Imanol Agirre: 'Kale-antzerkia sormenaren brankan dago'

Koldo Isusi Zuazo 2008-07-07 12:39   Barriketan

Lekeitioko XIX. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoa

Lekeitioko XIX. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiak kolorez, bizitasunez eta artez jantziko ditu herriko kaleak garagarrilaren 11, 12 eta 13an. Udeagaz batera, kale-arteen hitzordurik garrantzitsuenetakoa da Lekeitiokoa. Aurten Errusia, Quebec, Alemania, Portugal, Frantzia, Catalunya eta Castillako kale-antzerkirik onena ikusteko aukerea izango da. Euskal Antzerkiari jagokonez, Markeliñe taldearen azken estreinaldia izango da eta Lekeitioko Jaialdiak berak ‘Zuberoan Sortua’ izeneko eremua aurkeztuko dau.

Zehetasun guztiak Imanol Agirrek emon deuskuz, Lekeitioko XIX. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoak.


1.- XIX. Edizinoak barrikuntza ugari dakarz, besteak beste, Lekeitiokale web orria. Diseinu barriagaz eta alde bisualari aparteko garrantzia emonaz, euskal kale-antzerkiaren katalogoa be txertatu dozue. Zer topauko dau bisitariak web barrian?

Gure web barriak Euskal Kale-Antzerkiaren erreferentzia izan nahi dau. Lekeitio dogu euskal kale-antzerkiaren abiapuntua. Berton izan ziran lehenengo hankapaluak gurean. Berton jarri zan martxan Euskal Herriko lehenengo kale-antzerki jaialdia. Hori dala eta, gure web orri barriak hori guztia islatu nahi dau. Webean izango da kale-antzerkiaren historia hobeto ulertzeko aukerea, gure kale-antzerki taldeakaz hartu-emonetan jarteko aukerea, arte berezi eta liluragarri honen edertasunaz gozetako aukerea… Euskal Kale-Antzerkigintzearen ataria eta topaketea izan nahi dau, hain zuzen be.


2.- http://lekeitiokale.blogspot.com bloga be abiarazo dozue. Zer lortu gura dozue blogagaz?

Blogak berez webak ez dauen azkartasuna emoten deusku. Hau da, weba ate txukun eta nagusia da, bloga, barriz, sarritan zabaltzen dan leihatila da. Blogean jentearen parte hartze gehiago gurako geunke baina oraindino kale antzerkizaleok ez dabe askotan esku hartu izan.


3.- Lekeitioko Jaialdia Zuberoari begira jarri da baten baino gehiagotan baina zer da ‘Zuberoan sortua’ eremu sortu barria?

‘Zuberoan sortua’ eremua geroari begira eregi dogu. Zuberoan sortzen diran kultur esperientziarik nabarmenenak eta aitzindarienak Lekeitioko plazara ekarri gura doguz. Tamalez Zuberoako sortzaileek ez dabe aukera handirik izaten mendebal honetan, eta horrexegaitik Lekeitioko Jaialdia beti egon da Zuberoari begira. Hortxe irauten dau gure iraganak eta baita sormen garaikide emonkorrak be.

Kontuak kontu, ‘Zuberoan sortua’ eremuak ekialdeko lur horreetan sortzen diran ekimen nabarmen eta garaikideak batu gura ditu. Horregaitik, XIX. edizino honetan Amaren Alabak eta Mixel Etxekopar-Pierre Vissler sortzaileen lanak ikusgai izango dira.

Amaren Alabak sei gazte dira. Eszena gainean daben jarrera teatrala nabarmena da. Sustraietatik abiatzen dira eta eskaintzen daben ikuskizuna gaur-gaurkoa da. Ahotsaren indarra moldatzen ondorio zirraragarriak eskuratzen ditue.

Bestetik, Mixel Etxekopar-Pierre Vissler bikotearen antzezlana sormen bide anitzetik abiatzen da. Mixel Etxekopar musikearen unibersoan ikerlari amorratua da eta txirulea eskuan dauela sekulako emoitza abangoardistak lortu ditu. Pierre Vissler, barriz, clowna da eta umorea dauka lan egiteko tresna. Txirulariak eta Clownak ezustez beteriko ikuskizuna eskainiko dabe musikan, poesian eta inprobisazinoan oinarrituta.


4.- Aurtengo edizinoko Kartelean aurreko ohitura bati eutsiz, euskal literaturako keinu bat dago. Bernardo Atxagaren ondoko berbak agiri dira: ‘Zoriontsuak al zarete beste aldeko biztanleak?’ Zer adierazo nahi dozue keinu horregaz?

Ohitura bihurtu dan keinu literario horregaz probokazinoa bilatzen dogu. Lauaxeta, Sarrionandia, Axular, Aresti, Atxaga… idazleen aitamenak hartu izan doguz eta Jaialdiaren deialdiagaz batera kaleratu. Kale-arteak probokazinoan oinarritzen dira gehien bat, arte guztiak legez galderak plazaratzen ditue. Gure lehengo galderea kartelean azaltzen da aitamen literario horreen bidez.


5.- Kale-antzerkirako pasinoa ezaguna da Euskal Herrian baina badago esaterik non eta noiz sortu zan euskal kale-antzerkia?

Euskal kale-antzerkirik zaharrena Zuberoan aurkitzen da: Maskaradak eta Pastoralak. Gure kale-antzerki garaikidea, barriz, 70eko hamarkadearen amaieran sortu zan. Azken hogeita hamar urte honeetan oso talde onak sortu dira gurean eta gainera arlo ugari jorratu ditue. Kalean bat egin eta batzea euskaldunon ezaugarrietako bat da eta oraindino bizirik dirau. Kalera urten eta edozein kantoitan ezuste bat topeteak ez dauka parekorik. Kale-antzerkia, hurreko kulturea, alaia, parte-hartzailea… hori dana gustuko dogu.


6.- Zelakoak izan ziran Lekeitioko Jaialdiaren lehenengo pausuak?

Orain dala hogei urte kultur basamortua zan. Ez egoan jaialdirik, ezta kale-antzerki programazino iraunkorrik be. Gehien bat kale antzerkia herriko jaiakaz lotzen zan. Guk Lekeitioko eremua zabaldu genduan kale antzerkiak merezidu eban duintasuna berreskuratzeko. Holan sortu zan Lekeitioko Jaialdia. Eta bi hamarkada honeetan dana aldatu da. Gaur, kale-antzerkiak futbol mundialak, olinpiadak, Expoak zabaltzen ditu. Gaur kale antzerkia sormenaren brankan dago. Lekeitiok gaurko egoera bikain honen alde lan txiki bat egin dauela uste dogu. Bideak urratu eta edegi doguz.


7.- Egitaraua honezkero zarratuta dozue, ezta? Kanpotik ekarritako ikuskizunen artean zer azpimarratuko zeunke? Zergaitik?

Bai, egitaraua zarratuta dago. Eta zeozer nabarmentzekotan, Portugaleko Teatro do Mar edota Alemaniako Bagditos taldeak nabarmenduko neukez. Baina guri gehiago gustetan jaku esatea jaialdia hiru eguneko emonaldi erraldoi bat dala. Eten barik hiru egunetan antzerkia izango da Lekeitioko plaza, kale, hondartza eta zeruetan.


8.- Markeliñe taldearen azken lanaren estreinaldia izango da Lekeition. Zelako lana izango da?

Markeliñek sormen lerro berezi bat zabaldu dau azken urteetan. Oso preziatua Europan zehar. Kaleko emozinoak, irudiak, ezusteak… ondo menperatzen ditue. Gainera edukia ondo buztartzen dabe berbarik bako ikuskarietan. Ironia eta giza kritikea ez dira faltako. Markeliñe euskal talderik onenetakoa da. Taldeak bere historian estreinau dituan antzezlan guztiak Lekeition plazaratu dira. Guretzat ohore handia da.


9.- Kale-antzerkiaren arerio edo etsaietako bat, duda barik, eguraldi txarra da. Euria egingo baleu jaialdiko egunetan, zeozer pentsauta dozue?

Euria bada, kale. Bertan behera geratzen da. Ez dago beste erremediorik. Oso gitxitan gertatu jaku gure historia luzean. Baina euriaren kontra kale-antzerkiak ez dauka babesik. Ezin da egin, kitto.


10.- Kale-antzerkia ezagutzen ez dauen bati zer esango zeunskio?

Uniberso erakargarri honetara hurreratzeko ez da ahalegin berezirik behar. Erdu, Lekeitioko kaleetan galdu eta gozau. Emozino hunkigarri eta ahaztezinak zain dozuz kaleko bazterretan. Ez zara damutuko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu