ahalik eta jente gehiena erakartea da eta horretarako mobiduten gara Bizkaian eta gure probintziako mugetatik kanpo be bai.
6.- Aurtengo Folklore Jaialdiari jagokonez, Portugaleteko emonaldien kokapenaren aldaketea iragarri dozue. Zergaitik?
Orain arte erabilitako formatoa barriztu nahi izan dogu eta horretarako jaialdia leku zarratuetatik kalera atarako dogu. Holan jente gehiagorengana heltzea da asmoa, ikusleek jantza taldeak hurrago sentidu deiezan.
7.- Barrikuntzakaz jarraituz, emonaldi laburragoak eta gauero bi talderen emonaldiak izango dira aurten…
Bai, lehen komentau dodan legez, barrikuntzen beharra ikusi dogu ze ulertzen dogu apur bat gogorra izaten zala aurreko urteetan egindakoa, izan be, 3 egunetan egiten ziran ekitaldi guztiak eta denporearen aldetik apur bat luzeegiak izaten ziran. Formula barri honegaz, ikuskizun dinamikoagoak egitea bilatzen dogu eta ikusleei aukerea emoten deutsegu talde gehiago ikusteko.
8.- Irlanda, Benin, Komi Errepublika, Turkia, Bolibia, Mexiko eta Eslovakiako taldeak izango dira aurten protagonista. Kanpotik horrenbeste talde ekarteko aurrekontu polita izango dozue… Zelan egiten dozue taldeen aukeraketea? Aurtengo egitarauan, talderen bat azpimarratuko zeunke?
Aurrekontu garrantsitsua daukagu jaialdirako (200.000 eurotik gorakoa), baina kontuan hartu behar da jaialdiaren 15 egun honeetan zehar 400 lagunetik gora mobiduten garela jaialdiaren barruan eta horretarako bidaiak, janariak, eta abar luze bat preparau behar dira.
Beste alde batetik, taldeak zirkuito batzuetan parte hartzen dau (beste jaialdi batzuetan) eta holan bidaia gastuak merkeagoak izaten dira.
Parte hartuko daben taldeen aukeraketeari jagokonean, normalean eurek bialdutako bideo eta argazkiak aztertuz egiten da, baita beste antolatzaileek bialdutako erreferentzien bidez be. Ganera, gure taldea askotan joaten da nazinoarteko folklore jaialdietara eta horreetan taldeak ezagutzeko aukera ederra izaten da.
9.- Portugaleten, maiatzean izaten dan Folklore Azokearen eta Folklore Jaialdiaren artean badago zeozelako loturarik edukinetan, gaietan edota ekitaldietan?
Elai Alai Kultur alkartearen helburua euskal folklorea sendotzea da eta horretarako antolatzen doguz ekintza bi horreek beste askoren artean. Udako Jaialdian mundu osoko jantza eta musikak dira protagonista eta azokan, barriz, beste arlo batzuk lantzen doguz, musika tresnak, jantziak, eskulangintzea, folk musikea. Momentuz azokea Euskal Herriko eta estadu mailako erakusleakaz antolatzen da baina etorkizunean leitekeana da nazinoarteko folklore azokea antolatzea, aukera hori aztertzen gagoz gaur egun.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!