HPSk 12.965.000 euro banatuko ditu euskerearen erabilerea sustatzeko ekimenen artean

Bizkaie! 2008-07-01 14:32   Euskerea berbagai

Euskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak 12.965.000 euro banatuko ditu, igaz baino 440.000 euro gehiago. Diru-laguntzinoak bost multzotan banatu ditue: komunikabideak, euskalgintzea, lan arloa, euskera planak udaletan eta Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak.

Euskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak 12.965.000 euro banatuko ditu, igaz baino 440.000 euro gehiago. Diru-laguntzinoak bost multzotan banatu ditue:


Komunikabideak

Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak 5.575.000 euro banatuko ditu euskal hedabideen artean, igazko diru kopuru bera. Danetara, 105 komunikabide diruz lagunduko ditue. Eguneroko prentsak 2.003.479 euro jasoko ditu. Aldizkarien artean, barriz, bai informazino orokorra lantzen dabenen bai espezializatuen artean, 1.249.036 euro banatuko dira.

Euskera hutsezko gehigarriak argitaratzen dituen erdal komunikabideek 420.506 euro jasoko ditue eta bederatzi telebistak 575.000 euro. Irratiei jagokenez, 315.232 euro jasoko ditue bost irratik. Eta, azkenik, euskarri digitalak erabilten dituen 25 komunikabideren artean 197.071 euro banatuko dira aurten.

Horrezaz gan, 540.000 euro banatuko dira euskerazko komunikabideen sustapenerako beste hainbat ekimenetan, besteak beste Ukan barrikuntza eta publizidade sarietan.


Euskalgintzea

Aisialdian euskera sustatzeko, euskerearen ondarearen ganeko informazinoa batu eta zabaltzeko, euskereari lotutakoak aztertzeko jardunaldietarako, euskerazko irakurzaletasuna sustatzeko edo etorkinak euskerara hurreratzeko egitasmoetarako, 1.300.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzeak euskalgintzako 84 alkarteren artean. Danetara, 188 egitasmo diruz lagunduko ditue. Bestalde, Euskaltzaindia, Unesco Etxea, Eudel edo Labayru lako eragileakaz Jaurlaritzeak dituan hitzarmenen bidez, 2.690.000 euro banatuko dira. Deialditik kanpo dagoz, baita, HABEren bidez helduen euskalduntzea laguntzeko beste 32.720.000 euro. Lapurdin, Nafarroa Beherean zein Zuberoan euskerea sustatzeko 450.000 euro banatuko ditu, Euskerearen Erakunde Publikoagaz dauen hitzarmenaren bidez.


Lan arloa

Lan arloan euskerearen erabilerea sustatzeko Jaurlaritzeak igaz LanHitz ekimena eta Bikain ziurtagiria martxan jarri zituan. Lehenengo euskera plana diseinetako edo honezkero martxan dagozan planak garatzeko, Jaurlaritzeak 2.690.000 euro banatuko ditu 157 enpresaren artean (100 enpresa Gipuzkoan; 49 Bizkaian; eta beste 8 Araban).


Euskera planak udaletan

Udaletan Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusiak (EBPN) garatzeko 1.700.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 110 udal eta leku erakundetan. Bizkaian 52 instituzinok jasoko dabe euskera plana garatzeko laguntzinoa; Gipuzkoan 49k; eta Araban 9k. EBPN 138 udalerritan dago martxan; udalerriotan 1.607.244 biztanle bizi dira.


Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak

Danetara, 1.700.000 euro banatuko dira aurten Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak deritxon arloan. Euskerazko atariak eta webguneak, euskerazko edukiak egitea, komunidade birtualak sustatzea, hizkuntzearen teknologietan euskerea sustatzea, softwarea euskeraz sortzea edo euskeraz lokalizetea, eta aisialdirako edukiak sortzea dira, besteak beste, arlo honetan diruz lagunduko diran ekimenak. Danetara, 123 egitasmo eta 85 alkarte eta enpresa diruz lagunduko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu