Pedro de Yrizarren 'Morfología del verbo auxiliar vasco' liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2008-07-10 17:22   Euskerea berbagai

Euskal aditza eta euskalkiak dira gehien jorratu zituan gaiak. Beti be Louis-Lucien Bonaparteri jarraituz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu eban eta liburu zehatzak osotu zituan, mapa ugariz hornidutakoak.

Liburua Pedro de Yrizar izan zanaren' Morfología del verbo auxiliar' liburu sortaren azken emoitzea da: hamabosgarren liburua. Liburu horreetan guztietan euskal aditz laguntzailea bere azterketearen oinarri izan eban Yrizarrek

Euskal aditza eta euskalkiak dira gehien jorratu zituan gaiak. Beti be Louis-Lucien Bonaparteri jarraituz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu eban eta liburu zehatzak osotu zituan, mapa ugariz hornidutakoak. Liburu horreek guztiak Euskaltzaindiak argitaratu ditu.

Kontuak kontu, euskal aditz laguntzailearen morfologiaren batze sistematikoa egin dauen bakarra da Pedro de Yrizar eta konsultarako erreferentzia bihurtu da bere lana.

Henrike Knörr zanak holan idatzi eban Yrizarren omenez idatzitako hilbarri txostenean: 'Pedro Yrizar euskalariaren lehen urratsetan Julio Urkixo dago. Orobat Urkixori esker, Yrizarrek Euskal Herriko eta atzerriko zenbait euskalari ezagutu zituan: Azkue, Uhlenbeck, Lacombe eta beste. Dialektologiaz gan, bi ikergunek kilikatu eben Yrizar hasierako urte hareeetan: konparatismoak eta euskal aditzaren (ustezko) pasibismoak. Urteen poderioz, ostera, eta Koldo Mitxelenaren eraginez, dialektologiari eskaini eutsozan bere ahalegin ia guztiak'.

'Morfología del verbo auxiliar' liburu sorta honetan, Yrizarrek Koldo Artola ohorezko euskaltzaina izen eban laguntzaile.

Aurkezpena ondokoek egin dabe: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Jose Luis Lizundia diruzainak; Koldo Artola ohorezko euskaltzainak; eta Iñigo Yrizar Pedro de Yrizarren semeak.

Andres Urrutiak esan dauenez, 'zin-zinez ohore handia da niretzat lan honen azken liburuari sarrera hitzak jartea. Izan be, eskuan dauka irakurleak euskal aditza osoa, lekuz leku eta euskalkiz euskalki, ederki atondua eta aurkeztua, ezin baztertuzko ikerketa baten bidez'.

Koldo Artolak egindakoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dau: 'perspektibeagaz begiratuta, lehenego liburuak argitaratu ziranetik denpora gitxi igaro bada be, iruditzen jat lanak merezidu ebala, zenbait lekutan gertatzen ari dan transmisino-higaturaren tamalak, alde batetik, eta leku guztietan edo gehienetan euskera batuaren eraginak, bestetik, oso gatx egingo leukelako hurreko etorkizunean arestiko urteetan batutako moduko informazinoa eskuratzea'.

Ondoren, Jose Luis Lizundiak egin dau berba. Gogora ekarri dau bera be Yrizarren laguntzaileen sareko kide izan zala: 'Euskaltzain oso, ohorezko edo urgazle askoren bidez, J. San Martin, L. Villasante, E. Erkiaga, J. M. Satrustegi eta bestez baliaturik, izugarrizko harreman sare oparoa sortu eban Pedro Yrizarrek, euskal herrialde guztietako informatzaileakaz horniduta. Egunen baten, familiaren baimen eta laguntzaz, 'Pedro Yrizar Sarea' deituko neuskion harreman gutuneria batzea, sailkatzea eta digitalizetea litzateke egitasmo oso interesgarria. Zeren eta gutunerian ez litzatekez gaur aurkeztutako Euskal Aditz Laguntzailearen bilduma osoari buruzko, tokian tokiko galdera-erantzunak bakarrik agertuko, baita dialektologiari buruzko eretxi trukaketa aberasgarriak be'.

Amaitzeko, Iñigo Yrizarrek esker oneko berbak izan ditu: 'liburu honek biribiltzen dau nire aitak egindako lana', bai Euskaltzaindiarentzat, bai eta bere aitari laguntza emon eutsen guztientzat be, bereziki Koldo Artolarentzat 'nire aitak esaten eban hau bere oinak, bere eskuak eta bere burua, dana batera zala'-. Bereziki, Henrike Knörr zana izan dau gogoan Iñigo Yrizarrek. Betidanik aitari emondako lagunzinoagaitik, batetik, eta modu berezian, 'Memorias de un vascólogo' liburua kaleratzako egin eban lanagaitik: 'Bera izan baitzan benetan liburu horren argitalpena posible egin ebana'.


'Morfología del verbo auxiliar vasco' bildumaren lanak:

• 1991 Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano (Estudio dialectológico). Bi liburu
• 1992 Morfología del verbo auxiliar vizcaíno (Estudio dialectológico). Bi liburu
• 1992 Morfología del verbo auxiliar alto-navarro septentrional (Estudio dialectológico). Bi liburu
• 1992 Morfología del verbo auxiliar alto-navarro meriodional (Estudio dialectológico).
• 1992 Morfología del verbo auxiliar roncalés (Estudio dialectológico).
• 1997 Morfología del verbo auxiliar labortano (Estudio dialectológico).
• 1999 Morfología del verbo auxiliar bajo-navarro occidental (Estudio dialectológico).
• 1999-2002 Morfología del verbo auxiliar bajo-navarro oriental (Estudio dialectológico). Hiru liburu
• 2002 Morfología del verbo auxiliar suletino (Estudio dialectológico).
• 2008 Morfología del verbo auxiliar vasco: Compendio / Índice / Index.

Euskaltzaindiak honako eskaintza egin gura deutse interesatuei: titulu bat erosita % 25eko beherapena egingo da. Obra osoagaitik, barriz, % 50.


Pedro de Yrizar

Pedro de Yrizar 1910eko abuztuaren 11n jaio zan, Azkoitian, eta Madrilen hil, 2004ko urtarrilaren 10ean, 93 urte zituala.

Yrizarek bi injinerutza ikasketak burutu zituan, Industrian eta Geografian, eta bietan doktore maila eukan. Bestetik, Madrileko Unibersdade Zentralean Zientzi Ekonomiketan be lizentziatu zan.

Espainiako Ogasun Ministeritzan, Injinerutza Industrial eremuan lan egin eban hainbat urtez, bai eta Estaduko Zerga eta Finantzia esparruetako inspektoretzan be, Espainiako Bankuko Bileteen/Tinbreen zentroan. Bestalde, Madrileko Unibersidadeko Injineru Industrialen Goi Maila Eskolan, Ekonomia irakasle izana zan.

Artikuluak argitaratu zituan ondoko aldizkarietan: Ciencia Aplicada eta Racionalización. Biak dira Juan de la Cierva Patronatukoak eta bietan erredaktore lana egin eban. Euskaltzaindiko agerkari ofiziala dan Euskera-n, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko aldizkarian, Julio de Urkixo Euskal Filologia Mintegiaren Urtekarian (ASJU-Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo), Deba-n, ELE-n eta Hispanica Posnaniensia-n be bere ikerketak argitaratu zituan Yrizarrek.

Euskaltzaindiak 1947ko martiaren 28an izentau eban euskaltzain urgazle eta euskaltzain ohorezko, barriz, 1987ko garagarrilaren 24an onartu eban.

Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea zan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu