Liburuak Bilboko ugerleku, parke eta plazetara heldu dira udal liburutegi sarearen eskutik

Bizkaie! 2008-07-01 16:17

Irakurzaletasuna sustatzea, batez be, etxeko txikienen artean, eta udal sarea osotzen daben liburutegien erabilerea bultzatzea dira aurreko edizinoetan 13.000 irakurle erakartea lortu dauen udako programa honen helburua.

‘Udako liburutegiak’ programea abuztuaren 31ra arte luzatuko da, eta denpora-tarte horretan, ohiko mailegu-zerbitzua eskainiko da liburutegietatik kanpo. Zabala, Areatza, Zorrotzako parkea eta Txurdinaga eta El Fangoko kiroldegiak dira ekimen honetarako aukeratutako aurtengo eszenatokiak.


Bilboko Udal Sarea osotzen daben liburutegiek ‘Udako liburutegia’ programea abiarazo dabe zazpigarren urtez. Ekimen honen helburua da, liburutegietan gordeta egon ohi diran liburuak bilbotarrakana helarazotea hilebete honeetan, uriko parke, plaza eta ugerleku desbardinetan.


Urteko ganerako hilebeteetan legez, garagarrilean eta abuztuan be, hamalau udal liburutegietako batera hurreratzen diranek liburuak, aldizkariak, egunkariak, gidak, CDak, DVDak, prentsa digitalizatua eta datu-baseak konsultau eta mailegatzeko ohiko zerbitzuak erabili, erabilera personaleko ordenagailuez baliatu eta hitzaldiak eta erakusketak lako kultur jardueretan parte hartzeko aukerea izango dabe. Baina horreez guztiez gan, liburutegiak izango dira erabiltzaileakana hurreratuko diranak Zabalan, Areatzan, Zorrotzako parkean eta Txurdinaga eta El Fangoko kiroldegietan.

Bagilaren 30etik garagarrilaren 29ra bitartean, Zabala kaleko 18an liburuz betetako txosna bat jarriko da (11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara) udako aisialdia irakurten emon gura daben guztien zerbitzura. Areatzako pasealekuan eta Zorrotzako parkean, jarduera hau bagilaren 30ean hasi baina garagarrilaren 11n amaituko da. Kasu honetan, ordutegia 11:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartekoa izango da.


Azkenik, Txurdinaga eta El Fangoko kiroldegietako ugerlekuetan, programea abuztuaren 31ra arte luzatuko da, eta ordutegia 12:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, etenik barik.


Liburuak etxera eroan gura izan ezkero, nahikoa izango da udal sareko edozein liburutegitan lor daitekeen irakurle-karneta aurkeztea.


Irakurzaletasuna sustatzea, batez be, etxeko txikienen artean, eta udal sarea osotzen daben liburutegien erabilerea bultzatzea dira aurreko edizinoetan 13.000 irakurle erakartea lortu dauen udako programa honen helburua.


Bilboko Udal Liburutegi Sarea hamalau liburutegik osotzen dabe, eta guztien artean, euskarri desbardinetan (liburuak, aldizkariak, bideoak, CD-ROM, DVD) argitaratutako 300.000 ale baino gehiago jarten ditue herritarren esku, gai guztietakoak eta etenbarik eguneratuta. Horrezaz gan, era askotako kultur jarduerak antolatzen ditue, besteak beste, hitzaldiak, ikastaroak eta mahainguruak. Sarea Deustu, San Ignazio, Zurbaranbarri, Otxarkoaga, Begoña, Bidebarrieta, Buia, San Adrian, San Frantzisko, Zabala, BilbaoMusika, Irala, Errekalde eta Zorrotzako liburutegiek osotzen dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu