Ardaoaren Osogai Aktiboen Nazinoarteko 1. (WAC) Topaketea Beunen (Frantzian)

Imanol Sarasola Enologoa 2008-07-03 14:45   Jan edanak

Sano arrakastatsua izan da topaketa hau antolatzaileen esanetan. Arrakastearen adierazgarri, bertaratu ziran 21 herrialde desbardinetako espezialistez gan, informazinoaren kalidadea eta dibersidadea.

Ardaoaren inguruko berrehun ikerlaritik gora alkartu dira Beunen, Frantzian, Ardaoaren Osogai Aktiboen inguruko Nazinoarteko lehenengo Topaketan (WAC, Wine Active Compounds).

David Chassage, topaketa honen koordinatzailearen arabera, azken urteotan, lan zientifiko ugari egiten ari dira molekulen eta usainak adierazoten dituan molekula familien gaineko ezagutza areagotzeko, ardaoaren akatsak ikertzeko eta baita osasunerako interesgarriak izan daitekezan azterketen gainean be; ahaztu barik, ardaoaren elaborazinorako pausu bakotxaren garrantzia. WACen, helburua bikotxa zan. Batetik, ardaogintza alorreko komunidade zientifikoa batzea, besteak beste, martxan dagozan ikerketen barri ezagutarazoteko. Bigarrena, topaketa honen barri zabaltzea ahalik eta publiko gehienen artean, eta honetarako, ‘Cultura y tradiciones del vino’ Unesco Catedragaz bat egin eben, topaketearen azken ekitaldia propio horretarako izan zalarik.

Sano arrakastatsua izan da topaketa hau antolatzaileen esanetan. Arrakastearen adierazgarri, bertaratu ziran 21 herrialde desbardinetako espezialistez gan, informazinoaren kalidadea eta dibersidadea (33 hitzaldi, 61 poster) eta baita hizlarien kalidadea be nabarmendu ditue, danak izen handikoak nazinoarte mailan eta bakotxa bere espezialidateko gaia azaltzen.

Topaketearen hiru egunetan, ardaoaren molekula aktiboen portaera desbardinen inguruko hiru ardatz aztertu dira:

- Osogai honeen jardun biologikoa, honezkero ezaguna dan eragin antioxidantetik hasi eta hain ezaguna ez dan zahartze prozesu eta minbiziaren kontrako eragin babesleraino.

- Ardaoaren ezaugarri organoleptikoen eragina. Hiru arlotan aztertu da: Kontsumitzaileen gustoak, osogai aktiboen identifikazinorako teknika barriak eta molekula eta sentsazinoen arteko loturea.

- Ardaoaren ontze garaian, molekula aktiboen azterketea, ardaoa botilaratua dan arte, arreta handia jarriz polisakaridoetan, egurraren osogaietan eta kortxoak ardaoan izan leiken eraginean. Ardaoa edari konplexua da, 4000 osogaitik gora ditu, honeetariko batzuek sinergiaz eragiten dabelarik eta beste batzuek antagonismoz. Gainera, gehitu behar dogu, osogai horreetariko batzuek, kopuruaren arabera, eragin desbardina izaten dabela ardaoan. Osogaien familia batzuk, berbarako polifenolak ze euren eragina oso izkutukoa dalako.

WACen hiru saio zientifikoetan, lan ugari egon ei dira benetan deigarriak. Bat aitatzeagaitik, osasuna eta ardaoa sailean, Frantziar paradoxa deiturikoa, 1992an azterturikoa, oraintsu egindako azterketetan be indarrean jarraitzen dauena. Bestalde, ardaoaren usainak jasoteko molekula aktiboen izaera sentsorialen inguruko saioan, bi ikuspegi interesgarri egon ziran, ia erabat kontraesanean: bata, fisika-kimikari batena, bereziki produktuaren ikuspegian oinarrituta, eta bestea, filosofo batena, kontsumitzaile arruntaren ikuspegitik.

Azken buruan, etorkizunera begira ardaoaren inguruko mundu zientifikorako helburu barriak be aitatu ziran, besteak beste, kontsumitzaileak etiketan topetan dauena edo produktoreak iragarritakoa eta edaten ari danaren kalidadean gorabehararik ez izatea. Honez gain, datozen urteotan, ardaoaren zahartze, ontze prozesurako aurrerakuntzen azterketea izango da helburuetariko bat.

Aurtengo topaketearen arrakastea ikusita, antolatzaileek honezkero iragarri dabe 2011n bigarren topaketea izango dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu