'Inkesta soziolinguistikoaren datuen arabera euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina da'
2008-07-11 15:51 Euskerea berbagaiEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emoitza orokorren balorazinoa egin dau. Euskal Herrian euskerearen normalizazinoaren erritmoa onartezina dala azaldu dabe.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emoitza orokorren balorazinoa egin dau. Euskal Herrian euskerearen normalizazinoaren erritmoa onartezina dala azaldu dabe. Baieztapen hori frogatzeko datuen proiekzinoa azaldu dabe ordezkariek: 'Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko doguz eta EAEn 175 urte'.
EAEn 15 urtez 6 puntu baino ez dira irabazi. Erritmo honetan euskerearen ezagutza unibersala izateko 175 urte beharko dira. Erdal elebidunek EAEn bakarrik adierazoten daben motibazino faltea hizkuntza-politika desegoki baten ondorioa da.
Nafarroan, 15 urtean % 1,6ko hazkundea besterik ez da izan. Euskerearen ezagutza unibersala izateko 834 urte beharko doguz. Izugarrizko desbardintasunak dagoz legeak ezartzen dituan zonaldeen artean. (Eremu euskaldunean % 60,1 elebiduna da, mistoan % 8,3 eta ez euskaldunean %1,9).
Iparraldean, euskerearen egoerea oso larria da. Elebidun gehienak adinekoak dira. Euskaldunen bi heren 30 urteko epean galduko doguz.
Ondorio orokorrak
• Urte honeetan guztietan, herri-mobimentuak egin dauen lana ondo islatzen da datuotan. Ezagutzari jagokonez, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen lanez eta Hezkuntza Sistemearen bitartez azken 15 urteotan lortutakoa oso agirikoa da.
• Erabilereari buruz zabaltzen dan mezua guztiz okerra dala adierazoten dabe datuok. Izan be, aukerak dituanean euskaldunak oso kopuru altuetan erabilten du euskerea. Aukera faltan dago arazoa eta aukera horreek ez badoguz, hizkuntza politikearen desegokitasunaren adierazlea da.
• Euskerearen normalizazinoa azkartu behar da eta horretarako honako neurriak hartu beharko litzatekez:
• Euskerearen estatusa erdereak dauenagaz bardindu behar da.
• Euskaldunon hizkuntza-eskubideak babestuko dituan corpus juridikoa osotu behar da.
• Hizkuntza-politika eraginkorra abiatu behar da.
• Hezkuntza-sistemeak belaunaldi barriak osorik euskaldundu behar ditu. Goi mailako ikasketen eskaintza euskaldundu behar da.
• Administrazinoa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira. Euskaldunak kontratetea, euskerazko zirkuituak sortzea eta euskalduntzeko epeak zehaztea dira jorratu beharreko bideak.
• Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko bide eraginkorrak jarri behar dira.
• Bardin gizarteko beste alor batzuk be: aisia, kirola, hedabideak, kulturea…
• Diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira.
• Helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa autortu behar jako.
Neurri horreek hartu ezkero, euskerearen normalizazinoak jagokon erritmoa hartuko dau. Zeregin horretan sor leitekezan zailtasunak gainditzeko, Kontseilua alkarlanerako prest agertu da.
Metodologia aztergai
Horrezaz gan, erabilitako metodoa be aztertuko dauela iragarri dabe Kontseiluko ordezkariek: 'Zalantzak doguz egindako lanaren inguruan' azaldu dabe. Kontseiluak izen handiko soziologoakaz arituko da inkestearen metodologia aztertzeko. 'Inkesta soziolinguistikoaren datuak zuzenak izatea garrantzitsua da hizkuntzearen normalizazinoan emon behar diran pausoak definiduteko', adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusia dan Xabier Mendigurenek.
EAEko datuen azterketea
Datuen azterketea be azaldu dabe Kontseiluko ordezkariek. Hizkuntzearen gaitasunaren datuei erreparauta kezkatuta agertu dira: 'hamabost urteko epean lortu ahal izan dan aurrerakuntzearen proiekzinoa etorkizunera egiten badogu konturatuko gara erritmo onartezina dala euskerearen normalizazinoa nahi badogu'.
Era berean, herrialden artean oso desoreka handiak dagozala salatu dabe, 'beste gauza batzuen artean, toki-administrazinoak oso politika desbardinak apliketan ditualako gertatzen dira desorekak', azaldu dabe. Erritmo motelari eta desorekei aurre egiteko Kontseiluko bozeroaileek euskalduntzea lortzen daben ereduak zabaldu behar dirala adierazo dabe: 'Epe onargarri batean belaunaldi barriak osorik euskalduntzea lortuko dauen Sistemarako oinarriak jarri behar dira'.
Bestetik, kezka agertu dabe EAEko elebidun hartzaileek ez dabelako interes berezirik euskerea sustatzen, multzo bereko herritarrek Nafarroan eta Iparraldean interes handia daben bitartean. 'Honeen gaitasun arazoak batetik eta interes falteak bestetik erabileran eragiten dabe'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!