Euskaltzaindia Frantses Akademiaren jarrerearen kontra agertu da

Bizkaie! 2008-07-02 10:07   Euskerea berbagai

Frantziako Konstituzinoa aldatzeko eztabaidea izan da oraintsu Frantziako Parlamentuan. Horren harian, proposamen bat egin da, Frantziako eskualde hizkuntzei zeozelako ezagutzea emoteko, hizkuntza horreek Frantziako ondarearen parte dirala eta, horretan oinarrituta, Konstituzinoan agertu behar dirala azpimarratzeko.

Frantziako Konstituzinoa aldatzeko eztabaidea izan da oraintsu Frantziako Parlamentuan. Horren harian, proposamen bat egin da, Frantziako eskualde hizkuntzei zeozelako ezagutzea emoteko, hizkuntza horreek Frantziako ondarearen parte dirala eta, horretan oinarrituta, Konstituzinoan agertu behar dirala azpimarratzeko.

Diputadu Ganbareak aldaketa proposamena onartu ostean, Senaduak atzera bota dau. Horren aurrean, Frantses Akademia holako aldaketa baten kontra altzau da eta akademiakideek aho batez onartutako adierazpen batean aldaketa proposamen hori kentzeko eskaerea jaso da, hau da, Frantziako Konstituzinoan hizkuntza horreei aitamenik ez egiteko edota ezagutza formalik ez emoteko eskatuz.

Testuinguru horretan, eta Konstituzioaren aldaketea oraindino eztabaidatzen dagoala kontuan izanda, Euskaltzaindiak adierazpen batzuk egin ditu.

Honakoa dino: 'euskerea euskaldunon hizkuntzea da, hizkuntza bakarra izan ez arren, aspaldi dakie euskaldunek eleaniztasunaren beharraren eta haren onuren barri eta bai bada berezko hizkuntzea. Berbakera horren bidez izentetan doguz geure burua eta geure herria.

Euskerea, historian, estadu eta administrazino gune desbardinetan erabili izan da, eta ondorioz beti legezko egoera desbardinetan bizi izan da. Zuzenbide egoera desbardintasun horren ganetik, Euskaltzaindiak aspaldi jakinarazo dau euskereari zor jakola, mendez mende aspaldiko denporetan euskeraz berba egin izan dan herrialde guztietan, legearen ezagutza eta gerizpea. Hain zuzen be, 1994an, bere 75. urteurrenean, Miarritzen egin eban adierazpenean aldarrikatu eban Frantziako estaduan be euskereak jagokozan hiru herrialde historikoetan ko-ofizialtasuna izan behar ebala.

Egun, barriro be, printzipio horreetan oinarrituta, Akademiak gogo biziz eskatzen dau Frantziako estaduan be euskereak estaduaren legezko antolamentuan zor jakon ezagutza betea izatea, nazinoarteko hitzarmen guztietan, batez be Europakoetan, orain arte eskatu izan dan moduan'.

Horren harian, Euskaltzaindiak baztertu egiten dau Frantses Akademia frantsesaren kasuan legearen babesa aldarrikatzen dauen bitartean, hizkuntza ahulagoen babesaren alde ez agertzea.

Horregaitik, Euskaltzaindiak jakinarazoten dau prest dagoala, orain arte izan dan moduan, herri agintari eta erakunde publiko guztiakaz lan egiteko euskereak Frantziako herrialde euskaldunetan ezagutza ofiziala izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu