834 urte beharko dira euskerea unibersala izateko

Bizkaie! 2008-07-04 10:56   Euskerea berbagai

Datuen arabera, 15 urtez % 1,6ko hazkundea baino ez dogu izan. ‘Hamabost urteotan lortu ahal izan dan proiekzinoa etorkizunera egiten badogu jaubetuko gara erritmoa onartezina dala euskerearen normalizazinoa nahi badogu, 835 urte beharko geunkezalako ezagutza unibersalera heltzeko’.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kaleratu barri dan IV. Inkesta Soziolinguistikoaren Nafarroako emoitzak aztertu ditu. Datuen arabera, 15 urtez % 1,6ko hazkundea baino ez dogu izan. ‘Hamabost urteotan lortu ahal izan dan proiekzinoa etorkizunera egiten badogu jaubetuko gara erritmoa onartezina dala euskerearen normalizazinoa nahi badogu, 835 urte beharko geunkezalako ezagutza unibersalera heltzeko’, azaldu dau Kontseiluko idazkari nagusia dan Xabier Mendigurenek.


Zatiketa linguistikoaren eragina

Inkestak argi itxi ditu zonaldeen arteko desorekak. Sekulako desbardintasunak dagoz legeak ezartzen dituan zonaldeen artean. ‘Bertan ikus daiteke Vascuencearen legearen zonifikazinoaren eragin kaltegarria elebidunen banaketan, izan be, denporea aurrera joan ahala gero eta handiagoak dira zonaldeen arteko desbardintasunak’, azpimarratu dabe.

· Zonalde euskaldunean: % 60,1 elebidunak dira
· Zonalde mistoan: % 8,3 elebidunak dira.
· Zonalde ez euskaldunean: % 1,9 elebidunak dira.

Zonifikazinoak sortu dauen desorekeari aurre egiteko bidea legea aldatzea dala azaldu dabe, hau da, euskeaei gaztelaniak dauen estatus berbera emon behar jako herrialde osoan. ‘Vascuencearen legeak indarrean egon dan hobei urte honeetan Nafarroa erabat zatitu dau linguistikoki’, aditzera emon dabe.

Bestetik, hizkuntzearen transmisinoaren datuen arabera, oso kontuan hartzeko datua da bi gurasoak euskaldunak izanik lortzen dan transmisino maila handia. Horrek agirian ixten dau belaunaldi barriei, beren osoan, kalidadezko euskerea eskaintzearen beharra, etorkizuneko gurasoak izango baitira. Era berean, datuotan islatzen da urte honeetan guztietan, herri mobimentuak egin dauen lan handia. Ezagutzeari jagokonez, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen lanez eta Hezkuntza Sistemearen bitartez azken 15 urteotan lortutakoa oso agirikoa da.

Euskerea irabazi dabenen artean % 72, hau da, hiru laurenak eremu mistoan bizi dira. ‘Adierazgarria da, izan be, bertan aukerea dago ikasteko, ez ostera, eremu ez euskaldunean. Beraz, hori be legearen ondorioa da’.

Erabilereari jagokonez, Kontseiluko ordezkariak ez dira harritu erabilerearen ez ugaltzeagaz, izan be, ezagutza handitu ezean ezin baita erabilerea handitu. ‘Aukerak dituanean euskaldunak oso kopuru altuetan erabilten dau euskerea, aukera faltan dago arazoa’.

Euskerearen normalizazinoan atzera ez egiteko euskalduntzea lortzen daben ereduak Hezkuntza Sistema osora zabaldu behar dirala aldarrikatu dabe. ‘Epe onargarri batean belaunaldi barriak osorik euskalduntzea lortuko dauen sistemarako oinarriak jarri behar dira arreta berezia jarriz irakasle eta bestelako langileen euskalduntzeari’


Egin beharreko bidea

Gaur egungo egoera eta eboluzino historikoa kontuan hartuta hizkuntzearen egoerea tamalgarria dala gogorarazo dabe euskalgintzako kideek. ‘Ez dogu aurrera egiten eta ez dogu aurrera egingo neurriak hartzen ez badira, orain da saltoa emoteko momentua’. Horretarako, hizkuntza-politika eraginkorra eregiteko hainbat neurri zehatz azaldu ditue:

    • Euskerearen estatusa gaztelaniak dauenagaz bardindu behar da.
    • Vascuencearen legea aldatu beharra dago eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak babestuko dituan corpus juridikoa osotu behar da
    • Hizkuntza-politika eraginkorra abiatu behar da.
    • Hezkuntza Sistemak belaunaldi barriak osorik euskaldundu behar ditu. Goi-mailako ikasketen eskaintzea euskaldundu behar da.
    • Administrazinoa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira. Euskaldunak kontratetea, euskerazko zirkuituak sortzea eta euskalduntzeko epeak zehaztea dira jorratu beharreko bideak.
    • Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko bide eraginkorrak jarri behar dira.
    • Bardin gizarteko beste alor batzuetan be, aisia, kirola, hedabideak, kultura eta abarretan.
    • Diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira.
    • Helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa autortu behar jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu